INFO

Nafarroak eta Pirinio Atlantikoek proiektu bat martxan jarri dute Larhun biziberritzeko

Hiru milioi euroko aurrekontuarekin Larhun mendiaren ingurunea babesteko eta lurralde garapen iraunkorreko ekimenak bultzatzeko, Nafarroako Gobernuak eta Pirinio Atlantikoek proiektu bat ondu dute elkarrekin.

Larhun biziberritzeko proiektua abian jarriko dute Nafarroak eta Pirinio Atlantikoek. (NAFARROAKO GOBERNUA)

Nafarroako Gobernuak eta Pirinio Atlantikoek bat egin dute Larhun mendiaren ingurune naturala babestea sustatzeko proiektu bat martxan jartzeko. Aldi berean, lurralde garapen iraunkorreko ekimenak bultzatzeko helburua du, inguruan jarduera sortu eta eremua biziberritzen laguntze aldera.

Astelehen honetan aurkeztu dute Jose Mari Aierdi Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumen kontseilariak, Jean-Jacques Lasserre Pirinio Atlantikoetako Departamentuko lehendakariarekin batera. Bertan jakinarazi dutenez, hiru milioiko aurrekontuarekin jarriko da abian POCTEFA La Rhun-E proiektua.

Jose Mari Aierdi kontseilariak adierazi duen bezala, «Bidasoa ibaia eta Larrun mendia bezalako elementu ikoniko natural eta identitario garrantzitsuak dira bizileku dugun ingurune honen ezaugarri nagusia, eta Nafarroa eta Pirinio Atlantikoak bezalako bi administrazio ahizpek partekatzen duten eremu batean lurralde garapen jasangarria bultzatzeko aukera paregabea eskaintzen digu».

Larhun mendiguneak Sara, Azkaine, Urruña eta Bera udalerriak hartzen ditu. Bere kokalekua dela eta, Foru Komunitatearen eta Pirinio Atlantikoen artean, naturgune eta ondare izaerako leku honek «kudeaketa koordinatua eta ikuspegi komuna eskatzen du, ingurunearen babesa bermatzeko», Nafarroako Gobernuaren arabera.

Horrekin batera, lurraldea «erronka ugariren eraginpean dago», besteak beste, pertsona asko biltzen dira bertan, kremailera-trenean 300.000 bisitari baino gehiago ibiltzen baitira urtero, naturguneen sailkapenean asimetria dago mugaren bi aldeetan, eta gailurreko azpiegituretan dagoen saneamendua hondatu egiten da.

Mugaren bi aldeetan bazkide diren zortzi entitatek garatzen dute, haien artean inguruko udalek.

Proiektuaren esparruan egingo diren ekintzen artean, gailurrean elkargune berri bat sortzea, uren saneamendu- eta arazketa-lanak hastea eta gailurrerako bideak egokitzea nabarmentzen dira. Era berean, Larhungo mendiguneko natura- eta kultura-ondarearen ezagutza, kontserbazioa eta sustapena bultzatuko dira, sentsibilizazioko eta hezkuntzako ekintzen bidez.