INFO

Azokako Babelgo dorrean, kurduen hitza protagonista

‘Mugarik gabe–Be Sinor’ proiektuaren harira, kurduek, euskaldunek eta beste hizkuntza gutxituetako idazle, zuzendari eta musikariek hartu zuten protagonismoa atzo Durangon. Eta Babelgo dorre bat izango balitz, egun berean Frisia, Eslovenia eta Valentziako letretako gonbidatuak izan genituen.

Sevniz Evdike zinemagile kurdua, Durangon. (Marisol Ramírez | FOKU)

«Kurduena ez da borroka armatu hutsa, kultur, politika eta gizarte iraultza bat baizik. Emakumeek eta gazteek gidatutako herriaren batasuna da iraultza honen indarrik handiena», irakurri genion GAUR8n Peyman Viyan-i, PJAK-Kurdistanen Aske Bizitzearen Aldeko Alderdiko presidentekideari.

Eta Azokan atzoko larunbat hotz, euritsu eta jendetsuaren jarduna horren adierazle garbia izan zen; izan ere, Durangon errotuta dagoen Suargi gobernuz kanpoko erakundearen eskutik, kultura kurduak Azokaren bihotzera bidaiatu baitzuen egun osoan zehar.

‘Mugarik gabe – Bê Sinôr’ izena duen proiektu honek lurralde ezberdinetako musikarien loturek unibertsala den musikaren hizkuntzaren bitartez muga geografikoak gainditzen dituztela erakutsi nahi izan du.

Dokumentala, 2025rako

Sevinaz Evdike (Serekaniye, Rojava, 1992) zinemagile kurdua da. Rojavako Zinema Komunaren fundatzaileetako bat da eta iaz estreinatu zuen bere aurreneko filma, ‘The Wedding Parade’ izenekoa. Beti aldarrikatu izan du kultura «bide guztiak zabaltzeko bide legez».

Tarte bat eskaini zigun Sevinaz Evdikek eta Landakon elkartu ginen atzo –«oso polita da ikustea horrelako jendetza liburuak begiratzen», esan zuen, Azoka zer iruditzen zaion galdetu genionean–, ‘Mugarik gabe – Be Sinor’ ekimenari buruz mintzatzeko. Filmatzen ari diren dokumentalak izen bera izango du: «Erakutsi nahi duguna zera da –argitu zigun–, nola musikak eta kulturak mugak txikitzen dituzten eta nola gainditzen dituzten oztopoak.

Dokumentalaren zati bat eginda dago, baina falta zaigu euskal musikagintzaren ordezkaritza Rojavara, Siriako herrialde kurdura, joatea eta, ondo dakizuenez, egun egoera oso zaila da; egia esan, ez dakigu noiz gauzatu ahal izango dugun».

Hain justu, atzo gauean dokumentalaren proiektua aurkeztu zuen Plateruenan, musikari euskaldun eta kurduek kontzertua eman aurretik. Ines Osinaga, Jon Maia, Itziar Ituño, Janire Egaña, Azibar Terreros, David Espinazo (Ingot), Yado Uzune, Onur Kepenek, Mizgin Tahir eta Ciwan Issa aritu ziren. Horiekin batera, Chris O’Shea irlandarra.

Sevinaz Evdike urrian iritsi zen Euskal Herrira. Sirian jihadistak egiten ari diren ofentsibaren eraginez, egun egoera nola dagoen galdetu genionean, «hau une erabakigarria» dela aitortu zigun. Jihadisten erasoak areagotu egin dira eta «Talriefaat eta Xahba kanpalekuetan  zeuden errefuxiatuek alde egin behar izan dute Siriako autoadministrazio guneetara. Bidea oso luzea  da, 200 kilometro egin behar izan dituzte oinez. Bidean jende asko hil da, hotzagatik eta egoeraren gogortasunagatik».

Ez dira horiek jihadisten erasoak jasotzen dituzten gune bakarrak; adibidez, Manbij hiri handiaren egoera ere kezkagarria da, aipatu zigunez: «Beldur gara Manbij-ek ez du inolako irteeratik eta, erasotzen badiote, jendeak ezingo du alde egin».

‘Mugarik gabe – Be Sinor’ bezalako proiektu batek zer-nolako garrantzia duen galdetuta, hona hemen bere erantzuna: «Garrantzitsua da erakustea bi herriek istorio amankomun bat dutela eta, musikaren bitartez, bidea topatu izan dutela elkar komunikatzeko, ulertzeko eta erakusteko euren hizkuntzarekin libre izateko aukera dagoela. Eta prozesu honetan oso inportantea izan da ulertzea herri kurduari gertatzen zaiona ez zaiola bakarrik herri kurduari gertatu. Gure hizkuntza propioan komunikatzeko ahalmen honetan, elkar ulertze honetan, erakusten dugu edozein debeku baino indartsuagoak garela».

Eta dokumentala noizko? 2025erako uda jarri dute epemuga, baina «Rojavan ez dugu inoiz esaten zerbait bihar egingo dugula, baizik eta ‘beharbada’ bihar egingo dugula», esan zigun zinemagileak.

Kultura gutxituen mapa eta «eskizoglosia»

Ekitaldi hauek Durangoko Udalaren babesa dute. Suargi gobernuz kanpoko erakundearen bitartez, Durangoko udalerria eta Kobane hiri kurdua 2017an senidetu ziren eta geroztik elkarlana izan da nagusi bien artean. Atzo Ahotsenean ‘Kurdistan + 100’ liburua, berriki euskaratua izan dena, aurkeztu zuten eta, kultura zapalduen haritik tiraka, arratsaldean, Talaia-Durangoko Museoan, kultura gutxituetako hainbait sortzaile elkartu zituzten. Jende ugari bildu zen hitzaldian; aretoa, leporaino.

Suargi elkarteko Jon Landabideak aurkeztuta eta Arantxa Iraola kazetariak moderatuta, Sevinaz Evdikek berak, Michael McCoughan idazle eta kazetari irlandarrak, Kiera Henderson itzultzaileak, Meral Simsek idazle kurduak, Jin Swani idazle kurduak, Roberto Awanari musikariak eta Joseba Sarrionandia idazleak, globalizazio garai honetan, arazo komunez hitz egin zuten. Esaterako, hizkuntza zapalduak, bai, baina gutxituak? «Minorien kontua mito bat da», bota zuen Sarrionandiak. Evdikek hauxe argitu zuen: «40 milioi lagunek hitz egiten duten hizkuntza [kurdua, alegia] ez da hizkuntza gutxitua».

Roberto Awanari guarania  euskaraz mintzatu zen: «Zergatik erabili behar dugu gure hizkuntza? Gutaz mundu guztiak idazten duelako, baina guk geuk kontatu nahi dugu gure burutik, gure ahotsetik, gure hizkuntzatik, gure sustraietatik, gu diferente garelako. Eta euskaraz hitz egin, hizkuntza biak indigenak direlako».

Sarrionandiak bi gaixotasun nagusi detektatu ditu: «Bat, eskizofrenia den zerbait, maila sozialean, eskizoglosia dena»; hau da, hizkuntza gutxituek duten «inseguritatea». Bigarren gaixotasuna, supremazismo linguistikoaren «arrogantzia ignorante eta boteretsua».

Eta Europan, zer?

Eta atzo Durangon ‘marraztu’ zen hizkuntza gutxituen Babelgo  dorrea osatzeko beste solasaldi bat: museoan bertan Euskal Editoreen Elkarteak frisieraz, eslovenieraz eta valentzieraz idazten duten hiru idazle ezagun elkartu zituen: Azokara gonbidatu zituzten Syds Wiersman (Frisia), Jedrt Malezic (Eslovenia) eta Nuria Sendra (Valentzia), Garazi Arrula editoreak gidaturik. Hizkuntza txiki bat erabiltzeak zer lotura mota du hizkuntza handiekin?, galdetu zien Arrulak. Jedrt Malezicek ez zuen argi ikusten minorizatuaren definizioa: «Ama naiz, lesbiana naiz, emakumea naiz, baina niretzat gutxiengoa izatea ez da bakarrik nire hizkuntzaren kontu bat», aipatu zuen.

Syds Wiersmanek bere burua «pribilegiatutzat» jo zuen, zeren «beti daukat ‘gela’ hori niretzat, nire intimitaterako. Hizkuntza hegemonikoak presioa egiten du, bai, baina zuk beti duzu zuretzat zure gela hori eta niretzat plazera da eta pribilegio bat».