Bidasoa Irunek sendo jarraitzen du Europan eta Anaitasuna Kopatik kanporatuta geratu da
Aurreko astean Constantaren aurka bost golengatik galdu bazuten ere, bidasotarrek, aurkari beraren aurka, 37-25 irabazi dute astearte honetan etxean eta gol errenta garrantzitsua izan daiteke. Anaitasunak, aldiz, agur esan dio Kopari, Alcobendasen 29-23 galdu ostean. Zuazok aurrera egin du nesketan.
Aurreko astean bost golengatik galdu zuen Bidasoa Irunek Errumanian, Constantaren aurka. Eta astearte honetan, aldiz, aurkari beraren aurrean, baina Artalekun, erakustaldia eskaini dute bidasotarrek hasiera-hasieratik, hain estua dagoen multzoan beste garaipen bat erdiesteko (37-25).
Hasiera arraro samarra izan da. Alde batetik, 2-2koan, arrazoirik gabe, epaileek bi minutu kaleratu dute Esteban Salinas aurkari bati falta egiteagatik, baina argi ikusi da aurkaria bera bakarrik irristatu egin dela gola egiterakoan.
Zentzu horretan, epaileek jokalari gehiago kaleratu dituzte hasierako minutuetan. Bidasoak hobeto aprobetxatu du jokalari bat gehiagorekin aritzea –lehen ordu erdian lau gol lortu dituzte atezainik gabe egindako jaurtiketetan, horietako bat Maciel atezainarena–, eta horri Macielen geldiketak –lehen zatia 8 geldiketekin amaitu du– eta Dariel Garciaren egun ona gehituz –8 gol egin ditu lehen zatian–, irundarrek markagailuan alde egitea lortu dute. Zortzi goleko errenta izan da handiena, baina azkenean atsedenaldira 20-13 joan dira aurretik.
Bigarren zatian, pixkanaka aldeak handitzen joan da Alex Mozasen taldea. Dariel Garciak sendo eta konfidantzarekin jarraitu du kontrako atean eta, gainera, Nieto anaiek, Gorka eta Asier, protagonismoa hartu dute ere. Aipatzekoa, adibidez, 27-16koa, Gorka Nietok, airean, Rodrigo Salinasen paseaz, lorturiko gol ederra. Partida eta garaipena bezala.
PARTIDAKO FITXA:
37 - Bidasoa Irun: Leo Maciel (1), Skrzyniarz; Cavero (3), Asier Nieto (6), Matheus da Silva, Esteban Salinas, Furundarena (1), Dariel Garcia (10), Boskos (6), Gorka Nieto (3), Zabala (1), Jevtic (1), Gey-Emparan, Rodrigo Salinas, Asier Iribar (2) eta Julen Mujika (3).
25 - CSM Constanta: Vasile, Rusu; Ungureanu, Aliokhin (8, 1 penaltiz), Stankovic (1 penaltiz), Dragan, Nikolic (4), Nistor (1), Cabut (2), Buzzle (2), Andrei (3), Komogrov (2), Chikovani, Ilie, Gaston Mouriño (1) eta Stefan (1).
Epaileak: Erdogan eta Ozdeniz (Turkia). Bi minutu kaleratu dituzte Esteban Salinas, Dariel Garcia (2), Leo Maciel, Buzzle, Komogorov, Nistor, Chikovani (2) eta Ungureanu.
Partzialak bost minuturo: 3-2, 8-5, 11-7, 14-9, 16-10, 20-13 (atsedenaldia), 24-15, 27-16, 30-18, 33-19, 35-22 eta 37-25.
Gertakariak: 1.200 ikusle inguru Artalekun, EHF European Leagueko laugarren jardunaldiko partida ikusteko.
Anaitasunak Kopari agur esan dio
Bien bitartean, Helvetia Anaitasunak Kopako lehen kanporaketa jokatu du astearte honetan. Eta ez zaio batere ondo joan talde nafarrari. Quique Dominguezen jokalariak atsedenaldian 11-13 irabazten joan badira ere, etxeko taldeak partzial garrantzitsu bat lortu du bigarren zatiaren hasieran (20-16) eta hortik aurrera ezinezkoa izan zaie markagailuan berdintzea eta azkenean 29-23 galdu dute.
Bestalde, zilarrezko Ohorezko Mailan ari den Zarautzek asteazken honetan ekingo dio Kopari. Talde gipuzkoarrak etxean jokatuko du Guadalajararen aurka (19.30).
Zuazo, aurrera
Astearte honetan emakumeen Kopako kanporaketa ere jokatu da, euskal talde batekin: Zuazo. Bizkaitarrek 21-24 irabazi diote Ikasa Boadillari (10-12 atsedenaldian) eta hurrengo faserako txartela eskuratu dute Ohorezko Mailan ari diren jokalariek.