INFO

Aritza Bergararen ‘Badira, bagara’ liburua sustengatzeko crowdfunding kanpaina

‘Badira, bagara. Euskal Herriko izaki eta izaki mitologikoak’ liburua argitaratu ahal izateko laguntza bila dabil Aritza Bergara idazlea. Verkami plataformaren bidez sustatu ahalko da egitasmoa azaroaren 23ra arte.

Aritza Bergara, aurreko ‘Euskal Herriko ipuin mitologikoak’ liburuaren ale batekin. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Aritza Bergara idazleak ibilbide luzea du euskal mitologiako argitalpenei dagokienean eta ‘Badira, bagara. Euskal Herriko izaki eta izaki mitologikoak’ liburuan hainbat hamarkadatan zehar gaia aztertzen aritu den bitartean jaso duen ezagutza bildu nahi du.

Liburua argitaratu ahal izateko, baina, laguntzaile bila dabil Bergara, eta Verkami plataformaren bidez crowdfunding kanpaina bat abiatu du. Azaroaren 23ra arte egin ahalko zaio ekarpena ekimenari eta, horren truke, laguntzaileek hainbat sari jasoko dituzte, hala nola «liburuaren ale bat, lamina bat, katilu bat, kamiseta mitologiko bat... bakoitzak bere gustuen eta interesen arabera. Kultura sortzeko modu kolaboratibo eta parte-hartzailea da, Euskal Herriaren ondare mitologikoa mantentzea eta zabaltzea helburu duen azken helburuari lagunduz», azaldu du Bergarak. Dagoeneko behar dituen 5.000 euroen zati handiena eskuratu du, baina oraindik bada laguntza emateko aukera.

Idazle sestaoarraren duen 21. liburua izango da honakoa –iaz ‘Euskal Herriko ipuin mitologikoak’ argitaratu zuen adibidez, NAIZen bidez zabaldu zena– eta euskaraz zein gaztelaniaz argitaratuko da, «sinesmenak, ohiturak, tradizioak... edozein eratako publikoarengana irits daitezen, hizkuntza edozein dela ere. Koloretako 220 orrialde baino gehiago dira, ilustrazio ikusgarriekin eta testu harrigarriekin. Zabalkunde eta lankidetza oro ongi etorria da», gaineratu du.

Liburuko testu guztiak Bergararenak dira eta ilustrazioen oinarria adimen artifizialaren bidez sortu eta gerora ilustratzaile batek ondu ditu, diseinatzaile grafiko baten laguntzarekin, «loertu nahi genuen emaitza izateko», nabarmendu du Bergarak.

Jasotako ekarpenak eskertzeko, liburuak ‘askatzeko’ kanpaina bati ekin dio egileak -book crossing-, eta bere eleberrien 500 ale utzi ditu Euskal Herriko hainbat lekutan, azalpen testu batekin. Azaroaren 15a baino lehen ezarritako helburuaren %100 lortuz gero, egileak beste 500 liburu ‘askatzeko’ konpromisoa hartzen du, eta, beraz, 1.000 liburu jarriko lirateke zoriak irakurle berrien eskuetara eraman ditzan.