Jakes Jimeno, Chiclanan partidarik gabe baina Osasunako jokalarien esker ona irabazita
Jakes Jimeno du izena eta biraltasun handia hartu du bere istorioak ostegun honetan. Jakina denez, Osasunak Cadizeko Chiclanan jokatu behar zuen Kopako norgehiagoka asteazkenean baina hango euriteen ondorioz bertan behera gelditu zen. Gazte hau han zebilen bere bihotzeko taldea animatu nahian, eta ez egoera samurrean: autobusez joana zen bertaraino, bera bakarrik, eta gaua oraindik han igaro behar zuen, itzultzeko garraiobidea hurrengo egunean zuelako.
Nonbait bere egoera Osasunako arduradunen belarrietara heldu zen eta klubak gaztea laguntzeari ekin zion laster, batez ere ahalegina eskertzeko. Luis Sabalza presidenteak berak deitu zion telefonoz, talde osoarekin Iruñera hegazkinez itzultzeko eskainiz. Esan eta egin. Proposamena onartu egin zuen gazteak, jakina.
El de ayer será un día que Jakes nunca olvidará.
— C. A. OSASUNA (@Osasuna) October 31, 2024
Viajó solo desde Pamplona a Chiclana en autobús, pero el partido se aplazó. Sin embargo, el destino le tenía guardada una experiencia inolvidable. El aficionado rojillo volvió a Navarra en el avión con el equipo. pic.twitter.com/mesjc9ySES
Osasunak zabaldu duen bideoan nabaria da futbolarien esker ona, ez baita makala Jakesek egindakoa: lehenik Iruñetik Bilbora joan zen, astelehenean, bertan autobusa hartu zuen Chiclanaraino, mila kilometro inguru ibiliaz.
Eta norbait harrituta gelditzen bada hau entzuten, hori Bryan Zaragoza aurrelari andaluziarra da, taldeko izarretako bat. Bere elastikoa oparitu dio gazteari. Afaltzeko, Juan Cruzen pic-nic-a eskuratu du Jimenok.
Noainera heldu da azkenean gaztea, pozaren pozez. Eta ez dirudi bereziki nekatuta dagoenik; esan duenez, ez du baztertzen asteartean berriz Cadiz aldera joatea, asteartean jokatuko delako Kopako partida azkenean.
Anekdota alde batera utzita, Valèncian bizi den egoera arintzeko asmoz ere aritu da Osasuna ordu hauetan: tona bat jaki eta edari eman dio hango Elikagaien Bankuari.
INFORMACIÓN | Osasuna entrega más de una tonelada de víveres al Banco de Alimentos de Valencia.
— C. A. OSASUNA (@Osasuna) October 31, 2024
Oso gertu sufritzen ari da hango tragedia talde gorritxoan, bertako jokalari ugari valentziarrak edo Alacantekoak direlako (Rubén García, Nacho Vidal, Lucas Torró...). Eta Massanasa, Vicente Moreno entrenatzailearen jaioterria, herri kaltetuenetarikoa da.