Ikasgeletan telefonoak debekatzeko milaka sinadura bildu ditu Altxa Buruak
Ikasgeletan telefono mugikorrak debekatzeko eskaria egin du Altxa Burua elkarteak Gasteizko Parlamentuan. Eskaera hau sostengantzeko milaka sinadura bildu dituzte. Ikasleengan mugikorrek arazo larriak sortzen dituztela nabarmendu dute.
Altxa Burua elkarteko kideak Gasteizeko Parlamentuan izan dira gaur Lakuako Hezkuntza sailak ikastetxeak telefono mugikorrik gabeko esparru gisa izendatzeko eskatzeko. Talde honen ustetan «isilpeko krisialdia» jasaten ari da gai honen inguruan eta ez zaio behar den arreta eskaintzen.
Gipuzkoan sortu zen 2021ean Altxa Burua eta EAEko 20.000 familia biltzen ditu, ikasgeletan telefono adimentsuek sortzen dituzten arazoen aurrean konponbideak bilatzeko asmoarekin.
Taldearen izenean, lanbidez pediatra eta hezitzailea diren bi ama eta Ordiziako institutuko zuzendaria Gasteizko Legebiltzarreko Hezkuntza batzordean izan dira. Honekin batera, azken hilabeteotan Lakuako Gobernuari eskolak telefono mugikorrik gabeko esparru izendatzeko eskaera egiteko beharrezkoak diren sinadurak jaso dituzte.
Ikastetxeen esku
Azaldu dutenez, ez da gai honi buruzko legerik eta, ondorioz, ikastetxeek dute erabakitzeko ahalmena. Nabarmendu dutenez, mugikorren debekua legez ezarri den tokietan onurak jaso dituzte. Erabiltzen ez bada ere, mugikorra geletan izatea arretaren kalterako da.
Mugikorrik gabeko eremuetan, berriz, ikasteko gune hobeak sortzen dira, kontzentrazioa hobetzen da, eskola-jazarpenak behera egiten du, ikasleen arteko harremanak indartzen dira eta jarduera fisikoak ere gora egiten du.
«Mugikorraren erabilera gehiegizkoa da eta kontrola, aldiz, gutxi. Honek, bakardadearen egoera handitzen du», nabarmendu dute. «Telefono mugikorraren erabilera geroz eta beranduago hasten bada, hobe», gaineratu dute.
Arazo hau ez da soilik ikastetxe bakan batzuetan ematen, hezkuntz-sistema osoan baizik. Hori dela eta, Altxa Buruaren arabera, erantzuna sistemikoa eta Hezkuntza Departamenduaren ardura izan behar du, ikastetxe bakoitzaren eskuetan utzi gabe.
Hezkuntza Departamenduak dagoeneko mugikorren erabilerari buruzko instrukzioak bidali ditu ikastetxetara, baina Altxa Buruaren arabera, debekua dekretuz ezarri behar da.