INFO
Interview
Idoia Arraiza Zabalegi
EMAGIN elkarteko kidea

«Askotan kontakizuna ez da nahikoa, zalantzan jartzen da eta ez da sinisten»

Iñigo Errejon politikari espainiarraren aferak berriro azaleratu du erasoen gehiengoa ez dela salatzen, eta jasan duten emakumeek gertatutakoa kontatzeko bestelako bideak aukeratzen dituztela. Bide bakoitzaren mugez galdetu dio GARAk Idoia Arraiza Zabalegi (Iruñea, 1987) Emagin elkarteko kideari.

GARA

Emagin pentsamendu kritiko feminista sustatzen duen elkartea da. Jendarte eraldaketaren alde lan egiten du eta horretarako prozedura feministak erabiltzen ditu bere oinarrizko lan esparruetan: formakuntza, ikerketa, ekoizpena eta dokumentazioa.

Sexu eraso baten aurrean, salatzea da emakumeok jasotzen dugun mezua, baina oso gutxik egiten du. Bide judiziala ez al da segurutzat jotzen?

Hainbat muga daude bide hori hartzean eta hori emakumeek badakite. Paradigma aldaketa bat egon da; 2022ra arte, eraso sexuala zela demostratzeko emakumeak frogatu behar zuen ezetz esan zuela, ez zuela nahi edo erasotzaileak indarkeria erabili zuela. Fokua bere gain jartzen zen, kasik bera epaitzen zuten, eta ahal bezala demostratu behar zuen. “Soilik baietz da baietz” legeak onarpena jarri du erdigunean, eta fokua, erasotzailearen gain; berak frogatu behar du emakumeak nahi zuela. Aldaketa legala da, baina esparru juridikoan askotan epaileen araberakoa izaten da jarduna; bere edo bestelako profesionalen jarreraren arabera, birbiktimizatzea gerta daiteke eta gertatzen da oraindik. Ezinbestekoa da profesional hauek heztea eta begirada feminista bat izatea hori ez gertatzeko. Asko kostatzen ari da hori barneratzea.

Hor sartzen den emakumeak indar handia behar du aurrera egiteko. Zer zailtasun dira ohikoenak?

Nagusia, kontakizunarekin ez dela aski; epaitegietan froga judizialen araberakoa da ebazpena. Zuk eraman behar dituzu eta askotan oso zailak dira lortzen. Maiz froga nahikorik ez dagoenez, artxibatu egiten dira. Ebazpen horiek ez diote ez denik eraso bat egon, froga nahikoa ez dagoela baizik. Horrek inpunitate sentsazio handia sortzen du eta hori gure kontra dator, gizon askok benetan sinisten dutelako ez dutela ezer egin, errugabe direla, eta kondena ez egoteak sentsazio hori zabaltzen duelako; eta emakumeek ez dutelako erreparaziorik. Hor hasten dira zalantzak: zertarako salatuko dut, askotan ez bada kondena bat lortzen eta, gainera, birbiktimizatua izateko aukera badut? Prozesu judizial guztiak dira gogorrak, energia fisiko eta emozionala eskatzen dute, eta askotan ez du konpentsatzen. Egin zizutena berriro bizi behar izatea ere oso gogorra da.

Ekintzez harago, sentipenak ere badira; ez da frogatzen erraza...

Noski. Subjektibitatea sartzen da, baina kontatzen duten hori indarkeria da. Batzuetan ez da erraza norbere buruari onartzea bizitako hori eraso bat izan dela, igual, normalizatu ditugulako zenbait praktika edo jokaera. Kostatzen da lehenengo zure buruari aitortzea eta gero kanpora kontatzea. Uste dut eraso diotela esatera ausartzen denerako, emakumeak buelta asko eman dizkiola; eta bai edo bai sinetsi behar dugu. Are gehiago, jakinda eraso sexualen gehiengoa ez dela salatzen, ausartzen direnak sinetsi behar ditugu.

Aipatutako guztiaz jabetuta, salaketa publikoa nahiago du zenbaitek. Errazagotzat jotzen al da, maiz erantzuna samurra ez bada ere?

Dauden bi bide dira, judiziala eta soziala, eta bakoitzaren aukerak eta mugak ezagutu behar dira. Gero, emakume bakoitzak erabakiko du. Testuinguruaren, baldintzen eta aukeren arabera mereziko dio judizialean sartzea edo ez, edo salaketa soziala egitea edo ez. Soziala zer den norberak ikusi behar du, kolektiboan edo elkartean kontatzea edo lau haizeetara zabaltzea, eta geruzak egon daitezke, erabaki dezake hemen kontatzea, baina hor ez; hauei esatea eta haiei ez. Kontatzen dute inguruak sinetsi eta babestuko dituztela uste dutenean, inguru hori izan herria, lantokia edo jendarte osoa; eta, hala ere, batzuetan ez da gertatzen. Askok ez dute salatzen badakitelako ez dutela babesik eta sinesgarritasunik jasoko, nahiago dute anonimotasuna mantendu edo soilik kontatu oso espazio seguruetan. Iritzi publikoa ez da orokorrean espazio seguru bat. Oraindik askotan kontakizuna ez da nahikoa, zalantzan jartzen da eta ez da sinisten. Asko daukagu egiteko.

«Presioagatik, xantaiagatik, indarkeria areagotzeko beldurragatik... badago amore emate bat non emakumeak uste duen agian onartu zuela. Hasieran, errua, lotsa, beldurra... prozesatzen zailak diren gauza asko daude»

Zergatik orain, zergatik ez komisarian... Epaiketa sozial handia izaten da, jokaera edo modu zuzen bakarra balego bezala.

Ez, ez dago bide bakarra eta salatzea ez da hain erraza, esan dudan guztiagatik. Haurtzaroan gertatzen diren abusu sexualak oso ezkutatuta daude jendartean; ez dugu haietaz hitz egiten familiaren egituran ez dugulako eskua sartu nahi; anonimoak direnean askoz gehiago animatzen dira kontatzera. Gure iruditeria da kalean, gauean, ezezagun batek erasoko digula, baina normalean gertuko pertsona ezagun bat da. Edo gau batean ezagutu, desiratutako harreman afektibo-sexual bat hasi, eta une batetik aurrera gertatzen ari dena gustuko ez duelako mugak jartzen saiatu da, baina presioagatik, xantaiagatik, ezezkoen aurreko insistentziagatik, indarkeria areagotzeko beldurragatik... badago amore emate bat non emakumeak uste duen agian onartu zuela. Kontuan hartu behar dugu hasieran, errua, lotsa, beldurra... prozesatzen zailak diren gauza asko daudela, denbora behar dutenak. Prozesu bat behar du bere burua indartzeko, ulertzeko errurik ez duela eta eraso bat izan dela. Gero dator kanpotik babesa jasoko duen edo ez. Ulertu behar dugu hau gauza askoz konplexuagoa dela.

Emakume askok modu anonimoan eta sare sozialetan kontatu dute gertatutakoa. Garrantzitsua al da bizitakoa hitzetan jarri eta entzuna izatea?

Lantokietan, mugimendu sozialetan edo beste tokietan bezala, sare sozialetan espazio seguru bat aurkitzen badugu, eraginkorra da. Erreparazioan laguntzen du bai zuk kontatzeak, bai besteen testigantzak irakurtzeak edo ezagutzeak; ikusteko ez zaudela bakarrik, besteak kontatutakoa zuk bizitakoaren antzekoa dela, eta esateko ‘nirea ere eraso bat izan da’. Edozein delarik salatzen edo kontatzen duen tokia, sinistua izan eta inguruak babestea behar du. Hortik dator askotan erreparazioa.

Sozialki edo judizialki salatu, lortu nahi duena desberdina al da?

Erreparazioan bi plano bereiz ditzakegu, bata, indibidualagoa, gelditu zaizun zauri hori osatzea emozionalki edo terapeutikoki, eta bestea, soziala; eta biak dira ezinbestekoak. Bide judizialak gauza batzuk eman ditzake, sententzia aldekoa bada, baina erreparazioa puntu bateraino ematen du. Halako egiturazko indarkerietan beharrezkoa da erreparazio soziala eta gertatu den horren aitortza kolektiboa. Eta puntu honetan, jendarte osoa sentitu behar gara interpelatua, orokorrean, ez delako ematen. Jendarte feminista batean bizi garela dirudi, baina erasotzailea laguna, senidea, militantzia kidea... bada, zalantzak hasten dira; benetan ez dugulako barneratua eta ez garelako hain feministak. Gizonen arteko konplizitatea oso handia izaten da kasu hauetan, ziurrenik, askok ere horrelako jokaerak edo jarrera matxistak izan dituztelako. Bada garaia konplizitateari amaiera eman eta guztiei dagokien ardura hartzeko.

Eraso matxistak kudeatzeko gero eta protokolo gehiago daude. Diozun lanketa horretarako lagungarriak al dira?

Protokoloa minimoa da, baina ez du ziurtatzen gero erasoa hobeto kudeatuko denik. Protokoloak egin daitezke, baina emakume horrek ez badu benetan segurutzat jotzen espazio hori, ez badu sentitzen babes kolektiboa edukiko duenik, ez du aktibatuko. Horrek lanketa kolektibo bat behar du. Askotan protokoloa erdibideko bidea izan daiteke: judizialetik ez jo, baina kolektiboki salatu edo norbaitek neurri batzuk hartzeko modua. Aurrerapausoak eman nahi ditugu, baina asko falta da; oraindik asko ez direlako benetan espazio seguruak, nahiz eta feministatzat jo beren burua.