INFO

Orainaldian idatzitako lehen nobela kaleratu du Toti Martinez de Lezeak: ‘L’Arratien’

2024 honetan kokatu du Toti Martinez de Lezeak bere lanik berriena, ‘L’Arratien’, Ereini esker, euskaraz eta gaztelaniaz, bietan aldi berean plazaratu duena, Miren Arratibel Garmendiaren euskarazko itzulpenarekin. Mundakarren egunerokotasuna azaltzen du nobelaren tramak, prosa berritzailearekin.

Toti Martinez de Lezea, ‘L’Arratien’ gaurkotasun handieneko bere eleberria aurkezten, ostiral honetan Donostian. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Liburu beraren bi bertsio aurkeztu ditu ostiral honetan Toti Martinez de Lezeak, Erein argitaletxearekin euskaraz eta gaztelaniaz plazaratutako ‘L’Arratien’, Miren Arratibel Garmendiak euskarara ekarria. Jose Agustin Iturri editorea ondoan duela eman ditu azalpenak Larrabetzun bizi den idazleak.

«Literatura idaztea da», aldarrikatuz hasi du mintzaldia. «Generoak jartzea XX. mendekoa da. Lehen, literatura literatura zen. Ni nobela historikoarekin hasi nintzen, nire mundua sortuz eszenatoki batean. Lan handia eskatzen du horrek, dokumentatu egin behar delako. Gauza berriak probatzea ere gustuko dut, eta ‘La editorial’ eta ‘El Maizal’-en ondotik, honakoa nire lehen nobela da orainaldian idatzi dudana. 2024an gertatzen da». 

Taberna batean gertatzen da trama, Karmentxu jabea protagonista dela. 60 urte inguruko emakume honek 30 urtez hitz egiten ez zuen anaiarekin solas eginen du, sukaldari bat ezagutuko du, merkataritzan aritu izan den marinel erretiratu batekin ariko da kontu kontari... Zertaz? «Gu ari garenaz. Gaurko errealismoa baita. Istorio arrunt bat, gauzak gertatzen zaizkion jende arruntari buruz. Kostaldeko pisuen prezioaz ari dira, turismo masifikatuaz, Urdaibain egin nahi duten Guggenheimez edota espekulazioaz».

Ustekabeko bira bat abiapuntu

«Lehen orrialdea kontatuko dut, ahal dut?», proposatu du irribarrez sortzaileak. Urdaibain gaude, gertaleku pribilegiatu batean. 40 urteetarantz hurbiltzen ari den gizon bat Mundakako portuan eserita dago, gaua egiteko zain. Otsailaren bukaera da eta sasoi honetan 2.000 biztanle dituen herriko jendea etxeratzeko esperoan dago. Santa Katalina ermitarantz doa, asmo argi batekin: bere bizimodu zorigaiztokoari amaiera ematea, munduko olaturik perfektuenetako bat eratzen den eremuan bere burua itsasora jaurtiz. Ez du asmo hori beteko, ordea. Bidean etxe zahar bat ikusten du, azpian ‘L’Arratien’ kartela duena. Arreta ematen dio eta gehiago hurbiltzean ‘Sukaldaria behar da’ irakurtzen du. Tok-tok jotzen du atea.

Bertan topatuko du biziberritzeko aukera Paul Arenek, ‘Pello’ deituak, eta ondoan izango ditu Karmentxu, bere metamorfosiaren erantzule ezusteko bihurtua, Libe, Irati, Pako, Koldo, Juankar... abegi ona egin eta bere egoera berrian lagunduko dioten herritarrak.

Iturrik agertu duenez, prosa arin eta zorrotza, are berritzailea ere, bereizgarri duela, kostaldeko herri bateko biztanleen egunerokotasunera garamatza liburuaren tramak, haien bizipen, traizio, sentipen, iragan ezkutu, entretenimendu eta kezkak elkarri josiz. Berezitasun bat du: ez dago kapitulurik, eszenak baizik.

Idazle emankorra da Martinez de Lezea gasteiztarra. 1986an ‘Euskal Herriko leiendak’ bilduma idatzi zuen. 1998 urtean argitaratu zuen bere lehenengo eleberria: ‘Judu-kale’. Eta haren ondoren etorri zen argitalpenen zerrenda harrigarriki luzea. Gazte literaturan ere jardun du, eta haur literaturan arrakasta izan du Nur pertsonaiarekin.