INFO

‘Euskarari Puzka’ elkartasun kanpaina abian du Errigorak, urriaren 24tik azaroaren 14ra

Errigorak kanpaina nazionala abiatu du, ‘Euskarari Puzka’. 200 bat banaketa puntu izango dituzte Euskal Herri osoan. Saskien balioaren %25 zuzenean doa Nafarroa erdialdeko eta hegoaldeko euskalgintzako eragileetara.

Bilboko agerraldian Jose Angel Iribarrek eta Oihana Bartrak hartu dute parte, besteak beste, Haizea Lizarbe Errigorako kidearekin batera. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Aurten ere kanpaina nazionala egingo du Errigorak, ‘Euskarari Puzka’ lelopean, Nafarroa erdialde eta hegoaldeko euskalgintzako eragileei laguntzeko. Bilboko aurkezpena egin dute asteazken honetan. Jakitera eman dute Bizkaiko hiriburuko auzo gehienetan egongo direla banaketa puntuak. Euskal Herri osoan, 200 izango dira.

Agerraldian esan dutenez, ohiko saski berdeaz eta saski beltzaz gain, aurten saski gorria ere egongo da eskuragarri. Banaketa guneetan eta errigora.eus webgunean eskatu daitezke, urriaren 24tik azaroaren 14ra.

Besteak beste, Jose Angel Iribar Athleticeko jokalari ohia, Oihana Bartra bertsolaria, Tasio Erkizia politikaria, Nekane Artola ikastolen elkarteko lehendakaria eta hainbat sarekide izan dira agerraldian.

Hiru saski daude eskuragarri aurten, Haizea Lizarbe Errigorako kideak azaldu duenez. Beltzak 55 euroko prezioa dauka eta Nafarroa erdialde eta hegoaldeko produktu tipiko konbentzionalak dakartza; berdeak 65 euro balio ditu eta ekologikoa da dakarren guztia; zonaldeko produktuak dira hauek ere, baina «berritzaileagoak»; eta aurtengo berrikuntza, saski gorria, 75 eurokoa da eta bertan «eguberriekin lotutako produktuak» izango dira.

Saski bakoitzaren balioaren %25a zuzenean bideratzen da Nafarroa erdialdeko eta hegoaldeko euskalgintzara, hau da, AEK, Ikastolak, Sortzen eta Agerraldia eragileetara.

Iribarrek azpimarratu du auzolana «euskaldunen ondarea» dela: «Hari esker gara eta izaten jarraituko dugu». Hori dela eta, «elkartasun ekintzak behar beharrezkoak» direla adierazi du, «herri gisa erantzuteko eta irauteko».

Nafarroako erdialdeko eta hegoaldeko egoera eta Bilbokoa erabat desberdinak direla jakitun, Bartrak azaldu du badaudela «batzen gaituzten elementuak eta horietako bat euskara da, baita euskararen aldeko mugimendua ere».

Banaketa puntuak auzo gehienetan

Bartrak jakitera eman duenez, Bilboko auzo gehienetan daude banaketa guneak eta, beraz, hiriko euskaltzaleek aukera dute horietako edozeinetan eskariak egiteko. «Urriaren 24tik azaroaren 14 bitarte, ‘Euskarari Puzka’ kanpainak Bilbon duen oihartzuna handitzeko konpromisoa hartzen dugu; horretarako, auzoz auzo ibiliko gara egun horietan», azaldu du.

Horrela, hilaren 25ean Santutxun izango dira, hurrengo egunean Deustun, 29an Castañosen eta 31n Bilbin. Azaroaren 1ean Atxurin egongo dira, 2an Alde Zaharrean, 4an San Ignazion, 7an Miribillan eta 8an Errekalden.