Annika Soltau alemaniarrak ez du Lointek Gernika Bizkaian jarraituko
Taylor Mikesell hegalekoak talde bizkaitarra utzi eta gero, Annika Soltau hegal-pibotak ere ez jarraitzea erabaki du eta klubarekin kontratua etetea adostu du. Aurreneko lau jardunaldietan batez beste zazpi minutu jokatu ditu eta 3 ountu eta 2 errebote pilatu 19 urteko jokalariak.
Annika Soltau hegal-pibot alemaniarra ez da dagoeneko Lointek Gernika Bizkaia taldeko jokalaria, Soltau berak eta talde bizkaitarrak kontratua eteteko akordioa lortu eta gero.
Prentsa ohar lakoniko baten bitartez adierazi du berria Lointek Gernika Bizkaia berak. Pasa den udan fitxatu zuen hegal-pibot alemaniar gaztea, 19 urte eta 1,92 metro neurtzen dituen jokalaria, 2005ean jaiotako jokalarien artean emakumeen Europako saskibaloiak duen promesa handienetakoa da Freiburg taldeko jokalari ohia, baina itxura denez, ez du lortu Lucas Fernandezek zuzentzen duen taldean bere lekua egitea.
Hala, zazpi jardunalditik lautan bakarrik kantxaratu da Soltau, eta batez beste zazpi minutu pasatxo jokatu ditu, orotara ordu erdira ez baita iristen jokoan eman duen denbora. Ondorioz, batez beste lorturikoak ere ezin beste munduko ezer izan: 3 puntu eta 2 errebote pilatu ditu Annika Soltauk.
Kasualitatea izan zein ez, alemaniarra ez da Lointek Gernika Bizkaia uzten duen aurreneko jokalaria aurtengo sasoian. Duela pare bat aste Taylor Mikesell hegaleko estatubatuarrak erabaki zuen talde bizkaitarra, «FIBA Leihoak» jokatzera AEBtara joan eta handik ez itzultzea erabaki ostean.
«Klubak jokalariari onena opa dio etorkizunean, bere kirol ibilbidean zein arlo pertsonalean», amaitzen du Lointek Gernika Bizkaiaren prentsa oharrak.