INFO

Iruzurrak salatzeko postontzia gaitzetsi du LABek, zaurgarrienak kriminalizatzen dituelako

Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren (DSBE) jasotzaileen ustezko erabilera desegokia salatzeko ezarritako postontziaren inguruko ohartarazpena egin du LABek Lanbideko Administrazio Kontseiluan. «Prekaritatea jomugan jartzen du, pertsona zaurgarrienak kriminalizatuz», esan du.

Lanbideren Santutxuko bulego berria. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

LABek Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren (DSBE) jasotzaileen ustezko erabilera desegokia salatzeko ezarritako postontziaren inguruko ohartarazpena egiteko baliatu du Lanbideko Administrazio Kontseiluko bere parte hartzea. «Prekaritatea jomugan jartzen du, pertsona zaurgarrienak kriminalizatuz», gaitzetsi du.

Azaldu duenez, Administrazio Kontseilura Lanbideren ekinbidearen inguruko irakurketa kritikoa eramateaz gain, bi helburu nagusi ditu sindikatuaren parte hartzeak: «Batetik, Lanbide erakunde autonomo izatetik Zuzenbide Pribatuko Erakunde Publikoa izatera pasatzeak ekar ditzakeen atzerapausoak kontrolatzea eta proposamenak egitea».

Bestetik, «langileriarentzat garrantzia berezia duten gaiak eta ekimenak eramango ditu Administrazio Kontseilura: langile kolektibo espezifikoei begirako neurriak, neurri orokorrak edo politika jakinen gaineko irakurketa eta kritikak». 

«Ultraeskuinaren markoa legitimatzen»

Asteazken honetan, Lanbidek DSBEarekin egon daitezkeen iruzurrak salatzeko postontzia ezarri izana salatu du. «Hasteko, pobrezia bera kriminalizatzen duelako. Datuek beraiek diote DSBE jasotzen duten pertsonen iruzurra oso txikia dela, eta herri honek iruzurrean arazo bat badu, kapital handien eta enpresen iruzur fiskala dela, ingeniaritza fiskal konplexuaren bidez zergak ordaintzea saihestuz».

Gaineratu duenez, horrelako neurriek iritzi publiko bat sortzen ere laguntzen dute, «ultraeskuinaren mezu eta markoa legitimatzen duten diskurtsoak, arreta aberastasunaren banaketan eta iruzurgile handietan jarri ordez, prekaritatean eta pobrezian bizi diren langileen gain jarriz».

Gaitzetsi duenez, Lakuako Gobernuak «pobrezia borrokatu beharrean pobreen aurkako gerra bat abiatzea erabaki du, zaurgarritasun egoerak gainditzean baino egoera horiek jo
puntuan jarriz. Hori gutxi ez balitz, jendartea salatari bilakatzeko urratsa da, jendartearen artean susmoa eta mesfidantza elikatzen duena, zatiketa bultzatzen duena pobreziaren aurrean elkartasun balioak bultzatu ordez».

«Administrazio publikoak bere prestazioak egoki ordaintzearen bermea jendartearen gain utzi du, gainera».

Horregatik guztiagatik, LABek neurri hori atzera bota dezan eskatu dio Lakuari eta, zehatzago, Mikel Torres lehendakariorde eta Enplegu sailburuari. Eskaera bera egin dio EH Bilduk ere.