Jordi Corominasek berezko lekua hartuko du Urrezko Pioleten Olinpoan
Heldu den abenduan, Jordi Corominas alpinista katalanak Walter Bonatti saria jasoko du; hots, ekimen horrek aitortuko du Corominasen ibilbidea. Zerrenda horretatik azpimarratzekoa da duela hogei urte K2 mendiko ‘Magic Line’-en eginiko lehen errepikapena.
Walter Bonatti, Reinhold Messner, Doug Scott, Kurt Diemberger, Chris Bonington, Catherine Destivelle, Silvo Caro… Izen horiek guztiek toki berezia dute sona handia duten Urrezko Piolet sarietan. Denera, orain arte, hamabost alpinista dira ibilbidearen aitortza jaso dutenak. Walter Bonatti historikoaren izena hartu du sari horrek, eta heldu den abenduan beste bat banatuko du. Jordi Corominas izango da oholtzara igoko dena, eta, hortaz, Urrezko Pioleten Olinpoan sartuko da.
Inolako zaratarik atera gabe, alpinista katalanak ekarpen handiak egin ditu etxeko zein nazioarteko mendietan. Frantzian antolatzen den ekimen horrek estilo alpinoa sustatzen du, eta, jakina, estilo horrek bere baitan jasotzen dituen esplorazioa, konpromisoa eta autosufizientzia ere. Bada, Corominasek bere ibilbide luzean oinarri horiek aurrera eman eta indarrean jarri ditu. Hortaz gain, aipatu behar dugu ekarpen eta goi mailako jarduera guztiek diskrezioz egin dituela; hots, zaratarik atera gabe eta kasu askotan hedabideetatik ihes egiten.
Pirinioak eta Alpeak “aterpe” izan ditu; mendilerro horietan sinatu ditu jarduera alpino oso garrantzitsuak. Baina alpinista askok bezala, mendilerro garaien deia jaso eta urte luzez Andeetan, Himalaian edo Karakorumen gogor estutu du. Dhaulagiri bakarka, Thalay Sagar, Iparraldeko Meru, Siula Chico, Ekialdeko Chacrarajuko iparraldeko zutoina… Asko dira sinatutako eskalada bikainak, baina bada bat horien guztien gainetik bat azpimarratu behar dena: K2 edo Chogoriko (8.611 m) ‘Magic Line’-en lehen errepikapena. Nolabait esateko, igoera horrek plus bat eman zion bere curriculumari; izan ere, alpinismoaren komunitatea ahoa bete hortz utzi zuen.
‘Magic Line’
Duela hogei urte lortu zuen arrakasta itzel hori. Bide horrek hemezortzi urte zeramatzan igoerarik gabe; Wojtek Wroz eta Przemk Piasecki poloniarrek eta Josef Bozik eslovakiarrak zabaldu zuten. Ekinaldi batzuk izan zituen, soilik espedizioren bat edo beste, gehienez, 8.200 metrora heldu ziren. Corominasek espedizio katalan batean parte hartu zuen, eta aitortuko duten alpinista hori izan zen lehen errepikapen hori biribildu zuena.
Behin betiko saialdian, Manel de la Matta, Oscar Cadiach eta Corominasek berak, 8.100 metrora zirela, dendarik gabe bibaka egin zuten. Pixka bat gorago, 8.300 metrora, Corominas bakarrik geratu zen, eta gailurra 20 orduko eskaladaren ondoren zapaldu zuen. Jaitsiera ikusgarria egin zuen; izan ere, arriskutsua den Botila Lepoa izeneko sekzioa (soka finkoak desagertu ziren) deseskalatu zuen. Laugarren kanpalekuan mokadua hartu eta hirugarren kanpalekuan atseden hartzeko erabakia hartu zuen 33 orduko jarduera egin eta gero. Biharamunean, kanpaleku nagusira heldu zen, baina de la Matta kidearen heriotzak Corominasen poza itzali zuen.
Duela hogei urte GARAri eskainitako elkarrizketan, alpinista honek honako balorazioa egin zuen: «Manelen heriotza alde batera utzita, espedizioa oso positiboa izan zen. Bide zail bat egin nahi genuen mendi garai eta eder batean. Hots, eskalada ezberdin bat. 3.500 metro ditu eta arrokan zailtasun inportanteak. Grandes Jorassesetako ‘Walker’ marrarekin antza du. Errazagoa da, baina garaiera oso handian eskalatzen da. V+ eta A1 mailako tarteak gainditu behar dira. Hainbat luze granito oso onean igo genituen; bazirudien Alpeetan eskalatzen ari ginela».
Zoritxarrez, espedizio katalanak eta batez ere Corominasek eginiko lanak eta arrakastak ez zuten ia oihartzunik izan Espainiar Estatuko hedabideetan. Gai honen inguruan, alpinista honek onartu zigun ez zela batere haserretu: «Gure espedizioak jarraipena izan zuen Katalunian; ez, ordea, penintsulako beste leku batzuetan. Berdin dit; egin behar nuena egin nuelako. K2ren lehen igoeraren 50. urteurrena zen, eta, adibidez, ‘Al filo’-koen espedizioak makina bat orri kazetetan eta minutu asko telebistetan izan zituen. Ezberdintasun hori oso tristea da. Mendi bera igo genuen, baina guk bide gogor batetik. Eta, halere, jarraipeena ezberdina izan zen».