INFO

Urriko azken asteleheneko azokak jendetza erakarri du Gernikara

Urriko azken astelehenko azokak milaka eta milaka lagun erakarri ditu Gernikara, eguraldia lagun. Frutak, baratzeko produktuak, artisau postuak... eskaintza zabala izan da jarri dituzten ia 300 postuetan.

Gernikako urriko azken asteleheko azokako postuetako bat. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Urriko azken astelehenko azoka ospatzen zuten gaur Gernikan eta, urtero bezala eta gainera eguraldia lagun, milaka lagun bertaratu dira Euskal Herriko merkatu garrantzitsuenetakoa den horretara, 90.000 Udalaren arabera.

Eguraldia jende kopurua handitzea eragin badu ere, azken asteetako euriteek bertako izarra den produktuaren garestitzea ekarri du: indaba, alegia. Horrela, postuetako batzuetan Gernikako babarrun kiloa 20 euroan ordaindu da.

Hala izan da Kortezubiko Nanike baserriko Jacqueline Chertudiren kasuan. Bere postuan indaba kiloa, soltean, 20 euroan zegoen salgai, eta telazko poltsan, berriz, 21 euroan. Iaz, 18 eta 19 euroan saldu zuen kiloa, hurrenez hurren.

Babarrunaren jatorria bata edo bestea izan, ekoizleak bat datoz eguraldi euritsuak aurten lekale horren uzta txikiagoa izatea eragin duela eta, ondorioz, produktua garestitu.

Mallabiko Arantza Zubiak, esaterako, azaldu du iaz 97 kilo indaba eraman zituela Gernikako azokara eta aurten, aldiz, 30 kilorekin soilik.

«Ekainetik ez ditugu jarraian bost egun eguzkitsu izan eta ez da denborarik izan babarruna lehortzeko, beraz oso gutxi dago», deitoratu du.

Pobeseko Yolanda Vicentek ere baieztatu du eguraldi txarrak garbantzuk, dilista eta babarrun uztak nabarmen murriztu dituela.

«Etxalde batzuetan ez dute uztarik izango euriarekin lekak ireki eta izorratu egiten direlako», esan du.

Baratzeko produktuak eskaintzen zituzten 241 postuez gain –gehienak Artekalea eta Pasealekun–, azokan artisautza artikuluak saltzen zituzten beste 54 postu izan dira.

Gazta enkantean, berriz, Gautegiz-Arteagako Kanala Beach jatetxeak 8.000 euro ordaindu ditu lehiaketa irabazi duen Agiñagako Larrabe gaztandegiko pieza erdiagatik, enkantearen marka gaindituta.

Barazkien lehiaketa Goreko baserriak irabazi du; fruta lehiaketa Urtza Sarrionindiak; lore eta landareena Ortuberrik; txilar ezti lehiaketa Garikoitz Llonak; milalore ezti lehiaketa Eugenio Elorrak; txakolin txurian Lamagarte bodegak eta txakolin gorri eta beltzarenean Erdikoetxe izan da garaile.