INFO

‘Zenbaki gorriak’ eleberria aurkeztu du Jon Arretxek, Toure detektibearen sagaren 11. liburua

Bartzelonako El Raval auzora heltzen da Toure ‘Zenbaki gorriak’ sagaren 11. liburuan. Jon Arretxe egileak ostegun honetan aurkeztu du, eta eleberria idazteko egin duen ikerketa lanaren hainbat xehetasunak eman ditu. Telesailaren bigarren denboraldia egongo dela ere iragarri du.

Jon Arretxek 'Zenbaki gorriak' eleberria aurkeztu du Donostian ostegun honetan. (Gorka RUBIO | FOKU)

Jon Arretxek ‘Zenbaki gorriak’ (Erein, 2024) aurkeztu du ostegun honetan, ‘Toure detektibea’ sagaren 11. nobela. Kasu honetan, istorioa Bartzelonan gertatzen da, Toure Las Palmasetik bueltatu ondoren. Kataluniako hiriburuan, «inoiz baino okerrago» pasatuko du burkinafasoarrak.

Inazio Mujika editoreak lagunduta, Arretxek bere eleberri berriari buruz hitz egin du hedabideen aurrean Donostian. ‘Zenbaki gorriak’ liburuan Bartzelona «etsai» bezala aurki dezakegu, bazterketa soziala eta arriskuzko egoerak kontatzen dituen istorio baten bidez.

Konde-hiriko aurpegi hori ezagutzeko, Arretxek El Raval auzoko ostatu batean pasatu zituen hainbat gau, «beste era batean ezin izan zitekeenez», ikerketa lana burutzeko, bere aurreko liburuekin egin duen bezala. Basauriko egileak frogatu du oso ondo ezagutzen duela Ciutat Vella barrutian dagoen auzo hori: «1992ko Olinpiar Jokoetarako saiatu ziren auzoa berpizten, baina porrot hutsa izan da. Gaur egungo El Raval inoiz baino txarrago dago: ehunka edo milaka pertsona kalean lo egiten, narkopisu pilo bat, lapurretak, ziurtasunik eza, jendea bazterretan botata... Koktel nahiko tristea, baina oso leku aproposa nobela beltza idazteko».

Bere «itxurari esker», Arretxek ez du inoiz arazorik izan El Raval bisitatu duenean. Izan ere, bere janzteko erak hango biztanleek bi modu ezberdinetan ikustea ekarri dio: «Askotan pentsatu dute polizia sekreta naizela, arazoren bat ikusten dudanean urrunetik begiratzen geratzen naizelako. Bar Marsellan, zerbitzariak txarto begiratzen ninduen eta ez zidan kasurik egin nahi». Bestalde, ondo «mimetizatzen» zen janaria banatzen duten elkarteen egoitzetan. «Gizon latino batek galdetu zidan: ¿Aquí cuándo nos dan de comer?, pentsatzen zuelako janaria eskatzera joan nintzela», gogoratu du barre artean.

Bilboko San Frantzisko auzoan ez bezala, Bartzelonan Toure «bakar bakarrik dago». Kalean lo egin behar izateaz gain, ez dauka ezer jateko eta «giri lapurra» bihurtzen da Barceloneta hondartzako inguruan, eta «txapero» ere arituko da Toure. Azkenean, lagunduko dion jendea aurkituko du nobelan zehar.

Testuinguru honetan bizi behar du Tourek lehenengo egunetan, Las Palmas atzean utzi ondoren ‘Musker amarruak’ azken liburuan, Katalunian «gauzak ondo aterako zitzaizkidala» pentsatuz. Hala ere, nobela honetan «inoiz baino egoera txarrean» bizitzea tokatu zaio Toureri. Adibidez, lehenengo gauean jipoitu nahi zuten neonazi talde batetik ihes egin beharko du, eta labankada ipurdian amaituko du. Arretxek konfesatu du «pasadizo» hau erreala dela, EiTBko seriean Toure pertsonaia egiten duen Malcolm Treviño-Sitte aktoreari Madrilen gertatutakoa.

Telesail arrakastatsua

Hain zuzen, Arretxek baieztatu du ‘Toure detektibea’ seriearen bigarren denboraldia egingo dela. «Gidoiak eginda daude, bakarrik falta da babesle handiek pausoa ematea», esan du. Printzipioz, kontuan izaten badugu bai RTVEn bai EiTBko Primeran plataforman oso harrera ona izan duela serieak, ez da zaila izango albistearen konfirmazioa jasotzea. Netflixek ere ‘Toure detektibea’ seriearen eskubideak erosi ditu.