‘Zoriona, edo antzeko zerbait’ eta ‘London Calling’ plazara, Zubikarai bekaren emaitza bezala
Mediterraneora etorri da emakume alargundua, doluaren zama itsaso bareago honetan arindu nahian. Bidaia fisikoa eta emozionala uztartzen ditu Karmele Mitxelenaren eleberri hunkigarriak. Musika eta literatura batu ditu, aldiz, Goio Ramosek 1980ko hamarkadan kokatutako Hilotzak taldearen istorioan.
2023ko Augustin Zubikarai beka bitan banatu zuen Ondarroako Udalak, Karmele Mitxelena oiartzuarraren ‘Zoriona, edo antzeko zerbait’ eta Goio Ramos Ugaon bizi den basauritarraren ‘London Calling’ saritzeko. Ostegun honetan, bi eleberriak aurkeztu dituzte idazleek, Xabier Mendiguren Elkarreko editorearekin batera.
Mitxelenak denbora luzean izan du buruan nobela hau, etengabe ibili da istorio berari bueltaka. Gozatu du, baina ipuinak egin izan ditu gehienbat orain arte eta prozesu hau ezberdina izan da. Ipuinak bezala, hasi, jarraitu eta bukatu egin nahi zuen eta barne borroka bat izan du horrekin
«Mariaren istorioa kontatzen dut. Alargundu berri da, bere senarrak bere buruaz beste egiten du eta dolua ere bestelakoa da horren ondorioz. Hori kontatu nahi nuen, bere buruaz beste egiten duen pertsonaren ondoan dagoenaren, kasu honetan bikotekidearen, dolua nolakoa den. Bidaia fisikoa da, oporretara doalako, baina barruan ere egiten du bidaia bat, psikologikoa, emozionala. Bi bidaiak uztartzen ditut».
Bidaia horien helburua bada berriz bizi gogo hori piztea eta horren bila joatea. «Ez dakit lortzen duen ala ez, baina tartean emozio gorabehera asko ditu», adierazi du. Maria nola sentitzen den azaltzen du. «Errutik asko duen dolu bat da. Amorrutik, haserretik».
«Oso gustura» dagoela aitortu du. «Kontatu nahi nuen istorioa kontatu dut nahi nuen modura. Aske sentitu naiz».
Hasieratik nahiko planifikatua zuen kapitulu bakoitzean zer kontatuko zuen. Gero aldaketak egon dira. 11 atal ditu eta bakoitza bere horretan bada ipuin labur antzeko bat, hasiera eta bukaera nahiko berezi batekin. Kapitulu bakoitza hagitz desberdina da.
Protagonistak 58 urte ditu eta kasik zahartzaroan sartua bezala deskribatzen duela erranez zirikatu du Mendigurenek. «Bada etapa baten bukaera eta beste baten hasiera», erantzun dio idazleak. Azalari dagokionez, itsasoa eta pertsona bat aurrez aurre dauden momentu hori erakusten du, pertsona bat itsasoari begira, elkarrizketa horretan, eleberrian errepikatzen den bezala.
Memoria kulturala
Hain justu, duela 58 urte sortu zen Zubikarai sariaren bigarren irabazlea, Goio Ramos. Euskal Filologian lizentziatua, irakaslea da ogibidez, baina musika da bere pasioa. Baxu-jotzailea izan da beti, eta orain gitarra-jotzailea da.
The Clash pixka batekin, Londres aunitzekin eta musika gehiagorekin osatu du helduentzako lehendabiziko liburua. Musika eta literatura uztartu ditu, azaletik hasita. Izenburua ere ‘London Calling’ da, bere hitzetan sekula egin den eta egingo den kanturik onena.
Josu eta Mikel lagunen istorioa eraiki du, 1984tik 1987ra bitartean kokatuta. 18 urte bete berri, unibertsitatean hasita, miresten dituzten talde horien moduko bat sortuko dute, Hilotzak izenekoa. «Hiru geruza daude: markoa bera (gertakizun sozial, politiko eta kulturalak, benetakoak, dokumentatuak), taldearen istorioa, eta hiru protagonista nagusien arteko harremanak, inguruan suertatzen zaizkien gertakizun batzuk zer nolako erabakiak hartzera edo ez hartzera eramaten dituzten».
Egitura musikala du nobelak: Intro, setlist eta outro. Atalek ez dute izenburu edo zenbakirik, kantuak entzuteko QR kode bat baizik. Introa baino lehen hitzaurre bat dago, Hertzainak taldeko Garik idatzia.
«Umeentzako ipuin bi atera ditut, helduentzat narrazioak, eta erronka handia izan da. Markoa egiteko denbora lerro luze bat osatu nuen benetako gertakizunak txertatuz, eta lan eta lan aritu naiz amaitu arte. Esperientzia oso polita izan da».
Azalean ageri den argazkia The Clash taldea miresten zuen talde batena dela kontatu du, memoria kulturala aldarrikatzearekin batera.
Urtza Alkorta Ondarroako alkatea ere izan da ekitaldian eta, iragarri duenez, arratsalde honetan jakinaraziko dute aurtengo Zubikarai bekaren irabazlea. «25. edizioa izango da eta apustu horri eutsiko diogu uste dugulako euskal literaturak behar duela bultzada hori», adierazi du.