Atxagaren ‘Etiopia’ berrargitaratu du Ereinek, 46 urteren ostean «beste jantzi batez»
Atxagaren ‘Etiopia’ liburua berrargitaratu du laugarren aldiz Ereinek, ostiral honetan aurkeztu dute. Jon Aranguren arduratu da irudiaz, Anari Alberdi kontrazalaz eta Iñaki Aldekoa hitzaurreaz.
1978an argitartu zuen lehen aldiz Bernardo Atxagak ‘Etiopia’, 300 ale besterik ez zituzten argitaratu, 1983an bigarren edizioa Ereinek atera zuen, 1988an hirugarrena, eta ostiral goiz honetan aurkeztu dute laugarren berrargitarapena, «beste jantzi batez». Inazio Mujika editoreak eman ditu nondik norako nagusiak, eta alboan izan ditu Jon Aranguren, irudiaz arduratu dena, Anari Alberdi, kontrazaleko sintesia egin duena, eta Atxaga bera.
Aurkezpenean, oholtzan zeudenik zein oholtza azpiko lagunek aitortu dute fotokopietan jaso zutela liburua, eta Mujika arduratu da obraren orain arteko ibilbidearen errepasoa egiteaz. 78ko edizioan Jose Manuel Susperregiren argazkiak zeuden; Ereinen lehen argitalpenenan bi poema gehitu zizkioten, «garai berean idatzitakoak» zehaztu du. 88an, puntuazioa eta «beste gauzatxo batzuk» aldatu zituezten eta laugarren berrargitarapen honetan etorri dira aldaketa gehienak.
Aranguren arduratu da irudiez, azalekoaz zein barrukoez. Hitzaurrea Iñaki Aldekoak idatzi du, «liburuari, garaiari eta obrari idazteko eskatu genion» kontatu du Mujikak. Alberdiri ere jarri zioten zeregina: «Berarentzat ‘Etiopia’ zer izan zen sintetizatzeko eskatu genion, kontrazalean jartzeko bezain sintetiko egitea». Editoreak azaldu du «egungo irakurleengana egokitu» dutela lana, zenbait hitz aldatuz. Hala ere, Mujikak berak aitortu du batzuk ez dituztela aldatu: «‘Fast Fatum’-en esaterako, ‘maite haunat’ mantendu dugu, nahiz eta euskara batuak ‘maite haut’ jasotzen duen», Ordorikaren kantuak eragina izan duela aitortu du irri artean.
Anai-arrebak, Bilbo eta Euskal Herria
Liburu honen lehen berezitasuna Atxagarentzat jendea da, «anai-arrebak» aurkitzeak asko hunkitzen duela azaldu du, eta liburu honekin topatu dituela baieztatu. «Idazlearekin bakarrik ez da ezer egiten, jendea behar da eta horrela egin zen hau ere. Etxean egin genuen, Hondarrabiko hondartzara joan ginen desertuko irudiak egitera, guk geuk argitaratu genuen Portugaleteko inprenta txiki batean, modu xumean egin genuen. Baina liburu honek kideak topatu zituen», kontatu du idazleak.
«Kideak» esaterakoan irakurleak hartu ditu kontuan batetik, eta bestetik, bestelako artistak, Ruper Ordorika eta ‘Hautsi da Anphora’ jarri ditu adibidetzat. Euskal Herrian eta euskaraz argitaratzea izan du mintzagai jarraian, hainbat hausnarketa plazaratuz: «Ez da munduan Euskal Herria baino toki hoberik zerbait argitaratzeko. Kafkak bazekien, eta berak esaten du ‘ze gauza, txekieraz idatzen dutenek zein bizimodu literario intentsoa duten, askotaz ere hobe da hizkuntza gutxitu batean idaztea obrak halako eragin, oihartzun soziala izan dezan’. Eta nik adibide bezala liburu hau bera hartzen dut, Euskal Herria elkarte bat zen ia herri bat baino gehiago; eta elkarte horretan geunden pintoreak, musikariak, irakasleak… eta horrelako liburu xume batetik bapatean tabernan entzuten den kantu bat sortzea, hori sozializazio maila ikaragarri bat da».
«Horrelako libururik ezin da idatzi Bilborik gabe», bota du baieztapena, jakina da Atxagarentzat leku berezia dela, eta ostiral honetan berriro errepikatu du. Batetik, bertan zegoen teatro eskaintzak «txunditzen» zuelako, bigarrenik Bilboko paisaia maite duelako eta hirugarrenik, bertan bizitakoen ostean Bizkaiko hiriburuak «enamoratu» zuelako: «Sentitzen nuen unibertso hori zela nire unibertsoaren epifania». Eta gaineratu du liburu hau bera zein ‘Obabakoak’ zein beste asko ez zirela posible izango bestela.
Lenguaiari buruzko bere gogoetak plazaratzeko ere baliatu du unea: «Oraindik bada helburutzat dudan gauza bat, lenguaiaren erabilera lehen bezala orain ere higuingarria da, faltsua da, krimena estaltzen du, gezurrarekin eraikitzen du gizartea. Zuk idatz dezakezu liburu bat zure esperientzia kontatuz, baina beti gogoan izan behar da hitzek lan egiten dutela gehien ordaintzen dietenen alde». Eta horregatik, bera lenguaia horren apurketan dabilela azaldu du, «horregatik pentsatzen dut nire poemarik ez dela inoiz ekitaldi ofizial batean egongo».
Irudiak eta oroitzapenak
Arangurenek ‘Etiopia’ irudietara eramateko prozesua nolakoa izan den azaldu du, erronka jaso zuenean pentsatutakoa bota du lehendabizi: «Ederra ohorea eta ederra marroia!». Kontatu du kostatu zitzaiola liburua ulertzea, eta batez ere Susperregik zergatik erabili zuen hondarra ulertzea. «Horma sendo bat arrakalatu edo bota zuena» iruditu zitzaion obra osoa, eta «harria nola bihurtu hondar» esperimentatzen hasi zen. Kasu honetan, Hondarribian ez, Almeriako desertuan eta Aldazko harrobian hartu zituen argazkiak.
Eta gero etorri zen esperimentazioa. «Ez da testuen irudikapena, atmosfera eta sentsazio bat sortzeko dira, akonpainamendua da», argitu du; eta hitzartzearen amaieran bere ondorioa bota du: «Liburua bera, nateria bat da, zerbait infinitua, hondarra izan daitekeen».
Alberdiren kasuan, ‘Etiopia’ eskuratu zuenean, irakurle gaztea zela azaldu du eta «liburu zaila» iruditu zitzaiola. Hala ere, batez ere gogoratzen duena igande arrats batean taberna batean entzundako kanta baten bidez iritsi zela liburura da; eta berak ere, liburua fotokopietan izan zuela kontatu du. «Arrazoiaren oskola nola hautsi dezaken poesiak», sumatzen duela liburu honetan hausnartu du.