«Iazko finalean dena kontrolpean nuela uste nuen eta gainera etorri zitzaidan»
Zenotzeko aurrelaria lezioa ikasita helduko omen da aurtengo Lau eta Erdiko Finalera, bere ibilbidean jokatuko duen hirugarrenera, kaiolako bigarrenera. Jokin Altunaren baimenarekin, distantziako egungo espezialistarik handienetako bat da ultzamarra, eta uste hori txapelarekin berretsi nahi luke.
This browser does not support the audio element.
Berriz ere finalean, bigarrenez jarraian.
Gauza polita da. Inoiz ez nuen halakorik pentsatuko, baina hortxe nago, eta oso pozik.
Bigarren aldiz jarraian finalean, laugarrenez finalerdietan. Zalantzarik ez da Lau eta Erdian espezialista zarela, ezta?
Bueno, ez dakit. Azkenean, egunetik egunera joatea gustatzen zait. Aurten hor nago eta gauza polita da.
Baina badaramazu ibilbide bat. Kokatu zara onenen artean.
Bai, baina horretaz pentsatzeko denbora egongo da. Esaten dudana da, «aurten ere hor nago». Ilusio handiz hasi nuen txapelketa. Gauza asko izaten dira bidean. Oso pozik nago hor egoteagatik.
Iazkoa kasualitatea izan ez zela berresteko balioko du behintzat, ala?
Horrek ilusio handia egiten zidan. Behin iristen zarenean, izan daiteke momentu onean harrapatu zaituelako edo zorte apur bat izan duzulako. Baina errepikatzeak ilusio handia egiten dit, berriro hor egoteak. Ea partida ona egiten dugun behintzat. Eta onenak irabaz dezala.
Iaz arantza hori geratu zitzaizun agian, sekulako txapelketa egin eta finalean ez zenuela zurea ematerik izan.
Ez nuen nire maila eman. Azkenean, gauza on asko egiten ari nintzen, eta egun horretan ez nuen ezer onik egin, ez nuen batere errestatu, ez nuen ezer ondo egin. Aurten nire jokoa egin eta nirea eman nahi nuke. Horrekin lasai geratuko naiz.
«Iazkoa errepikatzeak ilusio handia egiten zidan. Behin iristen zarenean, izan daiteke momentu onean harrapatu zaituelako»
Gerora aztertu duzu zer gertatu zitzaizun, lehen finalaren presioa izan ote zen, urduritasuna. Zer izan zen?
Esango nuke finala handi samar egin zitzaidala. Berria zen niretzat. 3.000 pertsonaren aurrean irteten zara, ez gaude horrela jokatzera ohituta. Gero, Josek asko lagundu zidan Binakako txapelketan tentsio hori kudeatzen. Aurten behintzat beste final bat jokatuta nator, eta esperientzia hori beti etortzen da ongi.
Peio, badaukat sentsazioa, iaz finalaren aurreko egunetan lasaiegi ere ez ote zinen. Iaz garai honetan egindako elkarrizketan ezer gertatuko ez balitz bezala zeunden.
Hori esaten ari naiz. Oso lasai nengoen, uste nuen dena kontrolpean nuela. Baina finaleko momentuan dena gainera etorri zitzaidan. Oroitzen dut beroketan deabruak hartuta bezala nengoela, eta hor etorri zitzaidan dena. Ez nintzen konturatu momentu horretara arte. Eta aurten behintzat badakit zer den final bat banaka jokatzea. Binakako final bat jokatuta nator. Esango nuke tentsioa badudala eta ziur eguna heltzen den egunean ere egongo dela.
Aurten ere txapelketa bikaina osatzen ari zara. Partida bakarra galdu zenuen eta ez zegoen ezer jokoan. Finalerdietan Jakaren aurka 6-0 galtzen hasi eta 22 tanto egin zenituen jarraian. Pentsatzen dut honek konfiantza emango dizula finalari begira, eta iazko esperientzia gehituta, are gehiago.
Bai, esandakoa, azkenean beste urte bat gehiago. Partida garrantzitsu asko egon dira aurten, eta esperientzia hori ongi etortzen da.
Peio gogorrago baten aurrean gaude? Ez zara partidetatik irteten edo erortzen. Azkenaldian partidetan sartuta zaude beti, eta adibiderik garbiena Jakaren aurkako finalerdia, 6-0 galtzen hasi eta ez zinen partidatik irten. Atsedenaldi polemiko hori adierazi zizuten eta berdin.
Horretaz ari gara irabazi nuelako, baina banuen beldurra halako zerbait gertatzekoa. Erikek minutu gutxitan tanto asko egin ditzake eta hala egin zidan, baina gero nire planarekin jarraitu nuen, zentratuta, eta ongi irten zen kontua. Deskantsuaz esan duzuna, ba, hala gertatu zen eta nik nirera jarraitu nuen. Ez dut horregatik aldatu behar.
Bitxia izan zen. Zure ohitura bat da denbora hartzea. Orain arte inork ez dizu ezer esan, eta halako partida batean adierazi zizuten.
Nik nirean jarraituko dut, Hark bere lana bete zuen. Ez dakit ongi edo gaizki egin zuen, berak jakingo du. Ez diot bueltarik ematen.
Berez ez dago ezer araututa, ala?
Horregatik, ez dago ezer araututa. Berak hartu zuen erabakia, bere potroekin eman zuen atsedenaldia, eta berak jakingo du ongi edo gaizki egin zuen.
«Kontrakorik esaten ez duten bitartean, nik nirean jarraituko dut. Epaileak bere lana egin zuen. Ez dakit ongi edo gaizki egin zuen, berak jakingo du»
Bada zure ezaugarrietako bat tantoa amaitu eta sakea egin aurretik lasaitasun osoz egiten duzun bide hori. Zure kontua da edo norbaitek aholkatutako zerbait da?
Bueno, urte asko daramatzat lantzen, hamar bat urte. Zentratuta egoteko nire modua da eta horregatik diot ez dudala ezer aldatu behar, nirearekin jarraitu behar dut. Eta, ezer ez badago aldatzen duena, ba, horretan jarraituko dut.
Zer da, kontzentrazio kontu bat edo gorputzari buelta emateko modu bat?
Fisikoki ez da ezer. Kontzentratzeko nire metodoa da.
Parean Unai Laso izango da. Elkar ondo ezagutzen duzue. Txapelketako partidarik lehiatuena akaso zuen artekoa izan zen, 22-19 irabazi zenuen. Ez dakit antzeko partidarik espero duzun finalean?
Partida horretatik lau aste pasatu dira, gauza asko pasatu dira, tartean partida handi bat, Unaik aurrera atera duena. Ez diot buelta gehiegirik ematen. Azkenean, beste partida bat da, 3.000 lagunen aurrean, beste pilotaleku batean, partida berri bat... Badakit behintzat Lasoren aurka 22 tanto egin ahal ditudala, eta horrekin geratzen naiz.
Unai bada zuretzat gertuko pilotari bat. Biak Uharteko klubean aritu zineten.
Betidanik izan dugu harreman ona. Esan duzun bezala, Uharten elkarrekin aritu ginen eta harremanak jarraituko du, baina kantxa kanpoan.
Lasok egungo txapeldunari, Jokin Altunari, irabazita lortu du finalerako txartela. Ez dakit honek errespetu pixka bat ematen duen?
Maila honetan, Jokin kenduta, esango nuke oso alde txikia dagoela batetik bestera eta detaile txikietan joaten direla partida asko. Ez diot buelta handirik ematen kontu horri. Nik badakit nirea egiten baldin badut, nire aukerak izango ditudala, eta horretan saiatuko naiz.
«Pena handia izan zen gertatutakoa. Momentuan enpresarekin elkarrizketak izan genituen, dena ondo geratu zen eta anekdota batean geratu da»
Ez dakit Jokinen alturan, baina zu elite horretan zaude. Aspen bigarren aurrelaria izan zaitezke lasai asko. Nabari duzu zure estatusa aldatu dela enpresa barruan?
Horri ere ez diot bueltarik ematen. Momentu batean goian zaude, eta hurrengo batean behean. Argi daukadan kontu bakarra da nire eguneroko lanarekin jarraitu behar dudala.
Hor, Buruz Burukotik kanpo geratuta, kolpe bat eraman zenuen udan?
Bai. Pena handia izan zen. Momentuan enpresarekin elkarrizketak izan genituen, dena ondo geratu zen eta ez dago kexarik. Hori pasatu zen, anekdota batean geratu da eta orain segitu behar dut beti bezala lanean. Ez dago esateko beste ezer.
Aurten inork ez du zalantzan jarriko Peiok Binakakoan egon behar duenik, ezta?
Bueno, ez dakit, hori enpresaren erabakia da. Baina, esandakoa, saiatuko naiz nirea ematen eta eurek esango dute.
Bada beste datu bat final honetan. Hamar urteren ondoren bi nafar egongo zarete pilotalekuan. Bada pozteko albistea.
Gauza handia da. Hamar urte asko dira, eta orain berriro gertatzea eta horietako bat ni izatea gauza handia da. Asko oroitzen dut Irujoren eta Aimarren arteko partida, eta handiak izan zirela. Orain ni izatea bi horietako bat ikaragarria da.
Baina, Bilboraino joan behar finala jokatzera.
Bueno, bai. Baina hori bagenekien hasi aurretik. Hori hasi aurretik erabakitzen da eta ea urtero hala izaten den: bi nafar eta finala Bilbon.