INFO

Jon Ander Peñak ez zuen kaiolatik bere maila erakutsi gabe alde egin nahi (22-13)

Sailkapenaren estuasunik gabe, tolosarrak partida borobila jokatu du bere lekua topatu ezinik aritu den Peio Etxerriaren aurka eta garaipen batekin esan dio agur Lau eta Erdikoari (22-13).

Jon Ander Peña Peio Etxeberria baino askoz eraginkorrago aritu da erasoan Arrasaten. (Gorka RUBIO/FOKU)

Lehendik ere erakutsia zuen Jon Ander Peñak kaiolan edonozeini irabazteko moduko pilotaria zela eta, sailkapenaren presio hori gabe, uste hori berretsi dio, batez ere bere buruari, Peio Etxeberriari Arrasaten nagusitasunez irabazita. Egia da, jokoan ezer gutxi egoteak asko baldintzatu duela partida, egungo azpitxapeldunak ziurrenik hurrengo asteko finalerdia izango zuela buruan eta prestaketak ere hara begira eginak izango zituela, baina Zenotzekoari kaiolan irabazteko asko jokatu beharra dago eta tolosarrak halaxe egin du.

Horrexegatik, garaipenarekin pozik baina bere buruarekin haserre amaitu du Jon Ander Peñak, finalerdietarako txartelak aurreko bi partidetan, batez ere tanto bakarragatik Bilbon Elordiren aurka galdutakoan, ihes egin zionaren jakitun. Partida hasterako, bi pilotariek argi zuten ohorea zela biek jokoan zutena, baina horrek ez ditu esfortzuak aurreztera eraman. Sakea lagun, Aspekoa hasi da markagailuan aurretik (0-3 eta 3-5), baina partidaren gehienean Jon Ander Peña izan da, jokoan eta markagailuan aginte makila hartu duena.

Garaipen beharraren presiorik gabe, libre aritu da Baikoko tolosarra, boleaz eta gantxoz Peio alderik alde ibili eta asko nahastuz eta defentsan aritu behar izan duenetan ere oin oso bizkorrekin eta zabaletik eraman beharreko pilotetan hobekuntza nabarmena egin duela berretsiz.

Amorerik eman gabe

Ohikoa duen eran, pilotari abiadura sartuz eta tantoei erritmoa sartuz saiatu da Peio Etxeberria tolosarraren joko anarkikoari aurre eginez, baina airez tantoak amaitzerakoan ez du aparteko eraginkortasunik erakutsi eta zazpinakako berdinketatik aurrera 7-0eko partzial batekin ihes egin dio gipuzkoarrak (14-7).

Errazena agian datorren asterako indarrak gordetzea izan zitekeen arren, ultzamarrak partidan sartuta jarraitu nahi izan du, aurkaria alderik alde ondo mugitzen asmatu du eta baita markagailua asko estutzen ere, bi tanto eskasetara gerturatzea lortuz (14-12).

Ez da nahikoa izan, ordea. Zenotzekoak ez du beste egunetako hagin zorrotzik erakutsi, bai, ordea beste gose bat erakutsi duen Jon Ander Peñak. Berez aurkariaren dohain handienetako bat den arren, partidaren azken txanpa horretara hauspoz freskoago iritsi izanaren sentsazioa eman du Baikoko aurrelariak, sakearekin eta bi paretakoarekin gehiago asmatu du, Peio Etxeberriak ere erraztasun batzuk eman dizkio eta etorkizunari begira garrantzitsua izan daitekeen garaipen bat eskuratu du, nahiz eta aurtengo kaiolakoak eginak dituen tolosarrak.

FITXA TEKNIKOA

Peña: 22

Peio Etxeberria: 13

Pilotakadak: 278. Iraupena: 51,34 minutu. Markagailua: 0-3, 3-3, 4-5, 7-5, 7-7, 14-7, 14-12, 16-12, 16-13, 22-13.  Sakeak: 4 (falta 1) Peñak eta 3 P. Etxeberriak. Egindakoak: 12 Peñak eta 8 P. Etxeberriak. Galdutakoak: 2 Peñak eta 6 P. Etxeberriak. Gorabeherak: Sarrera polita Arrasateko Uarkape pilotalekuan. Eneko Labaka aritu zen Peñaren botilero lanetan eta Andoni Gaskue egon zen Peio Etxeberriarekin. Lehen sakea urdin.