Juan Mari Beltranek jasoko du Eusko Ikaskuntzaren 2024ko Manuel Lekuona Saria
Euskal Herriko musikaren alorrean ondarea ikertu, sustatu eta zabaltzeko egindako lana txalotze asmoz 2024ko Manuel Lekuona Saria Juan Mari Beltrani ematea erabaki du Eusko Ikaskuntzak. Ibilbide oso baten aitortza izan da saria musikariaren ustez, eta transmisioan urratsak ematea lehenesten du.
Astearte honten eman du Eusko Ikaskuntzak ezagutzera 2024ko Manuel Lekuona Sariko irabazlea: Juan Mari Beltran Argiñena (Donostia, 1947). Musika interpretatzaile, ikertzaile, sustatzaile eta irakasleak jasoko du 1983an euskal kulturaren alde lan egindako pertsonak goratzeko sortutako saria. Udaberrian egingo da sari banaketa ekitaldia.
Musikariaren hitzetan, saria «karamelo» bat izan da, adierazi du sorpresaz hartu zuela hautagai izateko aukera eta berdin saria bera ere. Pasioz kontatzen ditu urte guzti hauetan egindakoak, eta aitortu du «pasioaren eta obsesioaren mugan» ibiltzen dela maiz.
Epaimahaiak adierazi duenez, Beltranek egindako dibulgazio lana txalotu nahi izan du sariarekin: «Bere lana dibulgazio multidimentsionala izan da, txikitik unibertsalera joan da. Izan ere, instrumentu familia desberdinak Europako ingurune kulturalean barneratzen eta kokatzen laguntzen du». Gainera, azaldu du ondareari «abangoardiako itxura» ematen asmatu duela eta «prestigiorik gabeko» musika tresnei errekonozimendua eman zaiola.
Beltranek astearte honetan egindako adierazpenen arabera, ibilbidea da baloratu dute bera saritzean, «baina bidea ez dut bakarrik egin, jende asko izan dut inguruan eta niretzat saria izan da aukera izatea guzti horretan ibiltzeko».
Herriz herri ibilia
Bere hastapenak gogoratu ditu, kontatu du nola 1967an lankide batekin batera magnetofonoarekin joan zen maskarada bat ikusi eta grabatzera: «19 urteko gazte harek magnetofoia zeukan eta gizon haiek grabatzen zituen, orain gizon hau joaten da kamerarekin Bakaikoara adibidez zortzikoa nola dantzatzen duten grabatzera».
Herriz herri ibiltzeaz gain, Etxarri Aranatzen hasi zuen bere musika ibilbidea Beltranek haurra zelarik klarinete eta txistulari gisa; Hernaniko Musika Eskolan eman zituen lehen urratsak alboka, dultzaina, txalaparta, txanberla eta txistua irakasten.
1960ko hamarkadan musika herrikoiari buruzko materialak biltzen hasi zen, eta Soinuenea-Herri Musika Txokoaren ernamuina izan zen, 2002. urtean Oiartzunen ireki zituen ateak, «folklore tradizionalaren inguruko dokumentazio, sustapen eta topaketarako zentroarenak». Epaimahaiak adierazi du Soinuenea kultur transmisioaren esparruan egindako lan sendo eta iraunkorrenetako bat dela.
«Soinuenea egindako ibilbidearen azken geltokia izan da, hor dugun topagunea, biltegia, artxiboa, erakusketa, kontzertuak antolatzen ditugu, herri musika eskola bertan dugu... Ibilbidearen errematea izan da, eta beste alde batetik abiapuntua izango da hemendik aurrera», kontatu du Beltranek. Museo «bizia» dela azpimarratu nahi izan du, eta eta jendea bertan elkartu eta eztabaidarako gune izateari garrantzia ematen dio.
Transmisioan, katebegi
Duela mende erdi baino gehiagotik, Beltranek musika ondarea berreskuratzen, zaintzen eta transmititzen lan egiten du, bai alderdi materialean, bai ez-materialean. Batetik, desagertzeko bidean zeuden musika tresna tradizionalak berreskuratu, eguneratu eta belaunaldi berriei ezagutzera ematea ahalbidetu du. Bestetik, euskal herri errepertorioko konposizioak berreskuratu eta zabaldu ditu, bertako testuinguruen eta kultur erabileren azterketarekin batera.
Transmisioan eragile handia izan da Beltran bera eta Soinuenea Herri Musikaren Txokoa. Azaldu du eskola izan dela transmisioaren eremu nagusi beretzat, baina baita museoko bisita gidatu bakoitza, ematen dituzten kontzertu didaktikoak edota kalean musika jotzen ari direnean gertatutakoak: «Transmisioa ematen da kale bueltan jotzen ari zarenean. Eta kalean jotzen ari zarela, bapatean etortzen zaizu ume bat esanez alboka ikasi nahi duela, eta bere gurasoak nahiago zutela pianoa edo akordeoia edo biolina jo. Ba ez, harek alboka nahi du, zuk transmititu egiten duzu».
Musika eskolan edota bisita gidatuetan haurren interesa ikusita zer sentitzen duen galdetuta, emozionatu egiten da Beltran: «Beteta sentitzen naiz, nola da posible hauek Play Stationarekin ari direnak, bapatean emozionatu egiten direla intxaur batekin egiten duzun txepetxa batekin, edota emozionatzen direla gurekin bisita gidatu egiten duenarekin txalalaparta jotzen? Guretzat hori sari bat da».
‘Soinu-Tresnak. Euskal Herri Musikan 1985-2010’ liburua idatzi ostean, GARAri eskainitako elkarrizketa batean aitortzen zuen bertako soinu tresnak ikertu eta musikariak elkarrizketatuz «bere bizitzako une oparoenak» eman zituela.