Deabruak, «sitcom» basatiak eta Alice Loweren itzulera
‘Timestalker’, ‘Krazy House’ eta ‘Traumatika’ filmen aitzakiaz, AEBetara, Erresuma Batura eta Herbehereetara bidaiatuko dugu; lehenengoa Alice Lowe zinegilearen lan berria da, bigarrenak, Alicia Silverstone eta Nick Frost aktoreak ditu protagonista eta azkenak deabruak eta haur-abusuak ditu hizpide.
‘Timestalker: Alice Lowe bueltan
Alice Lowe komediante, aktore eta zinemagile britainiarra bueltan da. Ezaguna da erabiltzen duen umore beltz eta absurdoagatik. Berak idatzi, zuzendu eta protagonistaren rola jokatu zuen ‘Prevenge’ (2016) filmagatik egin zen ezagun mundu mailan. Umore iluna eta gai psikologiko sakonak uztartzeko duen abileziagatik miresten dute, eta eragin handiko figura da zinema britainiar garaikidean, komediaren eta beldurraren generoan bereziki.
‘Timestalker’ lan berrian, Agnes izeneko emakume bati buruzko fabula mamitsua osatu du; okerreko gizonaz maitemintzen den bakoitzean, nahi gabe, garai eta mende desberdinetako pertsonaietan berraragiztatuko den emakumea da. Komedia beltz honek mendeen eta estiloen arteko jauziak egingo ditu, 1680ko hamarkadako Eskoziatik hasi, 80ko hamarkadako pop mugimendutik pasaz eta etorkizun distopiko batean amaitu arte.
Amodio erromantikoaren idealizazioa parodiatzeko helburuz, filmaren ezaugarririk nabarmenena, erabiltzen duen umore beltza, lotsagabea eta satira dira. Tonu aldaketak erabiltzeaz gain, Lowek, estetika desberdinekin jolasten du; beldurrezko zinemaren erreferentziak, slapstick komedia edota Giallo italiar generoaren tonu bisual biziak adibidez. Zinematografia eta ekoizpen diseinua garai bakoitzera ezin hobeto egokitzen dira.
Filmaren erritmoa irregular samarra den arren, erromantizismoaren eta ustezko maitasun perfektuen inguruko hausnarketa dibertigarria da.
‘Krazy House’: sitcom-ak eta basakeria
Bernie, familiarekin bizi den gizon erlijiosoa da. Etxean dituen kalte batzuk konpontzeko, Errusiako langile batzuk kontratatuko ditu. Langile horiek ihesean dabiltzan kriminalak dira eta etxea eraitsi nahi dute ezkutuko altxor zahar baten bila. Ikus-entzunezko kaotiko eta bizi honetan Steffen Haars eta Flip Van der Kuil bikote herbeheretarrek, egoera komedia eta umore beltza nahastu dituzte.
Deigarriena, 80-90eko hamarkadako sitcom baten moduko proposamen narratibo eta bisuala planteatzen dutela da; ikus entzunezko mota horietan ohikoak diren familia perfektuaren estereotipoak parodiatu nahi izan dituzte.
Premisa interesgarri hori ordea, berehala, gehiegikeria zurrunbilo batean erortzen da -zentzu txarrenean-, eta erabiltzen duen tonu urratzaileagatik lotsagabea eta fresko den arren, oso errepikakorra eta nahiko hutsala izaten amaitzen du. Helburu argirik gabeko umore probokatzailea da topatuko duzuena, besterik ez. Istorio bera film labur batean azaldu izan balute, akaso, askoz ere jasangarriagoa eta eraginkorragoa izango zatekeen.
‘Traumatika’: deabruak eta haur-abusuak
Eguna amaitzeko aldiz, ‘Traumatika’ film estatubatuarrak, Mikey izeneko gazte baten istorioa azalduko du; haren ama deabrutzen ari da. Deabruak, haur-abusuak eta intzestua koktel-ontzi berean sartu ditu Pierre Tsigaridis zuzendariak. Erraietako beldurraren bidez, familiako traumaren azterketa bizi eta iluna osatu du Tsigaridis-ek; eszena asaldagarriz osatutako errusiar mendi bat da.
Filmak generoaren elementu klasikoak nahasten ditu, giro zapaltzaile eta asaldagarria sortzeko. Formalki, gainera, lehen plano ugari erabiltzen ditu, publikoa, haurtzaroko esperientzia traumatiko horretan murgiltzeko. Beldurrezko film gisa ongi funtzionatzen du, nahiko odoltsua da, baina zenbait zentzugabekeria narratibo ditu eta gidoia trazu lodian idatzia dago. Une gogoangarri asko dituen arren, zoritxarrez, argumentua ez da oso indartsua; beldurrezko generoaren zaleek gozatuko dute, gainerakoek ziurrenik ez.
Hala ere, esperientzia deserosoa espero genuen, eta hori da eskaintzen dena: arrastoa uzten duen izenburua da.