INFO

Arabako Mendialdea, Urola Kosta eta Gorbeialdea, langabezia tasa txikiena duten eskualdeak

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako eskualdeetako langabezia tasaren datuak zabaldu ditu Eustatek, 2023ko urtarrilaren 1ekoak. Lanean ari direnen prestakuntzari buruzko xehetasunak ere eman ditu.

Arabako Mendialdea da langabezia tasa txikiena duen eskualdeetako bat. Irudian, Kanpezu. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako eskualde guztietako 16 urteko eta gehiagoko biztanleriaren langabezia tasa jaitsi egin zen 2023. urteko urtarrilaren 1ean, Arabako Mendialdea (%5,8), Urola Kosta (%5,9) eta Gorbeialdea (%6,2) nabarmenduz tasa txikia izateagatik. Langabezia tasarik handienak, berriz, Enkarterrietan (%10,4), Bilbo Handian (%9,9) eta Arabako Errioxan (%9,6) zeuden. EAEko batez besteko langabezia tasa %8,5ekoa zen orduan, Eustat estatistika erakundearen datuen arabera.

Udalerrien tamainari begiratuta, langabezia tasa txikiagoa zen biztanle gutxiago dituztenen artean. 5.000 biztanletik beherako udalerrien taldea nabarmendu zen, %7,1eko langabezia tasarekin; ondoren, 5.000 eta 10.000 biztanle arteko udalerrien maila eta 10.000-40.000 artekoa zeuden (%7,7); %9,7ko tasarekin 40.000 eta 100.000 biztanle bitarteko udalerriak zeuden, autonomia erkidegoko batez besteko langabezia tasaren gainetik.

Hiriburuei dagokienez, Donostiak zuen langabezia tasarik txikiena 2023ko urtarrilaren 1ean (%6,9), eta ondoren Gasteizek eta Bilbok (%9,1 eta %10,8, hurrenez hurren). Langabezia tasak behera egin zuen hiru kasuetan: %1,7 puntu Bilbon, %1 puntu Gasteizen eta %0,8 puntu Donostian.

197 udalerritan langabezia tasa batez bestekoa baino txikiagoa zen data horretan, hau da, udalerrien %78an. Muturretan, hamar udalerrik %3tik beherako langabezia tasa zuten: Leintz-Gatzaga, Kripan, Albiztur, Aduna, Gizaburuaga, Arama, Mutiloa, Baliarrain, Murueta eta Garaik (txikienetik handienera), guztiak 5.000 biztanletik beherakoak.

Beste muturrean, zazpi udalerritan langabezia tasa %12tik gorakoa zen: Lanestosa, Ikaztegieta, Alonsotegi, Balmaseda, Oion, Sestao eta Artzentalesen (tasa handienetik txikienera ordenatuta).

Okupazioa

Okupazioari dagokionez, EAEko 16 urte eta gehiagoko biztanleriaren okupazio tasa %52,2koa zen 2023ko urtarrilaren 1ean, hau da, %0,9 puntuko hazkundea 2022ko urtarrilaren aldean. 20 eskualdeetatik 17k okupazio tasa handitu zuten aurreko ekitaldiaren aldean.

Plentzia-Mungia eskualdean zegoen okupazio tasarik altuena, %56,9rekin, %1 puntuko igoera izanik 2022aren aldean. Gorbeialdeak %56,7ko tasa zuen (-%0,7 puntu), eta hirugarren Urola Kosta zegoen, %56,4ko tasarekin (%0,6 puntu gehiago).

Udalerrika, eta tamainaren arabera, 5.000 biztanletik beherakoek batez besteko okupazio tasa nahiko altua zuten (%54,8). Talde horren barruan tasa nabarmen altuak zituzten udalerriak zeuden, hala nola Baliarrain (%72,6), Orendain (%68,5) eta Aduna (%67,3), baita tasarik baxuenak zituztenak ere, besteak beste, Lanestosa (%39,0), Lagran (%42,6) eta Elantxobe (%42,7).

Hurrengo udalerri geruzan, 5.000 eta 10.000 biztanle artekoan, batez besteko okupazio tasa %54,1ekoa zen. Goiko muturrean Astigarraga (%69,2) eta Urduliz (%61,4) nabarmendu ziren, eta behekoan Balmaseda (%47,6), Ondarroa (%48,0) eta Lekeitio (%48,5).

10.000-40.000 biztanleko udalerrien artean, batez besteko okupazio tasa %53,3koa zen, eta Etxebarri eta Sopela ziren multzo horretako buru, %62,5eko eta %59,3ko tasekin, hurrenez hurren.

Hurrengo geruzan, 40.000 biztanletik gorako eta 100.000 biztanletik beherako udalerrietan, Barakaldok zuen okupazio tasarik altuena (%51,5), eta ondoren Irunek (%51,3). Geruza horren batez bestekoa %49,7koa da.

Hiriburuei dagokienez, Gasteizek zuen okupazio tasarik altuena 2023ko urtarrilaren 1ean, %52,9koa, alegia; ondoren, Donostia zegoen, %52,2ko tasarekin, eta azkenik Bilbo, %49,8koarekin.

Lanean ari diren hamar pertsonatik seik, goi mailako ikasketak

Bestalde, prestakuntza maila kontuan hartuta, gaur egun, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako biztanleria landunaren %59,9k goi mailako prestakuntza du: %20,3k goi mailako lanbide heziketa eta %39,6k unibertsitate hezkuntza.

Langabeen artean, hezkuntza maila hori %36,8 da; goi mailako lanbide heziketa %15,5 da, eta unibertsitate hezkuntza gainerako %21,3. Bestalde, langabeen %39,8k lehen mailako ikasketak besterik ez ditu edo ez du inolako titulaziorik. Landunen artean, berriz, ehuneko hori askoz txikiagoa da (%19,6).