INFO

Clara Azurmendik brontzea irabazi du asteburu honetan badmintoneko Dutch Openean

Final-laurdenetan Frederikke Østergaard danimarkarraren kontrako norgehiagoka irauli zuen, baina ondoren, finalerdietan, ezin izan zion Kisona Selvadurayren aurkakoari buelta eman (23-21, 11-21 eta 15-21).

Clara Azurmendi, partida batean. (BASQUE TEAM)

Clara Azurmendik brontzezko domina eskuratu zuen larunbatean Holandako Irekian, finalerdietan Kisona Selvaduray malaysiarraren aurka galdu ondoren. Donostiarrak ondo ekin zion jardunaldiari, final-laurdenetan Frederikke Østergaard danimarkarraren kontrako norgehiagoka iraulita (12-21, 21-16 eta 21-14), baina finalerdietan ezin izan zion Kisonaren aurkakoari buelta eman (23-21, 11-21 eta 15-21).

Aurretik, lehen kanporaketetan, donostiarrak 21-19 eta 21-10 irabazi zion Azkya Aliefa Ruhanda suitzarrari 32 onenen kanporaketan eta Leona Lee ingelesari 21-12 eta 21-7 16 onenen kanporaketan.

Final-laurdenetan, Østergaarden aurkako partidaren hasieran Danimarkako jokalaria izan zen nagusi, eta lehen seta hasi zenetik aurretik joan zen. Donostiarrak aldea murriztu nahi izan zuen, baina bere aurkariak sei puntu jarraian lortu zituen, eta horri esker markagailuan aldea ireki eta lehen txanda irabazi zuen.

Azurmendik, ordea, bigarren setean hartu zuen partidaren gidaritza, 6-0eko partziala sinatu zuen, berriro abantaila hartu eta partida hirugarren setera eramateko. Azken jokoan, gipuzkoarrak erritmoa igo zuen eta jarraian lortutako sei puntuko beste tarte bati esker Østergaarden aukerekin amaitu zuen.

Finalerako txartela lortzeko borroka berdintasun handiz hasi zen. Horren erakusgarri da lehen setean ez zela alde handirik egon markagailuan eta dena erabakitzeke zegoela iritsi zela azken txanpara. Asiarraren aldeko 21-20koarekin, Azurmendik hiru puntu lortu zituen erreskadan, eta lehen jokoa horrela irabazi zuen.

Kisonak berehala erreakzionatu zuen, bigarren txandan partidaren kontrola hartuz, atsedenaldira abantaila garrantzitsu batekin iritsiz (11-4) eta 1-1ekoa jarriz.

Gauzak nabarmen berdindu ziren hirugarren eta azken setean, Azurmendik lehen puntuetan aurrea hartu zuen baina Asiakoak erantzun zion eta markagailua 11-9 bere alde jartzeko. 17-15koarekin Malaysiakoak lau puntuko partziala gauzatu zuen eta neurketa erabakita utzi zuen.