Oinherrik ‘G(h)aurki’ tresna garatu du, herrietan haurren parte-hartze kanalak sortzeko
Oraindik aurkezpen ofizialik egin ez badute ere, tresna berri bat garatu du Oinherrik, herrietan haurren parte-hartze kanal iraunkor eta malguak sortzeko erreminta digital eta kolektibo bat. G(h)aurki du izena, eta elkarbanatzea, hausnartzea, erabakitzea eta ekitea dira bere asmoak.
Oinherrik, Euskal Herrian herri hezitzaileak sustatzeko irabazirik gabeko elkarteak, G(h)aurki izeneko tresna garatu du, herrietan haurren parte-hartze kanal iraunkorrak sortzeko proposamen batekin. Iragan larunbatean GAUR8n egindako elkarrizketan kontatu zutenez, ‘Parte-hartzea haurtzaroaren kulturatik birpentsatzen’ markoaren inguruan egindako ikerketaren emaitza da erreminta hau.
Lau herritan esperimentatu dute: Hernani, Oiartzun, Segura eta Itziarren. Elkarrekin eseri dira oso gutxitan elkarrekin lan egin duten eragile batzuk, eta hortik garatu dute. Orain aurkeztu dutena lehen zatia da, denentzat baliagarri izango den tresna honena.
Kanal iraunkorra izatea da asmoa, baina malgua eta moldagarria.
Zehaztu dutenez, sortu duten tresna ikastaro digital bat da; haurtzaroaren kulturatik birpentsaturiko parte-hartzea gure herrietan praktikara nola eraman diseinatzeko gida digital bat.
Laguntza eskatu dute
Lakuaren Elkarlan Sarietara aurkeztu dute G(h)aurki, eta laguntza eskatu dute sare sozialen bidez, botoa emateko.
Kaixo!
— OinHerri, Herri Hezitzaileak sustatzeko elkartea (@OinHerri) October 23, 2024
Zure laguntza behar dugu!
Oraindik aurkezpen ofizialik egin ez badugu ere, _G(H)AURKI_ tresna garatu dugu Oinherritik, herrietan haurren parte hartze kanal sortzeko tresna digital eta kolektibo bat. pic.twitter.com/0an71B7ZrX
Honako pausoak eman behar dira botoa emateko: Esteka honetan sartu; 21. proiektura (G(h)aurki) joan eta ‘bozkatu’ botoia sakatu; telefono zenbakia sartu; eta telefonora bidalitako mezuan azaltzen den kodea idatzi.
Eskerrak eman dituzte aldez aurretik elkarbanatzea, hausnartzea, erabakitzea eta ekitea bultzatu nahi dituen ekimen hau babesteagatik.