INFO

Nerea Elustondo, buzoa eta ilusioa jantzita, nagusi Tolosan

Nerea Elustondok irabazi du gaur final-laurdenetan azkena Tolosan. Hasi eta buka, lanerako buzoa jantzita eta berea duen ironia begiratuarekin, saio aparta osatu du. Bigarrena, Maider Arregi, zorrotz eta dotore. Andoni Rekondok eta Iñaki Mantzizidorrek ere lortu dute finalerdietarako txartela.

Nerea Elustondo, gaur Tolosako saioan. (Gorka RUBIO | FOKU)

Tolosako Leidor aretoa bertso galako jantzi da gaur arratsaldean. 800 bertsozale bildu dira final-laurdenetan azkena gozatzera. Ostegunerako sarrera guztiak salduta zeuden. Finalerdiak ate joka daude eta gora doa txapelketaren inguruko giroa.

Nerea Elustondok hasierako agurrean esan duenez, «...fase hontako bigarren zaharren eta premenopausika/ baina nerabe konplejuik ezin leiket albora utzi ta/ Leidorra nator buzoa eta ilusioa jantzita ». Eta halaxe egin du, ariketa guztietan lana eta lana, gaiak bere zapatetatik zorroztuz, daukan eskarmentua majo erakutsita. Azkenean, 500 puntu Elustondorentzat. Atzetik izan dira Maider Arregi (494,5), Andoni Rekondo (479,5), Iñigo Mantzizidor ‘Mantxi’ 473,5, Jon Gurrutxaga (460) eta Aitor Tatiegi (446,5). Hartara, gaur abestu duten sei bertsolarietatik lauk lortu dute hurrengo faserako txartela.

Hamarreko nagusian eman du lehen kolpea Elustondok. Iñaki Mantzizidor ‘Mantxi’ eta biak egokitu dira. Mantxi, fisioterapeuta, eta, Nerea, Behobia-Donostiarako astebete faltan bisitan joan zaion pazientea. «Maratoi erdi bat da hura pausuz pausu/ ta astebeten faltan presaka jo ta su/ hemengo ta hango minez heldu zera aizu/esperantza neregan jarria daukazu/ baina igual Lurdesen probatu ezazu», abiatu du bidea Mantxik. Eta, Elustondok, «Etzara konfiantza handiaren jabe/ ikusi nauzunean zure parez pare/ berdin zait transfusio edota jarabe/ Lurdesera joan gabe nahi nuke halare/ behobia bukatu entrenatu gabe».

Puntuak erantzuten, bikain eta zortziko txikian ere, oso fin. Ariketa horretan Jon Gurrutxagarekin aritu da eta bien artean asmatu dute plaza berotzen. Elustondo, otarra onddoz beteta daraman basoziana. Gurrutxaga, hori ikusi duen perretxikuzalea. «Kuleto eta onddo hainbeste akabo/ basoa dago inoiz baino garbiago/ eta arren etzazu zuk batu gehiago/ aste hontako kupoa otarra hontan dago», bota du bigarrena Elustondok. Eta Gurrutxagak, erantzun, «zure jarrerarekin puztu lepazaina/ zuk izan behar omen gure basozaina/ emaidazu gutxinez tortillantzat aiña/ natura guztiontzat ez al genuen baina».

Sei bertsolariak, lanerako prest. Gorka RUBIO | FOKU


Maider Arregi, ahots oso propioa

Puntutan bigarrena Maider Arregi izan da. Hasi eta buka, oso goitik aritu da. Asmatu du gaietan bide bistakoenetatik apartatzen eta ikuskera interesgarriak aurkezten. Ganbarako lan puntuatuena berea izan da. Hauxe zuten gaia: Beste begirada batekin begiratu diozu gaur.

Arregiren lehena: «Okupatzean nahiz batzuetan jokatzen dugun lepoa/ enaiz adingabekoa/ euskalduna naiz eta izan dut bizitza bat perfektoa/ eta Mohamed tipo alaia gendun gure aldekoa/ bera Marruekosekoa/ nahiz eta argi daukadan nor den goikoa eta nor behekoa/ gure harremana gaur arte izan da beti parez parekoa». Eta bigarrena: «Desalojoa etorri da ta atera dugu bandera/ benga okupak aurrera/ nahiz antolatu hainbat manifa hainbat kontzentra ta greba/ gaur ez diot begiratuko Mohari parez parera/ falta zaionez papera/ ze egoera desberdinean gauden gaur ni eta bera/ nik alkiler bat lortuko dut ta bera joango da kalera».

Hirugarrena Andoni Rekondo izan da. Saio oso ona osatu du, ariketa guztietan arrasto propioa utziz. Aise egiten du bertsotan hernaniarrak, fresko. Baina ganbarako lehen bertsoan potoa egin du eta horrek estuasun pixka bat sor zezakeen hurrengo faserako pausoan. Azkenean, lortu du aurrera egitea. Poto eta guztiz, ganbarako ederra, «baina gaurkoa ez degu izan uste bezain ona / beidatu hutsez sumatu baitet jada ez dela aitona», bota du lehena.

Laugarrena Mantxi, hurrengo faserako txartela ere lortu duena. Bosgarrena, Jon Gurrutxaga eta seigarrena, Aitor Tatiegi. Saio txukuna josi du Tatiegik, utzi ditu apartatzeko moduko aleak. Adibidez, zortziko txikian, Maider Arregirekin aritu da. Arregi bere musika irakaslea izandakoa da eta Tatiegik sortu duen taldearen kontzertura joan da. Ez zaio asko gustatu ikusitakoa irakasleari. Horrela errematatu du Tatiegik irakaslearen kritika zorrotza, «Enatzaizu hasiko azalpenen eske/ niretzat loria da zuretzako beste/ kontzertuak ditugu Cicatrizek beste/ koroak egitera etorri zaitezke».

Benetan saio gozagarria izan da Tolosakoa eta puntuak puntu, bertsolari denek eman dute berea.

Finalerdietako 18 bertsolariak

Finalerdietara txarteletan azkena 465,5 puntutan erosi du Aner Peritzek. Hartara, honako 18 bertsolariak arituko dira hurrengo fasean: Alaia Martin, Beñat Gaztelumendi, Oihana Iguaran, Unai Mendizabal, Nerea Elustondo, Agin Laburu, Maider Arregi, Asier Azpiroz, Amaia Iturriotz, Andoni Rekondo, Ane Labaka, Eneritz Artetxe, Iñaki Mantzizidor, Eli Pagola, Eneko Araiztegi, Eñaut Martikorena, Oier Etxeberria eta Aner Peritz.