Erkiaga eta Ibarluzeak oso ondo bideratuta dute Gernikako finelerdietarako bidea
Olharan eta Zabalak bigarren seta irabazteko aukera izan dute bart (15-9, 15-13), baina ihes egiten utzi diote eta, zero punturekin, gauzak oso zail jarri zaizkie.
Etxeko lanak ondo eginda, Erkiaga eta Ibarluzeak oso ondo bideratuta utzi dute euren Gernika Winter Serieseko finalerdietarako bidea, Olharan eta Zabalari bi setetan irabazita (15-9, 15-13).
Partida entretenigarria izan da bart gauekoa Gernikako Jai Alai pilotalekua goraino bete duten zaleentzat. Bizia, ikusteko arina, erremate askokoa eta norgehiagokaren amaiera aldean, emozioz jantzi dena. Bikote zuria bigarren setaren amaieran konturatu da, baietz, partida irabazi zezaketela. 12-8 galtzen joan eta gero, 12-12 berdindu dute eta partidako momentu onenak eskaini dizkigute. Batez ere lehenengo setean galtzaile paperean egon dira baina hortik aurrera, euren buruagan sinetsi dute eta publikoak ere baietz esan die. Emozio eta tentsio handiko tantoak izan dira. Olharan lurrean erreboteatzen, Zabala aurrelariari oihuka animatzen... ondo estutu dute partida eta baita harmailak piztu ere. Baina Erkiaga eta Ibarluzea euren lekuan mantendu dira eta oraingoan ere ondo egin dituzte etxeko lanak. Aritzen inguruan, ia guztia kontatuta dago... Ibarluzeagatik zer esan. Partidu oso ederra jokatu duela. Errebesez dominatu egin du, pilotarik apenas galdu du eta Erkiagari zein publikoari, konfiantza handia transmititzen dio.
Partida aldeko jarri zaie Winter Serieseko egungo txapeldunei. Lehen tantoa saihetsez egin du ispastertarrak, 4-1 ere jarri dira aurretik, Olharanek hormabikoz egin du zurien bigarrena (4-2) baina arrosek izan dute jokoaren agintea. Tanto klasiko bat, 6 eta 2-koa: Ibarluzeak errebesez dominatu, Zabalak atzetik ahal bezala eraman, Erkiagak aurrean bilatu eta eskumaz horma biko perfektua. 8-4 joan dira atsedenaldira eta handik bueltan, Ibarluzea markinarrarena izan da hurrengo tantoa. Atzean, behar den lekuan, pilota baztertuta (9-4).
Tanto bitxi eta ikusgarririk ere izan dugu. Olharanek bi pareta bota, Aritzek sarearen kontra nolabait eraman (baina eskuarekin sarea heldu gabe), postura horretan bi pareta altua bota eta azkenean Olharan bera sarearen kontra eta aurre-aurrean, pilota frontisera eraman ezinda (11-4). Jokoa jada esku-eskuan eta zuriek zer galdurik ez, markagailua txukuntzea lortu dute Jeanek eta Jonek (15-9).
Nahikoa izan ez den erreakzioa
Bigarren jokoan, zurien jarrera aldatu egin da. Biziago irten dira, Erkiagak ere errematean hutsak egin ditu eta 1-4 jarri dira Olharan eta Zabala aurretik. Launa, bosna eta seina ere egin dute eta atsedenaldira 8-6 joan dira pantera arrosak. 11 eta 7-koan Erkiagak hiru bider jarraian bota du atzera, hiru aldiz etzan dira lurrean aurkariak pilota «buena»-ra eramateko baina azkenean Erkiagak horma-bikoa eskumaz.
Partida eskuetan izan dute arrosek baina momentu horretan, bikote zuria piztu egin da. Lehenbizi, Zabalak txapa gainean moztu duen pilota batekin (11-8). Ondoren, Erkiagak errematean huts eginda (12-9). Olharan gorputz eta arima, lurrera botata erreboteatzen ikusi dugu eta amorrazio horrek tantoak eman dizkie. Lau egin dituzte erreskadan 12-12 berdintzeraino. Azkena itzela, Olharanek errebotez txik-txakera. Baina zailena eginda, berriz etorri dira zurien hutsak eta arrosen bertuteak. Olharanek sakea ezin izan dio Erkiagari kendu, hau airez sartu da eta ez du barkatu (13-12). Hurrengo tantoan, Zabalak ezker paretan gora bota du (14-12). Berriz tanto batera jarri dira zuriak, Olharanen errebote bati esker (14-13) baina berdinketarik ez da gehiago izan. Atzelari markinarrak goiko txapara pilota bota eta hor amaitu da partida.
Orain zer?
Erkiaga eta Ibarluzea 8 punturekin daude eta +14 tantoko averagea daukate. Matematikoki ez daude finalerdietan, baina miraria litzateke kanpoan geratzea. Olharan eta Zabalak zero punturekin jarraitzen dute, -13 tanto kontran. Zer behar dute sailkatzeko? Urrutia-Basque eta Johan-Lekerikarekin batera, hiruko berdinketa bat gertatzea. Hirurak ere lau punturekin. Gauzak zail, tanto-averagea ere ez baitute ona. Baina oraindik bizirik daude.
Datorren astean A multzoari dagokion partida benetan interesgarria eta itxuraz parekatua: Urreisti eta Gorka Sorozabal, Laduche eta Manciren aurka. Zesta-eskoletako umeak ere kantxan izango dira. Gaurkoan Markina-Xemeingo umeen txanda izango da eta astez aste aldatzen joango dira.