INFO

Partida serioa jokatuta, Reala talde eraginkorra izan da Leganesen aurka (0-3)

Laugarrenez jarraian irabazi du Imanol Alguacilen taldeak atea hutsean utzita. Txuri-urdinek ez dute distira handirik egin Leganesen aurka, baina ate aurrean izandako eraginkortasunari esker, hiru puntuak poltsikoratu dituzte. Brais, Barrenetxea eta Oyarzabal izan dira goleatzaileak.

Ander Barrenetxea Realak sartutako bigarren gola ospatzen, taldekideekin batera. (Europa Press)

Reala hasi da pixkanaka Europan egoteko behar duen martxa hartzen. Ligako azken hamabost puntuetatik hamabi poltsikoratu ditu Imanol Alguacilen taldeak. Gaur Leganesen aurka partida serioa jokatu dute txuri-urdinek, ez dute distira handirik egin, baina eraginkortasunari esker 0-3 eko emaitza sendoarekin itzuliko dira Donostiara. Hiru puntu poltsikoan, laugarrenez jarraian atea hutsean utzita, eta aurreko jokalariak konfiantzaz gainezka, atea aurrean asmatu dutelako.

Brais Mendezek egin du lehenengoa; asteko bigarrena du galiziarrak. Barrenetxeak egin du bigarrena, bigarren zatian zelarairatu eta hukitu duen lehenengoa sareetara bidaliz. Eta Oyarzabalek sartu du hirugarrena luzapenean.

Albisterik txarrena Realeko hiru jokalarik zelaia utzi behar izan dutela, min hartuta. Horiek Aihen, Zubimendi eta Sergio Gomez dira. Nafarra lehen zatiko 30. minutuan lesionatu da, baloi baten bila salto egin ostean gaizki erori delako. Bizkarrean eta saihetsetan hartu du min. Javi Lopez zelairatu da haren ordez. Zubimendik eta Gomezek, berriz, bigarren zatian utzi dute zelaia.

Segituan jarri zaio alde partida Imanol Alguacilen taldeari. 13. minutuan Brais Mendezek egin du 0-1ekoa. Jokaldi paregabea egin dute donostiarrek. Beste behin Take Kubok hasi du jokaldia, berriro ere erakutsiz askorik ez duela behar arriskua egiteko. Japoniarra eskuin hegalean zela, zelai-erdian kontrolatu du baloia, aurkariari iskin egin, eta ohi duen bezala, erdialdera gidatu du baloia. Burua altxatu eta ezkerrera egin du pasea. Hantxe zegoen Sergio Gomez. Azken horrek baloia erdiratu, Sucicek hankak ireki ditu baloia azpitik joan zedin, eta hortxe iritsi da bigarren lerrotik galiziarra txuri-urdinen lehenengoa sartzeko.

Sucicen aukera

Orduan Leganesek pauso bat aurrera egin behar izan du, eta horren eraginez, Realak aurrean espazio gehiago zuen korrika egiteko. Horrelaxe iritsi da txuri-urdinen bigarren aukera garbia. Remirok hankekin duen joko ona aprobetxatuz, nafarrak luze pasatu dio baloia Oyarzabali, kapitainak kontrol ederra egin du, eta area zapalduta, Sucic etor zedin itxaron du. Erdilari austriarra areara iritsi denean, orduan pasatu dio eibartarrak baloia, baina Sucicen jaurtiketa Dmitrovicek alboratu du. Geldiketa handia egin du Leganeseko atezainak.

Atsedenaldira 0-1 joan dira txuri-urdinak, Sucicek bigarrena sartzeko izan duen aukera paregabea buruan. Zorionez, bigarren zatian, Imanol Alguacilen jokalariak ez dira oroitu austriarrak gola sartzeko izan duen aukeraz. Leganesek zertxobait kikildu du Remiro bigarren zatian. 53. minutuan atezain nafarrak geldiketa bikaina egin du baloia kornerrera alboratuz, Oscarrek buruz errematatu ostean.

 

Realak partidaren agintea guztiz hartu ez badu ere, nahiko kontrolpean izan du neurketa. 72. minutuan ezusteko txiki bat izan du Aguerdek. Alboraketa batean huts egin du, baina jokoz kanpo zeuden Leganeseko bi aurrelariak. Hutsegite hori kenduta, sekulako partida egin du marokoarrak. Jokalari azkarra da, buruz ezin hobeki moldatzen dena, eta baloi irteeran taldeari gauzak asko errazten dizkion jokalaria. Atzeko lerroan bikote ederra osatzen dute berak eta Zubeldiak.

77. minutuan iritsi da Realaren bigarrena, alboko falta baten bitartez. Braisek ezarritako baloia ez du ondo alboratu Leganeseko defentsak. Arrantzaleak itsasoan nola, halaxe zegoen Barrenetxea. Baloia area ertzean zegoela harrapatu du, eta zutoinetik gertu jaurti du ezker hankarekin. Ukitutako lehen baloia sareetara bidali du. Laugarren gola du denboraldi honetan, eta gaur estreinatu da ligan.

Hirugarrena sartu aurretik, bigarren zatian zelairatu den Beckerrek izan du aukera bat atea zulatzeko, baina Leganeseko atezainak jaurtiketa alboratu du. Luzapenean egin du hirugarren eta azken gola Oyarzabalek luzapenean. Barrenetxeak eta Sucicek jokaldia ondu dute ezker hegaletik, area barruraino sartu da donostiarra eta eibartarrari pasatu dio. Kapitainak ez du hutsik egin ezker hankarekin. Laugarren gola ligan Oyarzabalentzat.

 

 

Azken bost partidak irabazita, datorren ostegunean Dinamo Kieven aurka jokatuko du Anoetan Realak (21.00). Bolada onean jarraitzea izango du xede talde txuri-urdinak.

FITXA TEKNIKOA

0 - Leganes: Dmitrovic; Rosier, Sergio Gonzalez, Nastasic, Javi Hernández; Neyou, Tapia (78. min, Munir); Diego Garcia, Oscar Rodriguez, Cisse (60. min, Juan Cruz); eta Miguel de la Fuente.

3 - Real Sociedad: Remiro; Aramburu, Zubeldia, Aguerd, Aihen (31. min, Javi Lopez); Kubo (76. min, Becker), Zubimendi (50. min, Olasagasti), Sucic, Brais Mendez; Oyarzabal y Sergio Gomez (76. min, Barrenetxea).

Golak: 0-1, 13. min: Brais Mendez. 0-2, 78. min: Barrenetxea. 0-3, 91. min: Oyarzabal.

Epailea: Pablo Gonzalez Fuertes. Txartel horia: Rosier (70. min) eta Yvan Neyou (75. min) Leganesetik; eta Aihen (27. min) eta Brais Mendez (70. min) Realetik.

Gertakariak: EA Sports Ligako 16. jardunaldiko partida, Butarque estadioan, 11.312 ikusleren aurrean.