INFO

Hemen da gure Astea!


Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Astea iritsi da. Astebete inguru irauten duen ekitaldi berezi hau ostiral honetan bertan hasiko da eta azaroaren 1era bitarte luzatuko da.

1989an sortu zen eta, filmak proiektatzeaz gain, beldurrezko edo fantasiazko gaiekin zerikusia duten ekitaldiak ere eskaintzen dira. Aurten, adibidez, atal berria aurkeztu dute: Animedon. Japoniako animea izango du oinarri, eta Akira Toriyama omenduko dute. Azken urteetan Japoniako zinemak eta kulturak protagonismo nagusia jaso dute Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astean, eta, horri emandako babesa ikusiz, aurten aurrerapauso bat eman dute.

Posterrak, urtero, kutsu edo esanahia berezia izaten du. «Kafkaren heriotzaren mendeurrena, eta gonbidatu oso berezia, Alex de la Iglesia: nola uztartu bi premisa hauek?», galdegin du Santiago Perez aurtengo kartelaren egileak. Aitortu du Franz Kafka idazlearen ‘Metamorfosia’ (1915) eleberrian oinarritu dela kartela sortzeko.

Urtez urteko izenburuak eta osagaiak aldatuz joaten diren arren, bada beti mantentzen den zerbait: Antzoki Zaharrean sortzen den giro deskribaezina.

Txikitatik izan naiz beldurrezko generoaren oso zalea, eta horregatik maite dut bereziki jaialdi hau, baina aretoko hormen artean egunotan bizitzen dena zazpigarren artetik harago doan zerbait da; oso dibertigarria eta zenbait unetan baita surrealista ere. Bertako giroa, parranda etengabea, pantailan gertatzen den (ia) guztia garrasika komentatzearen beharra... soilik bertan egon denak uler dezake zertaz ari naizen.

Amaitzeko, aitorpen bat: atmosfera horrekin, oro har, gozatzen dut, bereziki filma umoretsua bada edo tonu ganberroa badu, baina pelikula ‘serioagoa’ bada, ezinezkoa zait kontakizunean murgiltzea eta urduritu egiten naiz.

Tira, hemen da gure Astea! Denok gozatzera!