INFO

Julen Apellaren ‘Abizen berri bat’ proiektuak eskuratu du 2024ko Zubikarai saria

Julen Apella idazle berriztarraren ‘Abizen berri bat’ eleberri proiektuak eskuratu du 2024ko Zubikarai saria. Eleberria «gazte batzuen harremanetan eta noraezean zentratua» egongo da eta ondobidean 2025ean ikusiko du argia, Elkar argitaletxearen eskutik.

Julen Apella idazle berriztara. (ELKAR ARGITALETXEA)

Julen Apella idazle berriztarrak irabazi du Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatzen duten Augustin Zubikarai saria.

Leire Bilbaok, Xabier Mendigurenek eta Ana Urkizak osaturiko epaimahaiak Apellanen ‘Abizen berri bat’ eleberri proiektua hautatu du aurkezturiko ia hogei lanen artean eta, horrenbestez, berriztarrak eramango du zortzi mila euroko saria, baita bere nobela Elkar argitaletxearen eskutik argitaratu ere, hemendik urtebetera, orain proiektu dena amaitutakoan.

Saria ostegun arratsaldean eman zitzaion, Ondarroako Kofradia Zaharrean, Literatur Amuak jardunaldien barruan, eta ekitaldi berean aurkeztu ziren iazko proposamen irabazleen emaitzak: Karmele Mitxelenaren ‘Zoriona, edo antzeko zerbait’ eta Goio Ramosen ‘London Calling’, iaz saria ex-aequo eraman zutenak.

Ohar bidez azaldu dutenez, ‘Abizen berri bat’ gaur eta hemen kokaturiko eleberri bat izango da, gazte batzuen harremanetan eta noraezean zentratua. Jokin eta Felix lagunak dira, biak ari dira karrera amaitzen, baina oso desberdinak dira izaeraz, eta oso bestelakoak dituzte familia eta klase soziala ere, etorkizunari begiratu eta harreman berriei heltzerakoan horrek dakarren guztiarekin. Lanaren anbizio linguistiko zein intelektuala azpimarratu du epaimahaiak irabazlearen dohainak zehaztean.

Julen Apella Santamaria (Berriz, 1998) Euskal Ikasketetan graduatua da, eta Literatura Konparatua eta Literatur Ikasketak masterrak egina. Orain arte poesia-liburu bat kaleratu du: ‘Postal bat desertuan’, DK sariaren irabazlea.

Augustin Zubikarai saria, bederatzi urtez nobela laburrentzako lehiaketa izan zena, 2010ean formatuz aldatu eta nobelak sortzeko beka bihurtu zen. Azken edizioen irabazleen artean daude Patxi Zubizarreta (‘Loak ezkutatzen duena’, 2022), Mikel Alvarez Sarriegi (‘Euskalia’, 2021) eta Lander Garro (‘Faith’, 2020).