INFO

Japoniarrek jarduera ikaragarria egin dute Thui II mendian

Pakistango Hindu Rajeko mendilerroan dagoen seimilakoaren bigarren igoera egin dute Yuu Nishida, Kei Narita eta Yudai Suzukik. “Spider’s thread” bidea (M7, A2, ED+, 1.450 m) estilo alpinoan igotzeko lau eguneko eskalada behar izan zuten.

Yudai Suzuki bigarren bibakaren azpian zegoen hirugarren luzean sokaburu. (Yudai SUZUKI )

Japoniako alpinismoarentzat udara ez zen batere ondo hasi; izan ere, Kazuya Hiraide eta Kenro Nakajima zendu ziren, K2 mendiaren mendebaldeko horma estilo alpinoan igotzen saiatzen ari zirela. Ezbehar latz hori, ordea, hurrengo hilabeteetan alpinista japoniar batzuek irauli egin dute. Eta hori diogu, zenbait taldek Pakistanen zein Nepalen emaitza bikainak erdietsi dituztelako. Hain zuzen ere, Pandra (6.850 m, Nepal), Pholebosi (6.652 m, Nepal), Phungi (6.254 m, Nepal) eta Thui II (6.523 m, Pakistan) mendietan.

Azken seimilako horretan Yuu Nishida, Kei Narita eta Yudai Suzukik eginiko jarduerari tarte zabala emango diogu, alde guztietatik begiratuta hirukote horrek eskalada ikaragarri ona egin zuelako.

Hindu Rajeko mendilerroan dagoen Thui II mendiaren mendebaldeko murruan “Spider’s thread” bidea sortu zuten estilo alpinoan. 1.450 metro dituen marra hori teknikoki oso zaila da: M7, A2, ED+. Bada, alpinistok lau egun behar izan zituzten marra berri hori zabaltzeko. Irakurtzen den bezala, zailtasun handiak ditu, eta horri gehitu behar diogu gailurrean bertan egin zuten bibak dramatikoa. Suzukik berak horrela deskribatu du: «Mingarria, hotza eta deserosoa».

Eskalada hori irailaren 21ean hasi zuten, eta 24an amaitu. Alpinistek onartu dute arrakasta horren giltza hein handi batean pazientzia izan zela. Eguraldi txarrarengatik, hamabi egun igaro zituzten oinarrizko kanpalekutik irten gabe. Ondoren, zain egon behar izan zuten paretaren baldintzak egonkortzeko. Eta aurreratu dugun bezala, hori baieztatu zutenean, lau egun behar izan zituzten igo gabe zegoen mendebaldeko isurian ibilbide zuzen eta teknikoki oso zaila zabaltzeko.
Seimilakoaren bigarren igoera izan da. Duela 46 urte, Nick Tritton, Chris Griffiths eta Chris Lloyd britainiarrek lehena sinatu zuten hego-ekialdeko ertzetik.

Oro har, Thui II mendiak ez du pareta samurrik, eta, gainera, elur jausien eta luizien arriskua handia omen da. Horri gehitu behar zaio urrutiko lekuetan dagoela eta mendiaren inguruan informazio gutxi dagoela. Hala ere, japoniarrak “ausartu” ziren eskalada berri bat egitera. Suzukik dio iaz Ghamubar Zom V mendian eginiko espedizioan Thui II ikusi zuela eta harekin erabat harrapatuta geratu zela, oso tentea eta erakargarria iruditu zitzaiolako. Zeukaten informazioak zioen Thui II mendilerro horretako hirugarren tontor garaiena zela. Aukeratutako isuria, gainera, mistoan eskalatzeko aproposa zenez, hirurek bat egin zuten abentura gogorra egiteko.

Kei Narita M6 mailako luze eder bat 6.300 metrora eskalatzen. (Yudai SUZUKI)

Talde japoniarra irailean heldu zen Pakistanera, eta, ohiko hurbilketa bidea egin eta gero, kanpaleku nagusia belardi batean altxatu zuen. Hain zuzen ere, 4.300 metrora. Girora egokitzea izan zen hurrengo urratsa. Horretarako, Rishit mendia aukeratu zuten. Gehienez, 6.000 metroko kotara igo ziren, eta horrek bost egun eskatu zizkien. Aklimatazio hori biribiltzeko, berriz, pare bat gau egin zituzten 5.740 metrora. Fase horrek, bederen, asko lagundu zien Thui II mendia ondo baino hobeto aztertzeko. Ondorioztatu zuten igoerak bi zati izango zituela. Lehenbizikoan, elur aldats bat nagusituko zen. Bigarrenean, izotza eta arroka. Bidearen giltza, berriz, 6.200 metrora aurreikusi zuten.

Lau egun

Ekinaldia hasteko prest ziren, baina eguraldi traketsak bisita egin zien. Astebeteko ekaitzaren ondorioz, mendebaldeko horma baldintza eskasetan zegoen. Elurrak estali zuen, eta horrek elur jausien arriskua biderkatu. Badaezpada ere, murruaren oinarrira hurbildu ziren, baldintza horiek bertatik bertara ikusteko. Neurri batean egonkortu zenean, eskaladari hasiera eman zioten.

Eskaladaren lehen egunean, izotzean igotzen hasi ziren. Ez ziren baldintza egokiak. Baina 5.600 metrora zirela, sekzio atsegin batekin topo egin zuten. Hots, izotzarekin estalita zegoen artesi batekin. Hain justu, puntu horretan mistoko luze gogorrena (M7) gainditu zuten.

Zailtasun teknikoez gain, alpinistek onartu zuten euren buruak aseguratzeko tarte gutxi eta eskasak zeudela. Alabaina, handik onik irten ziren. Ondoren, arrokazko metro tente batzuek talde hori elurrezko erlaitz batera eraman zuten. 5.810 metrora lehen bibaka izan zen.

Bigarren eguna ere ez zen batere lasaia izan. Zazpi luze igo eta gero, oso tentea zen korridore batean sartu ziren. Bilera batzuk bitxiak izan ziren; bederen, baten bat zintzilik zegoen. Tximinia bertikal batek eta arrokazko beste sekzio erraz batek bigarren bibakean (6.250 m) utzi zituzten. Beste gau txar bat igaro zuten ertz moduko leku batean.

Gailurretik 300 metrora zeuden. Hirugarren eskalada eguna hasi aurretik estrategiaren inguruan hausnartu zuten. Asmoa zuten tresneriaren zati bat bibak horretan utzi, tontorra zapaldu eta berriro bibakera jaistea. Baina iruditu zitzaien azken zati hori teknikoki zaila zela, eta tresneria guztia gainean eramatea erabaki zuten.

Ez zeuden oker: lehen metroak oso zailak ziren. Hamar metro deseskalatu ondoren, mistoko luze fin bat gainditu behar izan zuten. Aseguratzeko komeriak izan zituzten, baina, hala ere, M5+/M6 mailako luze hori eskalatzeko gai izan ziren. Lasaitu ordez, hurrengo metroetan lan eskerga egin zuten. Hots, buruhauste gehiago. Hirugarren luze gogor batek 6.300 metrora utzi zituen. Laugarrena mistoko luze eder bat izan zen.

Suzukik aurreratu du hurrengo luzean sokaburu joan zela. Artesi batean sartu zen, baina eskularrurik gabe eskalatzea ezinezkoa zen, hotz handia egiten baitzuen. Heldulekuak desagertu zirenean, alpinista honek kranpoiak kendu zituen. Era askean jarraitzeko aukerarik ez zuenez, artifizialera igaro zen. Protagonista honek onartu du tentsio handiko uneak bizi izan zituela. Emeki-emeki metro batzuk igo zituen, ia tresneria osoa luze horretan utzi zuen, artesiaren zati bat puskatu zen… Alabaina, egoera hori gainditu eta terraza batera iritsi zen. Nahiz eta tontorra gertu zuten, elur malutek puntu hori ikustea galarazi zieten.

Japoniarrek diote tontorrean eginiko bibaka izugarri txarra izan zela. (Yudai SUZUKI)

Aurreikusitakoa baino askoz zailagoa izan zen eskalada. Horrek, jakina, erritmoa mantsotzera behartu zuen. Arratsaldeko hirurak zirela, izotz gogorrarekin topo egin zuten. Nola hala, gai izan ziren sekzio hori igotzeko eta tontorrera heltzeko. Panorama ez zen batere atsegina: leher eginda zeuden eta haizeteek tontorra astintzen zuten. Bibaka han bertan egitea erabaki zuten. Ordu eta erdiko lana behar izan zuten hura prestatzeko.

Gau oso gogorra igaro ostean, biharamunean, jaitsierarekin hasi ziren. Beste ibilbide batetik jaisteko aukera aztertu zuten arren, alpinistek igotako bidea rappelatu zuten. Hogeita hiru rappel egin eta arratsaldeko zazpietan beste bibak bat egiteko prestatu ziren. Biharamunean, gauez, lan horiekin amaitu zuten.