Euskararen erabilera bultzatu nahi du Elgoibarko Kilometroak jaiak, «salto-saltoka»
Elgoibarren ospatuko da 2025. urteko Kilometroak eta ostiral honetan aurkeztu dituzte logotipoa, lelo nagusia eta helburuak. Euskararen erabilera sustatzeko eragingo dute bereziki, ‘Salto-saltoka’ arituz.
Elgoibarko Maalako plazan aurkeztu dituzte ostiral honetan Kilometroak25 ekimenaren helburuak, leloak eta irudia. Bertan ikastolak hartu du antolaketaren ardura eta «elkarlana eta euskararen erabilera» bultzateko konpromisoa hartu du. Ikastolatik Maalara Kilometroen lekukoa eskuz esku iritsi dela irudikatuz hasi da ekitaldia, eta segidan kastolako ikasle, guraso, aiton-amona eta langile ugarik 2025eko Kilometroen logoa osatu dute denen artean: sokak ageri dira irudian, begiratu batean zubiak ere badiruditen sokak, elkarren artean mugimenduan ageri direnak. Euskarara salto egiteko babesa eta gonbidapena izan nahi duten sokekin osatuta dago Kilometroak25 ekimenaren irudi berria.
Olatz Astigarraga Castañares Ikastolako Kontseilu Errektoreko lehendakariordeak (datorren urtean lehendakaria izango da) aurkeztu ditu ekimenari egotzitako helburuak: «2025eko Kilometroak jaia antolatzeko aukera gure herrian eragiteko baliatu nahi dugu: elkarlana eta euskararen erabilera areagotzeko lan egingo dugu».
Euskararen erabilera nola areagotu nahi duten azaldu du, hitz hauekin: «Hizkuntza bat baino gehiago dakizkigunok aldiro hautatzen dugu zein hizkuntzatan hitz egin. Eta euskara, hizkuntza gutxitua eta gutxiagotua denez, horrek zaildu egiten du hizkuntza hautatzerako orduan, euskara jakinda ere, beti, denok, euskara hautatzea. Ba urte honetan, nahi dugu elkarri laguntzea euskara hautatzen. Nahi dugu denontzat ere errazagoa izan dadin euskarara salto hori egitea. Eta horretarako, lagundu egin beharko diogu elkarri. Elkarren babesean lortuko dugu salto hori egitea. Elkarri soka emanda, elkarri soka luzatuta».
Ekitaldiari amaiera emateko, ikasleek hartu dute eszenatokia eta erronka bota diete elgoibartarrei soka saltorako. Tik-tok eta antzerako sare sozialetan ohikoak diren challenge-n itxura guztia dauka erronkak, eta soka saltoan jardun dute, baina elkarri soka emanda, batek soka eman eta albokoak salto, erritmoz betetako Janus Lesterren Dap-dap kantuaren doinuan.
Arropa denda, abenduaren 5etik zabalik
Ekitaldian zehar, Iera Larrañaga Egiguren Kilometroak25 honen ikastolako koordinatzaileak eman ditu urte osoko egitarauaren beste zenbait zertzelarada. Dagoeneko antolaketan parte hartzen ari diren kide guztiak zoriondu eta Elgoibarko Udalaren laguntza eskertu ostean, soinean jantzita zeukan arropari egin dio lehen erreferentzia. Izan ere, bertan ikusarazi dute ospakizunaren harira prestatutako arropa, eta denda laster egongo da zabalik, abenduaren 5etik aurrera egin zuzen ere, Elgoibarko Errosario kaleko 25. zenbakian hain zuzen ere.