David Perez Sañudoren ‘Azken erromantikoak’ filmaren aurrerapena, NAIZen
Azaroaren 15ean iritsiko da zinema aretoetara David Perez Sañudo zinemagile bilbotarraren ‘Azken erromantikoak’, Txani Rodriguezen izen bereko eleberrian oinarritutako eta Miren Gaztañaga protagonista duen filma. Harrera bikaina egin zitzaion Donostiako Zinemaldian.
Donostiako Zinemalditik pasa ostean, ostiral honetan, azaroak 15, iritsiko da zinema areto komertzialetara David Perez Sañudok zuzendutako ‘Azken erromantikoak’ filma, eta NAIZek filmeko bi eszena eta parte hartzaileen esperientziak biltzen dituen bideoa ikusteko aukera eskaintzen du primizian.
Pelikula Txani Rodriguezen ‘Los últimos románticos’ –Seix Barralek argitaratua, Gaztelaniazko literaturako Euskadi Saria eskuratu zuen 2021ean– eleberrian dago oinarrituta eta Miren Gaztañaga (‘El guardián invisible’) du protagonista. Antzezle taldearen erdigunean daude baita ere Maica Barroso eta Erik Probanza.
Irune (Miren Gaztañaga) da filmeko protagonista. Emakume bakarti eta hipokondriakoa da, herri industrial bateko paper lantegian lan egiten duena. Bere harremanak ezagun talde txiki batera mugatzen dira, lankideak, bizilaguna eta Renfeko langile bat, baina bere bizitzak goitik beherako eraldaketa jasango du bularrean kozkoz bat topatzen diotenean.
Lan-gatazkek ere badute filman lekua, klip honetan ikus daitekeen bezala:
Gaztañagak NAIZ Irratian adierazi zuenez, berarentzat «opari bat izan da» film honetan parte hartzea, Perez Sañudo eta Marina Paredesek, filmerako osatu duten gidoiean, «nobelaren esentzia oso ondo» islatu dutela iritzi zuen. «Aktore bezala opari bat izan da. Ez da pertsonaia arrunt bat eta naturalismo ukitu bat eman behar zitzaien irteera friki horiei», azaldu zuen.
Perez Sañudo, bere aldetik, filmaketaz eta euskarazko pelikulak filmatzearen garrantziaz aritu zen NAIZi eskaini zion elkarrizketa honetan.