INFO

Antolatzaileen akats larriek euskal korrikalarien jardunak zigortu dituzte

Skyrunner World Serieseko azken lasterketaren ibilbideak ez zuen marka egokirik izan, ezta ia kontrol gunerik ere. Horrek korrikalari guztiak ibilbidetik ateratzea eraman zuen. Irune Velez de Mendizabal eta Hodei Samaniego euskal herritarrak seigarrenak izan ziren.

Irudian, SWS zirkuituko azken hitzordu polemikoan parte hartu zuten euskal lasterkariak. (EMF)

Joan den asteburuan, Skyrunner World Seriesek azken proba izan zuen. Hain zuzen ere, Turkian: Sagalassos. Lasterketa horretan gertatutakoa zaila da azaltzea. Anabasa erabat gailendu zen, eta horrek polemika bizia sortu. Korrikalari askok zirkuituan postuak hobetzeko eta laster jokatuko den finalean sailkatzeko asmoarekin bidaiatu zuten.

Nazioarteko izaera duen zirkuitu horren (Munduko Kopa deitzen zaio) sailkapen ofizialak arazoak izan ditu. Sagalassoseko antolatzaileek hanka sartu zuten; hots, lehia hori irregulartasunen zurrunbiloan egon zen. Harrigarria bada ere, lasterkariak ibilbidearen hainbat zatitan galduta ibil ziren; izan ere, ohiko marka egokiak ez zeuden. Hortaz, gain track ofizialik ez zegoen, eta horrek egoera nahasi hori zaildu zuen. Anabasa beste akats batzuekin biderkatu zen: korrikalarien denborak hartzeko krono eskasa, ia kontrol gunerik ez… Leherketa, berriz, lehiakideek jasotako zigorrekin heldu zen.

Trail Runningeko Nazioarteko Federazioari azken hitzorduak eskuetatik «ihes» egin zion. Sagalassoseko antolatzaileek eginiko hanka-sartze horiengatik, zaila egin zaio sailkapen ofizial bat egitea. Kritikak, bederen, ugari jaso ditu. Besteak beste, Euskal Mendizale Federazioko korrikalarien aldetik.

«Hondamendi» horrek adibide asko izan zituen. Euskal ordezkarien jardunei dagokienez, Aitor Ajuria lasterketatik kanpo utzi zuten. Korrikalariak onartu du maiz galdu zela ibilbide horretan; une jakin batean, gainera, artzain batek aurkitu eta bere motozikletan herrira eraman zuen. Egoera bera korrikalari askok bizi izan zuten. Irune Velez de Mendizabal lehena izan zen helmugan, baina zigortu eta sailkapen ofizialean seigarren postuan amaitu zuen. Ainara Urrutia ere erokeria horren zurrunbiloan egon zen. Beste lehiakide batekin zela, marka gutxi batzuk jarraitu eta konturatu ziren ibilbidearen kontrako noranzkoan zeudela.

Zigorrak

Sagalassoseko antolatzaileak saiatu dira akats horien inguruan azalpenak ematen, eta ohar batean diote nahasmen egoera hori korrikalari batzuek sortu zutela. Hain zuzen ere, aipatzen dute hainbat lasterkarik ez zituztela marka egokiak jarraitu. Hitzorduak hiru distantzia zituen: 17, 27 eta 42 kilometro. Azken hori nazioarteko zirkuiturako baliagarria zen. Nahasmen horiek zuzentzeko, antolatzaileek zigorrak ezarri zituzten. Korrikalarien «hanka-sartzeen» arabera ezberdinak izan ziren: 15 minututik ordubetera.

Horregatik, lasterketaren amaieran bi sailkapen eman ziren. Ofizialari dagokienez, ISF federazioak dio Roberto Delorenzi suitzarrak eta Emma Cook-Clarke kanadarrak irabazi zutela. Bi euskal korrikalarik lehen hamarren artean amaitu zuten. Hodei Samaniego eta Irune Velez de Mendizabal seigarren postuan sailkatu ziren.