INFO

Ikasle Goiza, euskal kulturaren transmisioan katebegia

Hasi da. Durangoko Azokak ireki ditu ateak. Aurretik lau egun 59. edizio honetan. Euskal Herriko makina bat txokotatik etorritako 1.300 ikasle elkartu dira ostegun goiz honetan.

Lehen betekada hartu du Landako Guneak ikasleen eskutik. (Gorka RUBIO | FOKU)

Euskal Herritik iritsitako autobus ilarak ikusi dira goizean Landako Gunearen inguruan. Barruan, 30-40 ikastetxetako ikasleak Azokako esperientzia bizitzeko prest. Ateak zabaldu baino orduerdi lehenago ikasleak zain ziren kanpoan.

Irrikaz sartu dira barrura. Ordura arteko hedabideetako kideon eta argitaletxeetako ordezkarien joan-etorria, nahiko isila, zarataz eta oihuz bete da bapatean. Kasik lehenengo momentutik aforoa bete eta ateak itxi behar izan dituzte. Korridore batzuetan ezinezkoa zen ia ibiltzea. «Ze agobioa!» zioten elkarri bi neskek. Eskua emanda zihoazen, jende artean ez galtzeko. «Ez eskatu eskua...», batak besteari.

Metro batzuk harago begiak adi-adi ditu Xeberrek. Durangokoa da. Martin, Alex eta Alen lagunekin etorri da. Grabagailua ikusi eta «nik erantzungo dizut!», instant batean. 10 urte ditu eta txikitatik ezagutu du Azoka gurasoen eskutik. «Intrigazko liburuak, abenturazkoak ditut gustuko», dio. Musika ere bai, nola ez. Zein talde? «ETS». Eskua poltsikora eraman eta bertan duen ‘altxorra’ erakutsi digu. «‘Xeber, ETS beti zure eskutik’. Nire logelan jarriko dut!», esan digu. Bulego eta Zetak-en postuak ere begiz jota ditu dagoeneko. «ETSren ilara kanporaino ateratzen da», argitu du Martin lagunak ondotik. Xeberrek garbi du. «Gomendatzen dut Azokara etortzea».  

«Giroa»

Astrabuduatik (Erandio) hurbildu dira Jone, Olaia, June eta Irati. DBHko 4. mailako ikasleak dira. Lehenengo aldia dute Azokan. Aurkitu duten «giroa» nabarmendu dute, nahiz jende pilaketa ez zaien erosoa egiten mugitzeko. «Jende gutxiago espero nuen». Kai Nakairekin selfiea aterata gustura daude. Sinpatikoak dira musikariak orohar? «Bai, oso!», erantzuna.

Ilara zain du Pello Reparazek (Zetak). «Gerediagakoekin egon naiz eta esan didate lehenengo minututik aforoa bete dutela; jendea etorri da gaur», esan du. «Orain gutxi hotelean nengoen lasai-lasai eta orain odisea honetan nago! Jaleo ederra dago...», kontatu du, irribarrez.

Pozik dago beste urte batez –«bizitza erdia daramat hona etortzen»– Durangon egoteaz. «Polita eta beharrezkoa dela sentitzen dut», aitortu du.

Argitaletxeko ordezkarientzat modu berezian joaten da Ikasle Goiza. Leire Lopez Ziluaga aurkitu dugu Susako standean. Laneguna izanik heldu gutxi dabil korridoreetan. «Ikasle Goizean heldu gutxi ibiltzen dira orokorrean, askok ez dakielako etorri daitezkeenik. Inguruko asko harritu egiten dira jakitean. Eta laneguna izanik are gutxiago, bai. Ostegun arrunt batean asko ezin dira hona etorri».

Paper zuria eskuan ikusi ditugu ikasle ugari. «Inkestak egin, galdetu... eskolako lanekin etortzen dira asko. Horiez gain badatoz etxean emandako diruarekin libururen bat erostera. Adibidez, Institutuko gazte batek Munduko Poesia Kaierako bi liburu eraman ditu», aipatu du.

Ane Eslava Txalaparta argitaletxeko kidea da. «Jende zaparrada egon da goizetik. Liburu baten azalak arreta pizten badiete interesa agertzen dute eta prezioa galdetzen dute. Batek ez du unean bertan eskuratu baina pixkatera dirua eskuan zuela etorri da. Denetarik dago ikasleen artean, denak ez datoz irakasleak agindutako inkesta betetzera».

Gustura dago Landako haur eta gaztez beteta ikusita. «Batzuetan badirudi ez dagoela esperantzarik baina ikusten duzu batzuek badutela interesa. Ateak zabaldu eta denak hain azkar sartzeak esan nahi du zerbaitek erakartzen dituela», dio.

Gerediaga elkartearen «apustua»

Gerediaga elkarteko kide da Izaskun Ellakuriaga. «Euskal Herri osoko ikasleak etortzea oso inportantea da guretzat», esan dio NAIZi.

Gogotsu sartu dira ikasleak Landako Guneak ateak ireki bezain laster. (Gorka RUBGIO | FOKU)

Aurreko edizioetan arreta berezia jarri diote antolatzaileek gazteei. Aurten fokua zabaldu eta hartzaile guztion garrantzia nabarmendu badute ere, ez dute ahanzten gazteek jokatzen duten papera. «Apustu sendoa egiten dugu Ikasle Goizaren alde transmisioan sinesten dugulako, tresna garrantzitsua da guretzat. Orain dela urte batzuk ikerketa egin genuen eta emaitza izan zen Azokako bisitari gehienen lehen esperientzia ikastetxeetatik etorrita izaten zela, eta oroitzapen hori daukatela. Gero, gazteagoak direnean unibertsitateko lagunekin hurbiltzen dira, topaleku bezala ikusten dute. Jeitsi egiten da ondoren. Guraso direnean haurrekin itzultzen dira. Hau ikusita Ikasle Goizari eutsi egin behar zaio», adierazi du.

‘Portada’ izeneko erronka antolatu dute aurten ere, ikastetxeetan landu beharrekoa. Gustuko liburu eta disko baten azala hartu eta ‘tuneatu’ egin dute. «Urtetik urtera arrakasta daukagu. 30 bat ikastetxek parte hartu dute, Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzakoak, kontatu du.

Aurten bada berritasunik. Murala osatu dute ikasleek Landako kanpoaldean egokitu den gunean. «‘Hartzea ematea da’ leloari jarraiki murala sortzeko aukera eman diegu, Azokan dagoen sortzaile batengan pentsatuta. Gero murala, nahi badute, sortzaileari eskainiko diote. Ea nola irteten den, lehenengo aldia denean inoiz ez dakizu», dio. 

Gaztetxoentzat propio prestatutako ekitaldietan partehartzeko eskaera handia da Euskal Herriko ikastetxeen aldetik. Ezin denari erantzun. «Ahalegintzen gara eskari guztiei erantzuten, baina ez da posible izaten».

Tailerrak

Gero eta gehiago dira egitarauan hainbat gairen inguruko tailer praktikoak. Irudienean (Zugaza Zinemak) euskal musikaren eszenan gaur egun gazteen artean ezagunak diren artisten bideoklipen edo ikus-entzunezko lanen hurbileko aurkezpena egin da.

Jon Campo, Arteman enpresako kideak hartu du ardura bere gain. Bi talde izan dira, bakoitzarekin ordubeteko saioa egin du. Baiona, Bilbo, Lekeitio, Leioa bezalako lekuetatik etorri dira ikasleak. Bideoklip motak zeintzu diren, zein elementu erabiltzen dituzten, eta bideoklip bat egiterakoan eman beharreko pausuak azaldu dizkie bertaratutakoei.

DBHko ikasleak izan dira partehartzaileak. «Ez da publiko erraza, baina nahiko formal egon dira. Gaia interesekoa izateak laguntzen du horretan.  Nik luzatutako galderak erantzun dituzte eta galderak bota dituzte eurek ere», dio.

Bideoklip kontsumitzaileak dira. Etengabe. «Nik jarritako adibideak gehienek ezagutzen zituzten. Ikusita bai, bai baina aztertuta ez. Eta gaur egin duguna da aztertu». Aurrerantzean bideoklipak «beste begi» batzurekin ikusiko dituztena espero du Campok. Zea Mays, Berri Txarrak, Neomak, Dupla, Gatibu, Izaro... gaurko Campok aukeratu dituen lanak.

Izan da besterik. Irudienean eduki digitalaren erabilera eta euskara ardatz hartuta egin da beste egitasmo bat. Ikus-entzunezko edukiak duen egungo eskaintza aintzat hartuz eta plataforma digitalekin gazteenek duten hartu-emana kontuan izanik, hizkuntza ohiturei jarri zaie fokua teoria eta praktika uztartu dituen tailerrean.

Alex Aginagalde Pantailak Euskaraz elkarteko kideak ikasleei ezagutarazi die euskarak bizi duen egoera eta horrek euskararen erabileran duen eragina. «Ikusarazi diegu egunero 6-7 ordu pasatzen dituztela pantailen aurrean, edukiak ia denak gazteleraz (batzuk ingelesez) izaten direla eta horrek eragina daukala beraien egunero egiten dituzten hizkuntza hautuetan», esan du.

Azken hiru urteotan, Pantailak Euskaraz sortu zenetik, aurrerapausu handiak egin dira. «Gaur egun Netflix edo Prime Video bezalako plataformatan, biak elkartuta, 400dik gora dira euskarazko edukiak. Primeran eta Makusi euskarazko plataformak ere sortu dira, beraz aurrerapausuak eman ditugu eta orain beharrezkoa da jendeak euskarazko edukiak kontsumitzea ez bakarrik enpresa handiek ikus dezaten hemen herri bat dagoela euskaraz bizi nahi duena, baizik baita ere euskararen etorkizuna bermatzeko», azpimarratu du Aginagaldek.

Gazteen erreakzioaz galdetu diogu. «Herrien arabera batzuek ezagutzen dute Primeran plataforman eta besteek ez. Gauza bera gailuen konfigurazioari dagokionean. Gehienek ez dakite Android eta Iphonak euskaraz jarri daitezkeenik edo Spotify euskaraz dagoela, adibidez», azaldu du.

Tarte praktikoa ere izan du saioak, gazteek bilaketak euskaraz nola egin ikaste aldera.

Positiboa da Aginagalderen balorazioa. «Hiru taldetan banatuta ia 500 gazte egon dira eta espero dezagun baliogarria izatea eta zeozer eragitea».

Szenatokiak (Sanagustin aretoa), berriz, dauden dinamizatzaileek antzerki eszena bat sortzera gonbidatu ditu ikasleak inprobisazio teknika erabiliz.