INFO
Interview
Sinam Mohamad
Siriako Kontseilu Nazionaleko administrazioaren ordezkaria AEBetan

«Turkiaren agenda dago honen atzean; egoera kritikoa da»

Sinam Mohamad kurdua Siriako Kontseilu Nazionaleko administrazioaren ordezkaria da Ameriketako Estatu Batuetan. Rojavako (Siriako Kurdistan) administrazioaren ardura dauka Washingtonen, eta oso kezkatuta dago azken egunetan Alepon eta herrialdearen ipar-mendebaldean gertatzen ari denarekin.

(Urtzi URRUTIKOETXEA)

Alepo oharkabean hartu zuten ordu gutxian indar islamistek. Hiriko iparraldeko auzune kurduak zuen kontrolpean egon dira, baita hiritik kanpoko eskualde bat ere. Zein da zehazki egoera?

Mundu guztiak ikusi du nola Al-Qaedatik sortutako Al-Nusrak, orain Hayat Tahrir al- Sham (HTS, Siria Handia Askatzeko Mugimendua) izenarekin, Alepoko hiri osoaren kontrola hartu duen, Turkiaren babesarekin. Dramatikoa da; milioika lagun bizi dira Alepon; Siriako hiri handiena eta dibertsitate handiko lekua da: arabiarrak, kurduak, armeniarrak, kristauak, musulmanak... oso arriskutsua da HTSko jihadisten kontrolpean egotea. Guk bi barruti ditugu hirian Ashrafieh eta Xeikh Maqsud; hor biztanle gehienak kurduak dira, beren administrazio propioa daukate, eta oso kezkatuta daude zer gertatuko zaien. Oraindik ere han ditugu gure indarretako batzuk, baina mehatxua hor dago.

Eta hiritik kanpo, Tel Rifaat-en?

2018an Afrinetik desplazatutako jendea daukagu. Turkiaren menpeko taldeek 300.000 lagunek etxetik alde egitea ekarri zuten. Sei urte daramatzate kanpalekuetan bizitzen, sufritzen ari dira, talde batzuek krimenak egin dituzte, haien etxeak okupatu dituzte, eta desplazatuak Tel Rifaat hirian eta haren inguruan bizi izan dira. Oraingo erasoarekin, milaka lagun horiek berriz arriskuan daude; batzuk Alepora joan dira, beste batzuk ipar-ekialdera. Negua dator, janaria, berokiak behar dituzte. Haurrak eta adinekoak ere badaude.

Ebakuazioa prestatu duzue, erasoen berri izan da. Zein da egoera?

Turkiak babestutako Siriako Armada Nazionalak (SNA) eraso die biztanle horiei. Batzuk atxilo hartu ditu, Afringo Babes Unitateetako emakume batzuk atzeman eta irain egin diete. Jende hori ebakuatzen saiatzen ari gara, Siria iparraldera, haien biziak babesteko. Nazioarteko komunitateak bide bat aurkitu behar du Afringo jendeak etxera itzultzeko modu bat izan dezan.

Idlib kontrolatzen zuen HTSek, eta, bestetik, Turkiaren menpeko SNA dago. Bi mugimenduen atzean dago Ankara?

Ezagutzen dugu Turkia; badakigu eraso gehiago egin dituela gure eskualdearen kontrola lortzeko. Ez ahaztu terrorista izendatu dutela AEBek HTS; islamista oso erradikalak dira, halakoa da haien ideologia, eta hasiak dira presio egiten Alepoko herritarrei. Haren kontrolak ISISi atea irekiko dio. Horrek guztiak erbesteratze gehiago eta migrazio-olatu berri bat sorraraz dezake. Espero dugu nazioarteko komunitateak Turkia geraraziko duela, ez diezaion jendeari eraso. Guk zibilak babestu nahi ditugu. Ez dakit SNAk eta HTSk koordinazioa duten, baina argi dago Turkiaren agendaren arabera dihardutela. HTSek ere Turkiako agendari erantzuten dio, Alepoko zitadelara iritsi bezain laster Turkiako bandera jarri zuten. Herritarrez kezkatuta badaude, zergatik jarri dute bandera hori? Lehen ere saiatu dira Manbij eta Ipar Siriako beste eskualde batzuei erasotzen. Hau ez da egun bakarrean gertatu, luzaroan ibili dira prestatzen, badute ekipamendua ere. Turkiarekin batera gertatu da, Siria Ipar Ekialdeko administrazioa suntsitzea da beren helburua.

Zergatik gertatu da orain?

Sirian konponbide politikorik ez egoteak ekarri du hau. Hamahiru urte dira lehertu zela, eta ez dago konponbiderik, urte asko daramatza gatazkak izoztuta. Gatazkaren ustezko arintze horrek kale egin du, eta konponbide faltak ekarri du hau. Siriako erregimenak ez du onartuko inolako konponbiderik, eta oposizioa ez dago prest, ez ditu Siriako biztanle guztiak ordezkatzen. Horregatik egiten diogu dei nazioarteko komunitateari siriar guztientzako konponbide politikoa bilatzeko, gatazka gerarazteko murgil daitezen, espirala baretu dadin.

Egoera hau oso arriskutsua da uneotan. Ipar-mendebaldean gertatu da, baina zuen menpe dagoen Iparralde guztiari eta ekialdeari ere eragiten dio egoera berriak. Siria ipar-mendebaldean gertatzen denak eragina dauka Ipar-ekialdean, herrialde berean gaude. Turkiako agendaren menpe ari dira, eta bai, oso kezkatuta gaude erasoak Ipar-ekialdera ere hedatu ditzakeela. Hori gertatzen bada, arriskuan jarriko du egoera. HTSk gero eta kontrol handiagoa emateak ISISi ere eragiten dio, berriz ekitera bultzatzen du. ISISen presentzia daukagu Sirian oraindik; arriskua hor dago. Zer gertatuko da, Turkiak eraso eta Hol Camp atxilotze-guneko ISISeko presoek ihes egiten badute? Egoera oso kritikoa da, eta SDFri (Siriako Indar Demokratikoak) babesa eman behar zaio. Eskualde autonomoan dibertsitatea daukagu, kurduak, kristauak, arabiarrak; hori guztia dago arriskuan.

AEBen botere-trantsizioa, Israel Gazan eta Libanon, Errusia Ukrainan sartuta; nazioarteko testuinguruak nola eragin die Siriako azken gertaerei?

Alde horiek guztiak dira honen erantzule, AEBek eta Errusiak konponbidea bilatu behar dute, aktore nagusiak dira, indarkeriak gora egin ez dezan. AEBak Turkiari presio egiten saiatzen ari dira, inork ez ditu ikusi nahi HTSko jihadista terrorista erradikalak herrialdea gobernatzen. Errusiak ere rol garrantzitsua dauka Sirian. Izan liteke beste gatazka batzuek ere eragina izatea. Israelek Hezbollah ahuldu du, eta ezin dute Assad babestu. Eta Assadek ere konponbide politikoa onartu beharko luke, NBEren 2254 ebazpenaren arabera.