Hezkuntzako sindikatuek negoziazioan epemugak ez dituztela onartzen jakinarazi diote Gimenori
Nafarroako Hezkuntza publikoko mahai sektorialeko sindikatuek negoziazioetan epemugak jartzearen aurka daudela jakinarazio diote Carlos Gimeno kontseilariari. Hilaren 28a baino lehen konpromisoen aurretiko akordioa sinatzeko eskatu zien.
Nafarroako Hezkuntza publikoaren mahai sektorialeko sindikatuek (Steilas, ANPE, AFAPNA, LAB, CCOO eta UGT) Carlos Gimeno aloreko kontseilariari jakinarazi diote negoziazioetan epemugak jartzearen aurka daudela.
Horrela erantzun diote sindikatuok, ohar baten bidez, Hezkuntza Departamentuak azken mahai sektorialean aurkeztutako dokumentuan ezarri zituen epemugak ez dituztela onartzen esanez, «itun baten negoziazioa ezin baita horrela mugatu».
Horrekin batera, Hezkuntza Departamentuaren proposamenari dagokionez, indarrean dagoen itunean agertzen diren irakasleek eta ikastetxeek eskuratutako eskubideei eusteko bermea sartzea eskatzen dute idazkian, 2025ean beste bat negoziatzen hasi ahal izateko.
Steilas, ANPE, AFAPNA, LAB, CCOO eta UGTk ere ez dute onartzen «neurri horien balizko akordio bat hezkuntza itun berri baten sinadurarekin lotzea».
Behin betiko proposamena
Gimeno kontseilariak joan zen astelehenean helarazi zien azken proposamena sindikatuei, ‘Hezkuntzaren Ekitatea eta Kalitatea Hobetzeko Ituna’ delakoa sinatzeko edukien behin betiko proposamena, eta azaroaren 28a baino lehen orain arte lortutako hasierako konpromisoak biltzen dituen akordioa sinatzeko eskatu zien.
Eskaintza horren baitan, Departamentuak 55 urtetik gorako irakasleei eragiten zieten neurriak kendu zituen, eta errefortzu pedagogikoa Bigarren Hezkuntzara hedatzea, deskonexio digitala lantzea eta soldata eskariak Funtzio Publikoko Mahai Orokorrera eramatea eskaini zuen, besteak beste.
Horren aurretik ere intersindikalak errefusatu egin zuen Gimenoren proposamena, «nahikoa ez zela» argudiatuta.