Beñat Gaztelumendik finaleko aulkia ziurtatua du, Oiartzungo saioa irabazita
Finaleko lehenengo aulkiak gutxienez, baditu izen abizenak: Beñat Gaztelumendi Arandia. Oiartzunen jokatu da igande arratsalde honetan lehen finalaurrekoa eta berak irabazi du 560,5 puntu eskuratuta.
Oiartzungo Elorsoro udal kiroldegian izan du Gipuzkoako Bertsolari Txapelketak igande arratsalde honetarako zita, lekua ezagutzen duenak badaki ez dela bereziki kiroldegi beroa, eta behe lainoak hartutako egunak ere ez du gehiegi lagundu, kosta zaio saioari berotzen.
Beñat Gaztelumendik irabazi du saioa eta beraz, Illunbeko finaleko txartel zuzena eskuratu du 560,5 punturekin. Kantukide izan ditu puntuazioaren hurrenkeran, Ane Labaka (552 puntu), Nerea Elustondo (522,5), Asier Azpiroz (475,5), Oier Etxeberria (468,5) eta Eli Pagola (449).
Zortziko nagusian abiatu dute saioa, Etxeberria eta Gaztelumendiri batera kantatzea egokitu zaie lan honetan, 40 urte inguruko lagunak izan dira, eta kuadrilan bikoterik ez duten bakarrak dira, Etxeberria egoerarekin kezkatzen hasia da. Bertsoaldiaren amaierarako, umore eta alaitasun puntua lortu dute, Etxeberriak proposamena egin dio: «...bakardadea heltzen bazaigu/ hemendik eta gerora/ beti elkartuko ahalko gara/ bat bestearen ondora». Eta Gaztelumendik baizkoa: «Etorri zaitez nire ondora/ ni bizi naizen jitera/ eta besteak joan daitezela/ merendolak egitera».
Elkar entzun eta eraikitzea
Zortziko txikian rol bana eman eta launa bertso kantatzeko ariketa izan da lehen ariketa ezberdina fase berrian, eta bertsolariak oraindik ariketari ezin tamaina hartuta bezala ibili dira, guztiz askatu gabe. Elustondo eta Gaztelumendirena izan da ariketa honetan bertsoaldirik borobilena, magoa izan da Elustondo eta publikotik ateratako boluntarioa Gaztelumendi, «...nahiz ikusten zaitudan /bastante patxadan/ sar zaitez kaxa hontan/zatitu zaitzadan», esan dio magoak hasteko eta erantzun «...metro´terdi bakarrik/ horixe naiz aizu/ ni gehiago zatitzen /kosta behar zaizu». Elustondok, kaxan sartu eta kapeletik ateratzea proposatu dio, edo nahiago badu uso bihurtzea: «...makilatxoa hartuta/artxila mortxila / bertsolaria uso/ bihurtu dadila», bolondresak erdi harrotuta edo, «...bertsolaria uso/ ederra bota du/ uso mezulariak/ lehendik bagara gu».
Seiko motza ganbarakoan iritsi da, honela zioen gaiak: «Bikotea zarete, une gogorra bizi izan duzue elkarrekin, baina indartuta atera zarete». Labaka eta Gaztelumendik haurra galdetu duen bikotearen gorputzetik kantatu dute, «...izan ez arren jakin ondoan/ egongo naizela/ bizi izan dugu horrela/ tabu bat balitz bezela/ gero jakin dut beste askori gertatu zaiela». Labakak, min batzuk «ahoskatzea» zein zaila den gogoratu du eta ondoren: «Fetua ezin errolda/ barrua lokatz estolda/ indartu gera goxatu gera/ hala izango da/ bilduz elkarren ondora/ hilbera edo hilgora/ berriz saiatu aurretik hartu/ dezagun denbora».
Puntuka zortzina bertso osatzeko ariketa ez da lan xamurra izaten, batez ere egoera batetik abiatu eta aurrera egitea eskatzen diolako bertsolariari, eta bertsozalea berarekin eramatea. Oiartzungo saioan lortu dute bertsozaleak konektatzea, hiru bertsoaldietan oro har.
Kale garbitzaileak, kirolariak, medikuak
Gaztelumendiren bakarkakoarekin, saioko lan puntuatuenarekin, Donostian barrena ibili gara, kale bazterrean lotan gero eta pertsona gehiago ikusten dituen kale garbitzailearen paperetik kantatu du. Bulebarretik Plaza Berrirako bidea egin du lehen bertsoan: «...hainbeste jende delako/ kalean geratu dena/ ta bizitokitzat kartoi/ mehe bat hartu duena/ horixe da Donostiaz/ kontatzen ez digutena». Bigarreneean udalak erabakita Gipuzkoako hiriburuan «portalak barroten itxi eta afariak debekatu" direla gogoratu du. Eta azkenekoarekin borobildu du, udaltzaingoa etorri eta berak erratza hartu duenean: «...lehen garbi zegoen lurra/ arraskatu eta berritu/ Europak biziko bada /gaur burgesak behar ditu/ ta hala gabiltza kaleak /garbitu eta garbitu».
«Urte sabatikoa hartu zenuen duela hilabete batzuk, buruan plan asko zenituen arren, gurasoen zaintza lanetan pasa duzu orainarteko denbora», zihoen Labakaren gaiak. Lehenengo bertsoan zaintza gutxien espero denean behar izaten dela kontatu du, bigarrengoan Kubara joateko zituen planak utzi eta sentimenduak adieradi ditu, ezin dotoreago, eta ezin gordinago: «...Eta ez dakit nola ezkondu/ kanpoa eta barrua/ aurrean daukat murrua/ eta barruan amorrua/ nahasta bat soilik bilakatu naiz/ sentipenen desterrua/ ez joatearren tristura eta/ tristuragatik errua». Eta amaieran borobildu du, «ai teorian ze erreza den, ta ze zaila den praktikan».
Elustondok aktualitateari erantzun dio bakarkakoan, «politikaria zara, gaur aurkeztu duzu dimisioa» izan du gaia, eta Carlos Mazonen gorputzetik abestu du, entzulea Valentziara eramanez. Lehen bertsoan dimisioa aurkeztuko zuela sinestarazi digu: «Zenbat tinta isuri den/ bi asteak pasatuta/ probintzi oso oso bat/ manifetan kexatuta/ badakizue ibili/ nintzen ondo bazkalduta/ eta bazkalostekoak/ ere majo luzatuta/ uholdeak gertatzean/ nahiz ta ez den nere kulpa/ Mazon naiz eta banoa/ nere maleta hartuta/ goizean esandakoa/ hobeto pentsatu dut ta». Eta azken bertsoan, hobe pentsatu duela eta ez duela dimitutuko aitortu du, entzulea harrapatuz: «...Ba ez den alde egingo/ hontan segiko det ta kito/ Pedro Sanchezi ez diot/ halako errez jarriko».
Azpiroz medikua izan da bakarkako lanean, eta ohartu da azken aldian gero eta paziente gehiago joaten zaizkiola lotarako arazoekin, hausnarketa interesgarriak plazaratu ditu: «...ta konponbide pastilla/ kaxa piloa enkargu/ ohera goiz joan baina/ loak hartzeko berandu/ presaka bizi gera ta/ lo egiten ahaztu zaigu».
Pagolak goitik behera azaldu digu kiroldegi profesional baten momenturik onenean lesioanatzeak dakarrena, ezker besoko lesioa azaldu du lehendabiziko bertsoan, eta kirol munduko etorkizuna amaitu zaiolakoan hitz egin du bigarrenean: «...izango nuke etorkizun bat/ kirolen bueltan bizitza/ nik nahi nuena esan ahala/ ta nahiko diru baldintza/ tekniko izan edo bestela/ taldeko zuzendaritza/ hori guztia izango nuke/ gizon izango banintza».