INFO

Oihana Iguaran nagusi Irungo plazan

Irungo Ficobako auditoriumak 310 bertsozale hartu ditu gaur arratsaldean. Oihana Iguaran gailendu da, 517,5 punturekin. Hasi eta buka goi-goitik, ariketa guztietan fin eta ganbarakoan, bikain. Arrasateko finalerdira zuzen.

Oihana Iguaran gailendu da Irungo final-laurdenean. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Irungo Ficobako Auditoriumak hartu du gaur arratsaldean final-laurdenetan laugarrena. Dagoeneko datorren eskailera, finalaurrekoena, begiztatzen da eta igartzen da bertsolariaren pausajean. Inork ez du pausoa oker eman nahi eta bidean geratu.  

Oihana Iguaranek seguru eman ditu urrats guztiak, ariketaz ariketa. Goian hasi eta goian bukatu, 517,5 punturekin. Erlezainaren trajearekin hasi da zortziko handian, «ja eztenetik gehiegi dauka ta gozotik oso gutxi» eta ganbarakoan sexu indarkeriaren kasu publiko batean izena eman duen emakume baten azaletik aritu da, plaza eztenkatuz.

Hauxe izan da ganbarako gaia: «Badakizu ez duzula ondo pasatuko, baina izena eman duzu». Sei bertsolaritik bostek ‘izena eman’ hori era batera hartu dute. Iguaranek, beste ertz batetik heldu du, lehen botean espero gabeko tokitik, zorrotz. Gaurkotasun biziko gaia ekarri du oholtzara. «Bi salaketa zebiltzan dudan nahiz zehatz mehatz deskriba/ izen ta abizen atera naiz ni jira dadin perspektiba/ ta bapatean prentsan arretak niganantz jira du mira/ ta bapatean ni bota naute denek plazaren erdira/ erasotzaile bera izan da ta denak neri begira/ erantzulea enaiz ni baina galderak neretzat dira».   

Benetan ganbarako aparta bezain zorrotza. Ordurako, puntuak aise zituen bilduak Iguaranek, ariketa guztietan fin aritu delako. Ganbarako puntuazioa, hala ere, espero baino baxuagoa izan da.

Bigarrena, Amaia Iturriotz izan da, 484,5 punturekin. Oso saio erregularra egin du, lurretik gauza oso ederrak eginez. Adibidez, zortziko txikian Eñaut Martikorenarekin aritu da. Trenean zihoazen biak, Iturriotz irakurri nahian eta Martikorena, mugikorretik bideoak entzuten, bozgorailuak topera. «Renfe atzeratu da gaur ere hala zen/ hemen ni liburua goxoki zabaltzen/ zu bertsoa puntu com gustuz begiratzen/ guztioi ez zaizkigu bertsoak gustatzen», hasi da Iturriotz.

Arkitektoak

Eneritz Artetxe izan da hirugarrena, 476 punturekin. Ariketa guztietan txukun eta tarteka gorantza tira eginez. Lotura polita egin du, zortziko handian egokitu zaion pertsonaia ganbararaino eraman du. Arkitekto familiako alaba, anaiak ez bezala etxeko tradizioa segitu nahi du berak. Ganbaran, hauxe bota du hirugarrena, «Materiala eta neurriak jarri dizkigute gaitzat/ zailtasun denak albora utziz hartu nahi nituzke aintzat/ izena eman dut ta ez egiteko jada berandu da behintzat/ ondo ikasi nahi ditut noski paper bakoitzaren ertzak/ eta unian lau urte hauek pasa ondorenean beltzak / anaiak ez du nahi eta beraz negozioa neretzat».

Laugarrena Eñaut Martikorena hernaniarra, 468,5 punturekin. Pentsatzeko norabide oso propioa dauka, zirrikitu bereziak ikusten dizkio gaiari. 

Hamarreko txikian Martikorena eta Iguaran egokitu dira. Kostaldeko herri bateko biztanleak biak, Eñautek taberna bat dauka itsasora begira eta Oihana egunero joaten da gosaltzera, turistak iritsi baino lehen. «Zuk beti nahi dituzu kafea ta tosta/ bost euro utzirikan eta ozta ozta/ eskerrak turistekin igotzen da koska/ lokala alokatzeko garesti da kosta/ ta haiek beti nayo ohi dute langosta», bota dio Martikorenak.

Peritz izan da bosgarrena, 465,5 punturekin. Printza oso propioak erakutsi ditu eta ganbarakoan, erremate bikaina. «Esaten dute gauza ona dela itzuli nahi izatea/ beroa dela iraganari aurre egiteko bakea/ nik herrian maiz probatu baitut ixilpea ta mahaipea/ pentsatu ez arren gorde dudanik manga azpian naipea/ duda daukat multiplea/ nahi baitut eragitea/ erabaki dut herriko txosnan turnotxo bat egitea/ bai bai sinplea dirudi baina denontzat ez da sinplea», lehena. Eta hirugarrena, «...han ikusi dut kuadrilla ta hartu ditut bi txupito extra/ txosna barruan dantzan hasi naiz bakarrik irribarrezka/ ez zaudete eroso ezta/ lasai ez da zuen kezka/ ni ez nentorren molestatzera segi segi zuen festa/ hau lehen nintzena besarkatzeko modu bat besterik ez da».

Seigarrena, Iñaki Apalategi, 446 punturekin. Poto bat egin du eta horren zama sumatu du puntuazioan. Azken final-laurdena falta da, Tolosan.