Donald Trump, berriro ere Etxe Zurira
Estatu Batuetako 47. presidentea 45.a izan zen bera izango da. Donald Trump hautagai bozkatuena izan zen astearteko hauteskundeetan. Kamala Harrisi estatu lehiatu guztietan gailendu zitzaion, eta indar handiz eta muturreko agenda batekin itzuliko da Etxe Zurira urtarrilean.
Biharamun gogorrenarekin esnatu zen Washington atzo. Ehuneko 90etik gora demokrata bozkatzen duen hirira etorriko da berriz ere Donald Trump, hiriburua gehien gorrotatzen duen pertsonetako bat («zingira» deitzen dio, eta «drainatu zingira» da bere esaldi kutunetako bat). Bezperan bozkalekuak izandako eskoletara itzuli ziren umeak. Murch haur eskolan, aurpegi serioak nagusi; umeei larritasuna kentzen saiatuta ere, haurrak ez dira ergelak. «Bai, baina zer gertatuko da abortu eskubideare- kin?», galdetu zion 10 urte inguruko neskato batek amari. Etxean azken asteetan askotan entzundako gaia zen.
Handik gertu, kalean gora daude Alice Deal hezkuntza ertaineko ikastetxea eta Jackson Reed institutua. Ohar berezia helarazi zieten irakasleei, nerabeengan ere «hauteskundeek ekartzen duten estresa» sumatzea gerta litekeelako. Eskola Psikologoen Elkarte Nazionalak azpimarratu zuen garrantzitsua zela «errespetuzko espazio bat sortzea, ikasleak seguru sentitu daitezen beraien kezkak adierazteko, inork epaitzeko edo burla egiteko beldurrik gabe». Ikasle beltzek badakite presidente arrazista batek irabazi duela. El Salvadorren, Hondurasen, Guatemalan eta Venezuelan jaiotako ikasle komunitatea gero eta handiagoa da, eta ondo entzun dituzte mitin guztietan «denak deportatu!» zioten oihuak. Hamar urteko neskatoek ere entzun dute azken bi urteotan abortu eskubideari buruz.
Gau luze baten ondorena zen. Neurri batean, ez zen inor izugarri harritu, ez da 2016ko ezustekoa bezalakoa izan. Inkestek emaitza estuak iragarri zituzten hilabete luzetan, eta Trump itzultzeko aukera etengabe ageri zen. Irail hasieran Kamala Harris indartsu ibili arren, hurrengo asteetan eta urrian batez ere argi geratu zen Trumpek aurrera egin, inkestetan berdindu eta zenbait lekutan aurrea ere hartu zuela.
Hauteslekuak itxi eta bizkor samar gailentzen hasi zen hautagai errepublikanoa. Lehendabizi, demokraten fantasietan ageri ziren estatuak, Florida, esaterako, errepublikanoen zakura joan ziren. Joan den asteburuan Harrisi ezusteko garaipena iragartzen zion Iowako inkesta ere oso oker zebilela argi geratu zen hauteslekuak itxi eta gutxira.
Trump AEBetako Hegoaldean aurrea hartzen hasi zen, eta gauak aurrera egin ahala ezinezkoa bihurtu zen Kamala Harrisen garaipena. Hauteskundea egun berean eginda ere desberdin bozkatzea ez da gauza arraroa, eta Ipar Carolinan ikusi zen: adierazpenetan oso polemiko eta muturreko agertu zen Mark Robins hautagai errepublikanoak iragarritako porrota jaso zuen eta Josh Stein demokrata hautatu zuten gobernadore. Horrek, baina, ez zuen automatikoki presidentegai demokrataren aldera boto gehiago ekarri. Are gehiago, zazpi estatu lehiatuetatik galdutzat jo zuten lehena izan zen Ipar Carolina. 2008an irabazi zuen Barack Obamak, baina ordutik beti galdu dute demokratek, bai Obamak 2012an, baita Hilary Clintonek, Joe Bidenek eta, orain, Harrisek ere.
Zazpi estatu lehiatuetako beste seietan, ordea, demokratak gailendu ziren 2020an. Georgian oso estua izan zen aldea, eta astearte gauean barruti guztietan ageri zen joera: errepublikanoek irabazi ohi zuten barrutietan are boto gehiago lortzen zituzten, eta demokratak nagusi izan ohi ziren hiriguneetan ohi baino alde txikiagoa zeukaten.
Harresi urdina, behera
Hegoaldeko bi estatu lehiatuak irabazita ere, demokratek itxaropen puntu bati heldu zioten, hasieratik beraien egitasmoa iparralde industriala irabaztean baitzegoen: Pennsylvania, Wisconsin eta Michiganek Etxe Zuriari eusteko 270eko zenbaki magikoa ematen zuten demokraten kanpainako kalkuluetan. Joe Bidenen ibilbidean ere hori zen markatuta zeukaten ibilbidea. Arizona eta Nevada ere jokoan zeuden estatuak ziren, baina iparraldekoetan txukun ibili ezean, Trumpen garaipena geraezina zen.
Trumpek kanpainan berariaz landu eta bisitatu du Harresi Urdina edo Uherraren Zerrenda deitu den iparraldeko eskualdea. Langile tradizioko lurraldea da, sindikatuek aparteko indarra izan dute historikoki. Kanpainako lehen ekitaldietako bat Detroiteko langile beltzekin egin zuen presidente ohi eta berriz hautatuak.
Inkestek agerian utzi dute gizonen artean (estrategia deitu diote Fox katean) boto-emaile ugari dituela komunitate beltz eta latinoan. «Bro» botoa deitu izan zaio, gizon gazte horien botoa erakartzeko estrategiari. Obama bera berariaz joan zen Harrisen aldeko botoa gizon beltzei eskatzera. Era berean, sindikatu gehienek demokraten aldeko botoa eskatu bazuten ere, babesa ez zen erabatekoa izan. Inoren aldeko botorik ez zuela eskatu esan zuen sindikatu bakoitzaren adierazpena garaipentzat hartu zuten errepublikanoek. Kamioilarien sindikatuko buruak, esaterako, Milwaukeeko konbentzio errepublikanoan parte hartu zuen, bere kide gehienak Trumpen alderantz lerratzen ari zirela sumatuta. 2016tik nabari zen joera da: buruek tradizio demokratari eutsita ere, oinarriak, langile askok, Trumpengana jo du. Bidenek konexio berezia daukan eskualdea da, bera ere Pennsylvaniako langile familia batekoa izanik. Ez du horrek esan nahi hautagaia mantenduta Etxe Zuriari eutsiko ziotela demokratek. Uda honetan Virginiak eta New Hampshirek ere kolokan ziruditen demokratentzat, eta Harrisek uzkur ziren asko demokraten aldera itzultzea lortu du. Bidenekin hiru estatuak irauli eta miraria gertatuko ote zen, edo demokraten deskalabrua are handiagoa izango zen (200 ordezkaritik behera, esaterako), ezingo da jakin.
Batzuk Dearborn-era begira daude, Detroit kanpoaldeko gehiengo arabiarreko hirira. Ehuneko 88 demokrata bozkatutako barrutian hirugarren geratu zen Harris, Jill Stein Berdea ere aurretik zuela. Hala eta guztiz, Trump izan da hiruretan lehen geratu dena, Benjamin Netanyahuri nahi duena egiten uzteko eskatu duen hautagaia. Ezkerretik Israelekiko konplizitatean bila liteke gertatutakoaren motiboa, baina ez dira gutxi Tim Walz progresistak ekarpen handirik egin ez duela diotenak, eta Josh Shapiro Israelen aldeko Pennsylvaniako gobernadorea hautagai hobea litzatekeela diotenak.
Latinoen artean are nabarmenagoa izan da lehendik ere nabari zen eskuineranzko joera. Gizonen artean nagusiki, baina baita emakumeen aldetik ere. Azken batean, Trumpek aipatzen zituen etorkinek ez zuten bozkatzen, eta bozkatzen zuten latinoak herritartasuna lortu dutenak dira (bertan jaio eta erabat estatubatuar direnak ahaztu gabe). Inflazioak bai eragin die, eta promesa ekonomikoa erosi diote; immigrazioa krimenarekin lotzea eta horren aurka neurri gogorrak iragartzeak ere ondo funtzionatzen du, El Salvadorren Nayib Bukelek markatutako bidetik.
Ez hori bakarrik: hiri demokratetan atzetik geratu arren, emaitzak hobetzea lortu du Trumpek (edo bestela esanda, demokratek ez dituzte emaitza hain onak errepikatu). Era berean, lehendik ere errepublikanoak ziren landa-eskualdeek are argiago egin dute Trumpen alde, demokratak erabateko gutxiengoan uzteraino.
Oztoporik gabe
Egoera berriak ondorio asko izango ditu. Etxe barruan, orain artean Trumpek izan dituen arazo judizialen amaiera dakar. Besteak beste, Justizia Saila bere agintepean egonik, eta presidente gisa izango duen boterearekin, berehala askatuko ditu Kapitolioari erasotzeagatik espetxeratutakoak ere.
Presidenteaz gain, Senatuan gehiengo handia izango dute errepublikanoek. Hala, dagoeneko 6-3 kontserbadoreak nagusi diren Auzitegi Gorenean izendapenik egin behar denean Trumpek ez du oztoporik izango. Ordezkarien Ganbera da demokratei geratzen zaien azken itxaropena kongresuan; egun batzuk beharko dira Behe Ganberaren osaketa argitzeko.
Demokratek Trumpen arriskuaz ohartarazi dute etengabe: aurkariak «barne-etsaitzat» hartu eta espetxeratuko dituela esan du, eta estatubatuarren aurka Armada erabiltzearen mehatxua egin du. Baina errepublikanoen mezua ere ezinbestean mobilizatu ezean herrialdea galduko zutela izan da. Eta itsu-itsuan mobilizatu dira. Trump, lehen aldiz, hautagai bozkatuena izan da (Hillary Clintonek, hauteskundeak galdu arren, ia hiru milioi boto gehiago izan zituen).
Trumpi argi geratu zaio polarizazioaren estrategiak on egin diola: zentrora hurbiltzea aholkatu diotenei, edo Nikki Haleyrekin kanpaina egitea haren boto-emaileak erakartzeko, muzin egin die, eta muturreko mezua erabili du. Ezin ahaztu, bere kanpainako lelo nagusietakoa etorkinen deportazioa izan dela. Datu ofizialen arabera, 12 milioi inguru dira paperik gabeko etorkinak AEBetan, baina Trumpek askoz gehiago direla dio, 30 milioi inguru, eta denak atxilotu eta kanporatuko dituela esan du, mugaldean horretarako atxilotze esparruak eraikiz.
Hori guztia, ia langabeziarik ez daukan herrialde batean; ekonomia indartsu dabil, eta pandemia osteko inflazioa ere kontrolatzea lortu du. Baina herritarren inpresioa da ekonomia eskas edo ez oso ondo dagoela; “Washington Post”-en hauteskunde eguneko galderan hala erantzun zuten %67k. Eta datuek diotena baino gehiago balio du ziurrenik jendearen inpresio orokorrak.
Alderdi Demokratak, berriz, hausnarketa sakon bati ekin beharko dio: izango da abortu eskubidean gehiegi zentratzea argudiatuko duenik (2022ko agintaldi erdikoetan ere aipatu zen hori, eta emaitzak askoz hobeak izan zituzten), baina gaiari buruzko hamar erreferendumetan abortu eskubidearen aldekoek demokratek bakarrik baino askoz boto gehiago lortu dituzte (Floridan proposamenak ez du aurrera egin, %60 behar zuelako eta %58ra iritsi da baietza). Beste batzuek kanpainan Bidenengandik aski ez bereiztea lortu ez izana leporatuko dionik Harrisi, edo langileen arrangurei jaramon nahikorik ez egitea. Orain bertan, Joe Bidenek bi hilabete eta erdiko agintaldia dauka, Donald Trump Etxe Zurira itzuli aurretik.