Realak etxetik kanpora erakutsi duen sendotasuna nabarmendu du Valverdek
Athleticen entrenatzaileak derbi «bizia» espero du, parekotasun handikoa. «Badakigu sekulako giroa izango dela San Mamesen, eta jendeak partida on bat ikustea espero dut», adierazi du.
Ernesto Valverdek oso derbi «bizia» espero du bihar gauean San Mamesen, ohiko prentsaurrekoan azaldu duenez. Ohian Sancet, Alex Berenguer eta Unai Simon zerrendan sartu ditu, bai ostiralean eta bai gaur jada entrenamendu osoa normaltasunez egin baitute hirurek. Baita Valladoliden jokatzerik izan ez zuen Iñaki Williamsek ere.
«Partida bizia izango da, hori argi dago. Ez dakit joan-etorrikoa izango den, apurtuko den, bi taldeok nahi izaten dugulako hori ez gertatzea, eta gertatzen bada gure alde izatea. Baina bizia izango dela bai, buruz buruko jokaldietan norgehiagoka handia izango dela. Derbietan hala izaten da. Baloi bakoitzak sekulako garrantzia du eta borrokatu beharra dago, erasoko aukera bat suposatzen duelako. Badakigu sekulako giroa izango dela San Mamesen, eta jendeak partida on bat ikustea espero dut», adierazi du Athleticen entrenatzaileak.
Valverdek Reala etxetik kanpora ematen ari den maila ona nabarmendu du, eta donostiarrek atzeko lanean erakutsi duten sendotasuna. «Azken urteetan erakutsi duten joko moldearekin jarraitzen dute. Goian egongo den taldea da. Hasiera ona izan ez arren jada bere maila berreskuratzen ari da. Etxetik kanpo zenbaki oso onak dituzte. Gol bakarra jaso dute etxetik kanpora, arreta deitzen duen datua da. Sistema defentsibo ona dute, konpromiso handikoa. Barçaren kontra neurketa bikaina jokatzetik datoz eta horrek beti ematen du indarra».
Realeko jokalari bakarra ezin omen da aipatu, gertutik zaindu beharrekoak dezente direlako bere ustez. «Jokalari asko dituzte une jakin batean min egin dezaketenak: Oyarzabal, Zubimendi, Barrenetxea, Kubo... Batzuetan alde kolektibotik eta besteetan bakarka gola egin dezaketenak edo pase erabakigarri bat eman. Talde ona daukate, luzea eta konpromiso handikoa».
Eta Donostia aldean talde txuriurdina denboraldiko unerik gozoenean dagoela aipatu denez, ea Athletic nola dagoen ere galdetu diote Valverderi. «Une onean iristen gara, ez dakit onena den. Liderrari irabazita bazatoz ulertzen dut hori esatea, baina gu ere ongi gaude. Onena? Ez dakit, baina ez du asko axola. Bihar dena oso parekatua izango da. Partida desberdina da. Buruarekin jokatu behar da, baina bihotzarekin ere bai, gogotsu, eta dena parekatzen da».