Aurken Sola iruindarra baldintzapeko askatasunean geratu da, 16 urte eta gero
Aurken Sola preso iruindarra baldintzapeko askatasunean geratu da Espetxe Zaintzako epaile zentralaren ebazpenaren bidez, Etxeratek jakinarazi duenez. 16 urte zeramatzan nafarrak espetxean, 2024ko maiatzetik 3. graduan.
Aurken Sola presoa aske geratu da astearte honetan. Espetxe Zaintzako epaile zentralak onartu egin du baldintzapeko askatasuna eta, 16 urte eta gero, espetxea atzean utzi du nafarrak. Aurtengo maiatzetik 3. graduan zegoen, Iruñeko kartzelan.
2008an atxilotu zuten Sola nafar hiriburuko Alde Zaharrean eta ordutik egon da preso. Lehenago ere bi urtez egon zen espetxean, kasu bereziki lazgarri batean. Beste hiru gazterekin batera, Leitzan UPNko zinegotzi bat hil izana leporatzen zioten. 2002an atxilotu eta «Urbasa komandoa» deitu zieten, eta bi urtez oso gutxi izan ziren horrekin zerikusirik ez zutela salatu zutenak. Bi urte igarota, espainiar Auzitegi Nazionalak errugabetu egin zituen, eta frantziar Estatuan atxilotutako beste bi pertsona akusatu. Mikel Soto zen atxilotuetako beste bat, eta gogora ekarri zuen 20. urteurrenean, jasan zituzten torturak salatuz. Izan ere, tortura horietan lortutako testigantzak izan ziren bi urtez espetxean mantentzeko giltza.
2008an berriz atxilotu zutenean ere ospitalean amaitu zuen Solak, GARAk jakin ahal izan zuenez.
Ordutik espainiar Estatuko hainbat espetxetan izan da Sola, dispertsioaren ondorioak pairatuz. 2018an Puerto III espetxean zegoen, berarekin atxilotu zuten eta auzokidea zuen Xabier Rey bere ziegan hilik aurkitu zutenean. Ondoren Algecirasen eta Burgosen ere izan da.
2021eko apirilean, baina, Iruñeko kartzelera lekualdatu zuten Donibane auzoko presoa eta astearte honetan berreskuratu du baldintzapeko askatasuna.