INFO

Greba «arrakastatsua» egin dute Nafarroako Gizain fundazioko langileek, soldatak hobetzeko

LAB, ELA eta CCOOk deituta, Nafarroako gizarte zerbitzu publikoak kudeatzen dituen Gizain enpresako langileek greba «arrakastatsua» egin dute astearte honetan. Gobernuari hitzarmen berriaren negoziaketa desblokeatzea eta soldatak Administrazioarekin parekatzea eskatu diote, besteak beste.

Gizain fundazioko langileek greba egunean egindako manifestazioa, Iruñean (LAB Sindikatua)

Nafarroako gizarte zerbitzu publikoak kudeatzen dituen Gizain fundazioaren enpresa batzordeak deituta, bertako langileek greba egin dute astearte honetan. Nafarroako Gobernuak fundazioaren lehenbiziko hitzarmenean sinaturikoa bete dezan, bigarren hitzarmenaren negoziazioak desblokea daitezen eta haien soldatak Administrazioarekin parekatzea eskatu dute.

LAB, ELA eta CCOO sindikatuek elkarrekin argitaratutako ohar batean nabarmendu dutenez, Gobernuak gutxieneko zerbitzua %50ean ezarri zuen arren, greba «arrakastatsua» izan da eta egiterik zuten langile gehienek egin dute.

Eguerdian manifestazioa egin dute langileek Iruñean, Gizainen bulegoetatik Nafarroako Gobernuaren egoitza nagusiraino. Hasi baino lehen, Gizaingo enpresa batzordeak –LABeko 9 ordezkarik, ELAko 2k eta CCOOko 2k osatua– lehenik eta behin salatu du Nafarroako Gobernua ez dela betetzen ari fundazioaren 6.3 artikulua.

Hauxe dio artikulu horrek: «2023ko urtarriletik aurrera, FGko langileen ordainsariak, oinarrizko soldataren eta lanpostu osagarriaren kontzeptuak batuta, FNTPAkoekin (FUNDAPA) parekatuko dira, eta hitzarmena ultraaktibitatean dagoen aldian, Nafarroako Administrazio Publikoetako langileei oro har aplikatzen zaien soldata igoera aplikatuko da».

Sindikatuek diotenez, Gobernuak artikulu hori bete izan balu, 2023an Gizaingo langileek Administrazioko soldataren %93ko soldata izanen zuketen. Baina bete ez denez, 2024an langile publiko guztiei aplikatu beharreko %2ko igoera egin zuen %93tik behera zegoen soldatari aplikatuta.

Gizaingo langileen ordezkariek bilerak egin dituzte Nafarroako Parlamentuan dauden talde politiko ezberdinekin, eta gehienak Gizain fundazioaren lehenengo hitzarmena osorik betetzearen eta aplikatzearen alde agertu ziren, azaldu dutenez.

«Borondate gutxi»

Hala ere, 2025eko Nafarroako aurrekontuak negoziatzeko unea ailegatu zelarik, «borondate politiko gutxi» erakutsi zuten administrazioko langileekiko soldata arrakala murrizteko, eta «are gutxiago langileen eskubideak errespetatzeko eta indarrean dagoen hitzarmena aplikatzeko».

Enpresa batzordeak bigarren hitzarmenaren negoziazioaren blokeo egoera ere salatu du. Batzordearen iritziz, «zuzendari gerenteak jarrera immobilista hartu du negoziazioa 2023ko martxoan hasi zenetik oztopoak jarrita, eta hitzarmena ultraaktibitatean dago 2024ko urtarriletik».