INFO
Interview
Dani Fano
Komikigilea

«Komiki irakurlea izateko garai oparoa da, sortzaile izateko ez da inoiz izango»

Euskarazko komikigintzaren plaza izango da Hernani gaur eta bihar. Udalak hainbat sortzaile eta argitaletxerekin sustatua da jaialdia, Dani Fano tartean. Komigintzak gurean bizi duen egoeraz eta etorkizuneko erronkez aritu da elkarrizketan donostiar komikigilea.

Ezkerrean, komikiak sinatzen Dani Fano. Ondoan, Alex Sanvi eta Patxi Huarte, Zaldieroa. (HERNANIKOMIK)

Hernanikomik jaialdiak ostiral eta larunbat honetan irekiko ditu ateak Atsegindegin. Hernaniko Udala, Hernaniko udal liburutegia eta komikigile sare bat aritu dira egitaraua prestatzen: Mikel Begoña, Aritz Ibarra, Koro Muro, Ainara Azpiazu ‘Axpi’, Alai Zumendi, Gregorio Muro Harriet, Dani Fano... Baita argitaletxeak ere.

Jaialdiaren nondik norakoak, euskarazko komikigintzak bizi duen errealitateaz eta aurrera begirako beharrak izan ditu hizpide Dani Fanok (Donostia, 1968) NAIZi eskainitako elkarrizketa honetan.

Hirugarren urtea du Hernanikomik jaialdiak. Liburu aurkezpenak dira egitarauaren ardatza. Aurten izango diren hamar aurkezpeneratik sei labetik atera berri-berriak izango dira. Ondorengo argitaletxe eta denda hauen postuak egongo dira azokan: Argia, Elkar, Gaueko komiki denda, Harriet, Herrima, Ikastolen Elkartea-Xabiroi eta Nabarralde.

Bada besterik. «Saria ematen dugu urtero, lehenengo edizioan Jon Zabaletari eman zitzaion, iaz Juan Luis Landari eta aurten Asisko Urmenetari. Horri lotuta Asiskoren marrazki originalen atzera begirako erakusketa egingo da. Baita euskarazko Space Operari –zientzia fikzioaren generoa, espazioan kokatzen diren lanek osatua– buruzkoa ere. Oso interesgarria, Mikel Begoñak sortu eta ondua duena», aurreratu du.

Hirugarren edizioa egitea bera albiste ona da, ezta?, galdetu diogu Fanori. «Askotan esaten diogu administrazioari berak dituela baliabideak, guk ideiak eta irismena egile sare guztira. Baliabideak jartzea euskal komikigintzari plaza jartzeko oso berri ona da», esan du.

Plazaren beharra

Era honetako jaialdi baten beharra ikusten zuten sektoretik. «Ez zegoen plazarik ardatza euskarazko komikigintza zuenik. Esan gabe doa euskaraz egiten den komikiaz ari naizela, lehen ez, baina orain matizatu egin behar da. Hernaniko Udala dinamikoa da eta euskal kulturarekiko jarrera ezaguna du. Beste hainbat agente ere elkartzen ginen bere inguruan lagun genezakeenak», kontatu du komikilariak.

Plazarik ez izatearen ondorioa ikusgarritasuna da batetik. «Euskal kulturari gertatzen zaion gauza bera da. Hernaniko plazak lekua emango dio komikigintzari eta komikigintzak emango dio euskal ekoizpenari».

Kuoten gaia jarri du mahai gainean. «Beste herrialdeetan kuotak daude eta beste tratamendu bat du kulturak. Frantzian zorrotz aplikatzen dituzte. Adibidez, pantaila kuotak. Karteldegira iristen diren filmen ehuneko jakin batek Frantzian ekoiztuak eta frantsesez izan behar dute derrigorrez. Berdin telebistan. Hori ez da euskararekin gertatzen. ETBk ez du euskarazko lanarekiko legezko kuotarik. Borondateak bakarrik ez du balio. Plazak zuk egiten duzun lana, sortzen duzun kultura erakusteko lekuak izatea ezinbestekoa da irisgarritasunagatik eta ikusgarritasunagatik, gure irakurleengana iritsi nahi badugu...», esan du.

Eta saretzea. «Bai, beti da azoken helburu nagusienetako bat. Hernanikomik-en hasieratik helburu horixe jarri dugu. Sortzaileek senti dezatela euren etxea bezala. Batzuk etorriko dira egitarauan parte hartzera lan berria dutelako, beste batzuk sinatzera eta horiez gain izango dira elkarrekin egotera hurbilduko direnak; saretzeak gorputza ematen dio», azpimarratu du.

Argitalpen berrien aurkezpenak

Egitarauak foku berezia jartzen die nobedadeei, uzta berriari. Durangoko Azoka ate joka da eta bertako salmahaietan egongo diren hainbat izenburu aurkeztuko da Hernanin. «Hernaniko komiki azokan egongo diren lan berriak Durangon egongo dira. Baina guk leku espezifiko bat nahi genuen, hain zuzen, fokua komikiari jartzeko eta lehen komentatu dugun saretzearengatik. Durangoko Azoka handia da baina Hernaniko plazan, txikiagoa izanik, intentsitate handiagoa izango da».

«Komiki azoka antolatzen ari garenon asmoa da aurtengo aurtengo berritasunei oihartzuna ematea. Hain zuzen, lan berri bat kaleratzen dugunean horixe da sortzaileok behar duguna», nabarmendu du.

Zergatik Hernani, zein da komikiarekin duen lotura? «Batetik, herri gutxik dute denda espezializatua eta Hernanik badu: Gaueko. Komiki egile batek darama, Alai Zubimendik. Bestetik, historikoki herrian sortuak dira Gregorio Muro Harriet eta Jon Zabaleta, esaterako. Ingurukoa da Antton Olariaga. Gaur egungo egileetara etorrita Alai Zubimendirekin batera hor dago Ainara Azpiazu ‘Axpi’. Horrez gain, Institutuan irakasle aritu zen urte askoan Ivan Mata, Gregoriorekin batera hainbat lan egin zituena, nazioartean maila handiko komikiak...  Bai, esan daiteke herriak izan duela komikigintzarekin harreman estua», kontatu du.

Zaleak eta komigintza orain arte urrun ikusi dutenak, denak dira ongietorriak. «Zaleak direnak komikia ezagutzera eta ez dena komikiaren mundua ezagutzera. Horren lekuko, ostiral goizean, lehen edizioan egin bezala, ikasleak eta jubilatuak etorriko dira mundu hau ezagutzera. Nire ustez, komiki azoka hauek eduki behar duten ezinbesteko ezaugarria da hau. Eta Atsegindegi bezalako plaza irekian egiteak erakar ditzake bestelako toki ezkutuago batean eginez gero hurbilduko ez ziren herritarrak. Bihur dadila Hernanikomik denok agendan gorriz jartzen dugun hitzordua», adierazi du Fanok.

Bisitariak gehitzen eta profila aldatuz joan da, urtez urte. «Bigarren edizioan nabaritu genuen ez direla ingurukoak bakarrik inguratzen, Euskal Herriko komikizaleak etortzen zirela. Zaletasunik ez dutenek ere izango dute aukera polita marrazkilariak zuzenean lanean ikusteko, euskaraz zer ekoizten ari garen ikusteko... Mundu oso bat».

Bazterrean

Beste hainbat jarduerekiko bazterrean uzten badute agintariek komikigintza, kulturgintzaren barruan ere bazterrekoa da? «Bai. Guk bi kultura zapaltzaile ditugu alboan, frantziarra eta espainola. Iparraldeko jendeak komikiak beste era batera bizi du. Kultura frankofonoan komikiak badu beste errespetua. Hegoaldean komikia oso bazterrekoa izan da, haurrentzako zerbait. Zorionez, azken urteotan dezente aldatu da hau. Kultur prentsak bai kultur zaleek beste era batera begiratzen diote komikiari. Hori gertatu da komikiak ere bere bideak eta bere estiloak zabaldu dituelako. Gaur egun euskaraz ere denetatik aurki dezakezu, oso gai ezberdinak komikian jorratuta eta oso estilo desberdinarekin. Alde horretatik irakurle izateko garai oparoa da, sortzaile izateko ez da garai oparoa inoiz izango –irribarrez–. Oraindik nahiago nuke harrera hobexeagoa, zeren nik uste dut ondo ari garela euskal komikigileak. Bai kuantitatibo bai kualitatiboki, urtero errepikatzen den ekoizpena kontuan hartzekoa da».

Erakunde publikoei Fanok eskatzen die «euskara eta euskal sortzailea babestea legalki eta ekonomikoki».