300 kilogramo hondakin jaso dituzte Gipuzkoako kostaldean
Pasa den igandean Itsas Zaintza Sareak Gipuzkoako kostaldeko hondakinak bildu zituen, guztira 300 kilogramo hondakin jaso zituzten, eta antolatzaileek jakinarazi dute 12.800 objektu baino gehiago bildu dituztela.
Itsas Zaintza Sareak sustatutako ekimenean 235 herritar elkartu ziren joan den igandean, eta 60 kilogramo hondakin jaso zituzten Zarautzen, Donostian, Pasaian, Hondarribian, Zumaian eta Mutrikun deitutako itsas hondakin bilketak.
Orain artean MATER Ontzi Museo Ekoaktiboak koordinatutako eta 50 eragilerekin batera egindako «aldi bereko ingurumen sentsibilizazio ekintzarik handiena» izan zen. Sarearen helburuetako bat inguruaren ezagutza gizartearekin partekatzea da, eta jasotako zaborraren «karakterizazioa» ere egin zuten. Karakterizazioa, bildutako obejktu bakoitza bereizteko eta kontabilizatzeko prozesua dela jakinarazi du Itsas Zaintza Sariak, administrazioa eta ikerketa zentroei helarazten dizkiete datuok.
12.800 objektu eta hondakin zati baino gehiago bildu zituzten. Nabarmendu dute gehienak plastikozko pieza degradatu eta zatikatuak izan zirela, tamaina desberdinetakoak eta hauetan poliespana edo kortxo zuria izan zen nagusi Zarautzen, Mutrikun eta Zumaian.
Plastikozko pieza horiek «mikro eta nanoplastiko bilakatzeko bidean» daudela jakinarazi dute antolatzaileek, eta laster ikusezin bihurtuko direla begi hutsez, «baina ingurumen eta osasun publikkoko arazo handi bat suposatzen dute». Eta antolatzaileek izaki bizidunengan duten eragina nabarmendu dute: «Elikagaien kate trofikoan sartzen dira, baina baita uraren zikloan ere, arnasten dugun airean nahiz hartzen dugun edozein edaritan presente egonda».
Itsasoa zaintzeko garrantzia azpimarratuz amaitu dute oharra: «Itsasoa ez da zabortegia, bizi-iturria da, eta zaindu eta errespetatu egin behar dugu etorkizun osasungarria ziurtatzeko».