Manu Sota eta Euskararen Nazioarteko Eguna
Eusko Ikaskuntzak, Euskaltzaindiak eta Lakuako Gobernuak, 1995ean adostu zuten abenduaren 3a Euskararen Nazioarteko Eguntzat izendatzea. Baina egun seinalatu horrek ez ditu aurtengoan 29 urte beteko, 75 baizik. Noiz eta nola sortu zen munduko hizkuntzarik zaharren eta berrienaren eguna?
Abenduaren 3a Euskararen Nazioarteko Eguna izango zela adostu zuten Eusko Ikaskuntzak, Euskaltzaindiak eta Eusko Jaurlaritzak 1995ean. San Frantzisko Xabierkoarekin lotzen da eguna, Frantzisko Jatsu Azpilkueta hori 1552ko abenduaren 3an hil zelako Shangchuan uhartean, eta hil aurreko azken hitzak bere ama hizkuntzan egin omen zituelako.
Baina egun horrek ez ditu aurten 29 beteko. 75 beteko ditu aurten munduko hizkuntzarik zaharren eta berrienaren egunak. 1949an hasi zen Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzen. Eta, momentu egokia da beharbada, Bigarren Gerra Handia amaitu ondorengo Frantzia jadanik ‘liberatuan’, baina euskaldunentzat ez hain liberatuan, sortzen eta mobitzen ibili ziren batzuk gogoratzeko.
Eusko Ikaskuntzen VII. Kongresua 1936ko irailean Lizarran ospatzeko zegoen antolatuta. Bertan behera utzi behar izan zen, jakina, gerragatik. Hamabi urte luze gogor berandutu zen, bi gerra gogor luzeren ondoren, 1948ko irailean antolatzeko Biarritzen. Jose Antonio Agirre lehendakariaren babesa izan zuen, eta Ameriketako edo Filipinetako euskaldunen laguntza ekonomikoa. Kongresu hartan, kontinente guztietan sakabanaturiko euskaldun erbesteratuak elkartu ziren kulturaz, hizkuntzaz, ekonomiaz edota zientziez hitz egiteko. 250 txosten aurkeztu omen ziren 15 jakintza alorretan.
Etorkizunaz ere hitz egin zen, eta hurrengo urtean garatzeko geratu ziren gai batzuk. Aipagarriena, lau hitzetan esanez gero erraza ematen duena: Euskal Unibertsitatea sortzen hastea. Beste zeregin bat, euskara biziberritzeko bidean: munduko euskaldun guztiek abenduaren 3a, Frantsizko Xabierren eguna, euskararen nazioarteko eguntzat ospatzea, lelo honekin: ‘Lotsa handia litzateke guk, euskaldunok, geure hizkuntza galtzen ikustea’.
Euskara galtzen ari zela ikusten ari ziren euskaldunak, hain zuzen, begi-bistan. Lotsaturik batzuek, kontzientzia handirik gabe beste askok. Eta Manu Sotaren ideia hori garatu zen hurrengo urtean: euskararen egoeraren kontzientzia hartzeko eskatu zitzaien mundu guztiko euskaldunei, eta diru eskaerak egin ziren indarguneak antolatzeko, egun konkretu hori hartuz erreferentziatzat. Abenduaren 3a: ‘Une journée de la langue basque dans le monde entier será celebré une fois par an…’.
Euskararen Nazioarteko Eguna
Mundu guztiko euskal elkarteek kolaboratu zuten 1949an, asmo horren alde. Santa Ageda jaiak profitatu zituzten Mexikon-eta Euskararen Nazioarteko Egunerako eskatzeko. Eguna bera, Laurak Bat elkarteak antolatu zuen Argentinan. Mexikon, Buenos Airesen, Parisen eta beste leku askotan ospatu zen…
Euskararen Nazioarteko Egunaren fundatzaileak Manu Sota, Manuel Intxausti, Telesforo Monzon, Pierre Lafitte, Louis Dassance eta Jean Saint Pierre izan ziren. Iraganaren osin beltzean desagertu direnez, komeni da ahaztuak lantzean behin oroitzea. Manuel Intxausti (Manila, 1900 - Uztaritze, 1961) filipinar enpresari euskaltzalea, estatubatuar hiritartasunekoa. Bergaran, Olaso Dorreko artxiboan, Manuel Intxaustiren gutun bat dago, Telesforo Monzoni, antolaketaren nondik norakoak argitzen dituena. Telesforo Monzon (Bergara, 1904 - Baiona, 1981), politikari abertzalea, Eusko Jaurlaritzaren kultura kontseilaria izan zen 1952 arte, eta idazlea (‘Urrundik’ argitaratua zen 1945ean Mexikon, eta ‘Gudarien Eginak’ 1947an Iparraldean). Hegoaldeko abertzaleak ezkutuan geratzea komeni zen, hor zegoen Pierre Lafitte (Luhuso, 1901 - Baiona, 1985), apeza, idazlea, ‘Aitzina’ eta ‘Herria’ aldizkarien zuzendaria. Baina, Lafitte ere markatuegi zegoen abertzale moduan (erdaltzaleak mintzeko beldurrez beti, euskaltzaleak). Eta Manuel Intxaustik Louis Dassance eta Jean Saint-Pierre aukeratu zituen euskararen aldeko deialdia egiteko.
Louis Dassance (Uztaritze, 1888 – Uztaritze, 1976), nekazaritza-ingeniari, politikari eta euskaltzalea, Eusko Ikaskuntza Lagunartearen ordezkaria zen. Eta Jean Saint-Pierre (Milafranga, 1884 – Milafranga, 1951), apeza, idazlea (Anxuberro goitizenarekin), ‘Eskualduna’ eta ‘Herria’ astekarietako erredaktorea, eta ‘Gure Herria’ aldizkariaren zuzendaria. Hau, Afrikako apezpiku zereginetatik 1937an Euskal Herrira itzuli ondoren, Euskaltzaleen Biltzarraren ordezkaria zen.
Manu Sota
Azkenerako utzi dugu Manuel de la Sota (Getxo, 1897 – Bilbo, 1979) idazlea eta militante abertzalea. Berarena izan zen Euskaren Nazioarteko Egunaren ideia, eta hasierako bultzada. Bilboko familia aberatseko haurride desbideratua, Jagi-jagiko militantea, polifazetikoa (Athletic futbol ekipoko presidentea, Federico Garcia Lorcaren adiskidea) eta sortzailea. Ez zen euskararen alde hasi berria.
‘Antzerti’ aldizkariaren lehen zenbakian ja, 1932an, ‘Jean Cocteau euskalduna’ deitzen zitzaion: «Onela deitu genezaioke Sota Aburto idazleari. Antzerkirako doai berezia du, ta euskeraz idazten asi danezkero, ez dezala aztu gure Antzertitxoa».
Errepublika aro laburreko euskal antzerki berpizkundearen bultzatzaileetako bat izan zen bera, irlandar aireak ekarriz batez ere. ‘Negarrez igaro zan atsoa’ (liburu formatuan: Verdes-Atxirika, Bilbo, 1933). Irlanda atsoaren figuraz errepresentatzen zuen William Butler Yeats eta Lady Gregory-ren ‘Kathleen Ni Houlihan’ (‘Kattalin, Houlihanen alaba’) obraren bertsioa zen. 1932ko jorrailaren 17an antzeztu zen Durangon Kirikiñori gorazarrean. ‘Buruzagiak’ ere, Manuk Irlandatik ekarri zuen (Verdes-Atxirika, Bilbo, 1935). Patrick Pearse martiriak ingelesez egindako ‘The Singer’ obraren bertsioa zen, toki, pertsonaia eta gainerakoei euskal tankera emanez. Joseba Altunaren laguntzarekin egin zituen biak Manu Sotak.
1937an, erbesteratu eta, Manu Sota Euzkadi futbol selekzioaren tourné-buru izan zen, Eresoinka kanta-dantza espektakulua ere berak gidatu zuen munduan zehar. 1938tik aurrera, Euskal Gobernuaren New Yorkeko delegazioan egon zen, harik eta 1946an ja Biarritzera aldatu, Etchepherdia etxean bizitzeko harrezkero. 1948ko Eusko Ikaskuntzen kongresuaren antolatzailea izan zen, eta Euskaltzaindiak, gerraondoan berreraiki zenean, euskaltzain izendatu zuen.
Euskaradunok beste lan itzel bat ere zor diogu Manu Sotari: ‘Iztegia, Diccionario de Retana de Autoridades de la Lengua Vasca’. La Gran Enciclopedia Vasca argitaletxeak noizbait publikatu zuen hiztegi erraldoia. Piarres Lafitteren, Lino Akesoloren eta batez ere Manu Sotaren berrogei eta piko urteko lan isil, nekaezin eta eskergabearen fruitua. Ia jaio orduko bazterturik eta erdi ahazturik geratu zena, zoritxarrez, titulu desegokiagatik, h letraren auziaren inguruko ezinikusiengatik, eta beste motibo batzuengatik.