Euskal film laburrak, Art pailazoa eta denboran zeharreko bidaiak
Gainditu dugu ekuatorea eta oraindik faborito argirik ez badago ere ikusleen artean hasi dira apurka kinielak jaurtitzen. Oraingoz, onena, eguneko menua dastatzea izango da: lehen platera Euskal film laburren maratoia izango da, bigarrena ‘Terrifier 3’ eta azkenbururako ‘Things Will Be Different’.
Film laburren maratoiak irekiko du eguna astearte honetan. Nazioarteko sailean 12 lan sartu dituzte, animaziozko kategorian 10, Estatu espainoleko film laburren sailean 8, eta beste horrenbeste euskal produkzioen atalean. Bada, astearte honetan egingo dute azken horiei eskainitako euskal film laburren maratoia, Victoria Eugenia Antzokian.
19:00etan abiatuko da saioa, eta ondorengo lanak izango dira ikusgai:
-
‘Gizaki’ (Xanti Rodriguez, 2024)
-
‘Hotz’ (Lander Castro, 2024)
-
‘O.P.N.I.’ (Objeto Parlante No Identificado) (Borja De Agüero, 2024)
-
‘Presencia’ (Igor Salutregi, 2024)
-
‘Sandra’ (Jon Herrero, 2023)
-
‘Sesión’ (David González Rudiez, 2024)
-
‘Tragedium’ (Gastón Haag, 2024)
-
‘Planetagatik’ (Eneko Muruzabal Elezcano, 2024)
Art pailazoa berriro ere
2016. urtean Damien Leone zinegileak ‘Terrifier’ beldurrezko sagaren lehen hazia erein zuen. Lehen filma Halloween edo Gau Beltzaren gau batean girotuta dago eta azaltzen duena oso sinplea da: Art izeneko pailazo batek hainbat biktima hil eta torturatzen ditu. David Howard Thornton aktorearen antzezpen lana umore groteskoaren eta muturreko indarkeriaren arteko konbinazioa da. Askok, Freddy Krueger edo Jason Voorhees bezalako pertsonaiaren pare jarri dute.
Bada beldurrezko generoaren barruan ahanzturan eroriko zen izenburua zirudienak, slasherrak, une odoltsuak eta muturreko basakeria maite dituztenen artean kultuzkoa bilakatu den saga izaten amaitu du.
2022. urteko ‘Terrifier 2’-ren ostean, hirugarren zatia iritsiko da astearte honetan Antzoki Zaharrera. Grindhouse zein b serieko estetikaz baliatuz aurreko filmetako elementu berberak topatuko dituzue: basakeria eta hilketa oso gordinak, hori bai, oraingo honetan gabon gauean girotua dago. 125 minutuko iraupena esajeratua iruditu zait eta narratibak ez du ezer berririk eskaintzen. Saga honi amaiera emateko ordua iritsi dela uste dut.
Eguneko azkena aldiz ‘Things Will Be Different’ izango da; Michael Felker-ek, Aaron Moorhead eta Justin Benson zuzendarien ohiko muntatzaileak, zuzendu eta idatzi duen filma da.
Poliziarengandik ihesi, bi neba-arreba landetxe misteriotsu batean ezkutatuko dira. Haien ekintzen ondorioak eta zigorrak saihesteko helburuz, denboran zeharreko bidaiak egingo dituzte. Premisa hori irakurri ostean, ez pentsa efektu bereziek gainezka egiten duten pelikula ikusiko duzunik, inondik inora ere; guztia kokaleku berean gertatzen da, erritmo geldoa du eta apenas dagoen akziorik.
Baliabide gutxiko filma izateko, teknikoki txukuna da, oso zinematografikoa. Bi protagonisten antzezpen lanak ere nabarmenak dira eta beraien arteko harremana oso interesgarria da.
Draman sakontzen duenean nahiko film indartsua iruditu zait, baina zoritxarrez nahiko azalean geratzen da. Benson/Moorhead-en estetikak eta estiloak eragin nabarmena dute film honetan, baina erabiltzen diren ideiak oso errepikakorrak dira, kasu batzuetan gaizki burutuak eta luzeegiak. Familia-drama gisa erren geratzen da eta zientzia fikziozko film moduan eskasa iruditu zait. Film labur baterako istorio oso aproposa, baina pelikula luze baterako gehitxo.