INFO

Talde estatubatuar batek espedizio oso arrakastatsua egin du Baffinen

Joan den udaran, Brandon Adams, Sam Stuckey eta Miles Fullmanek hiru ibilbide luze eta gogor zabaldu zituzten. Horietako bik, ‘Memento Mori’ eta ‘Ragnarok’ marrek, A5 zailtasuna dute.

Miles Fullman sokaburu ‘Fenrir’ bidean (Loki) luze bat zabaltzen. (Miles FULLMAN)

Baffin uhartea beti izan da hormatzarretan jarduten dutenentzat inguru oso erakargarria. Makina bat murru luze izateaz gain, asko eta asko ukitu gabe daude. Artikoan kokatuta dagoenez, alderdi oso bakartia, latza eta askotan muturrekoa da. Finean, abentura eta esplorazioa ziurtatuta daude. Eskalatzaile ugari dira Baffinen nortasun handiko espedizioak egin dituztenak. Eta oraindik badira erronka horren aldeko apustua sutsua egiten dituztenak ere.

Brandon Adams, Sam Stuckey eta Miles Fullman estatubatuarrak izan dira azkenak. Hormatzarrak eskalatzeko behar diren zama handiko tramankulu guztiak hartu eta joan den udaran 52 eguneko espedizioa egin zuten. Eskalatzaileok lortutako emaitzari dagokionez, aurreratu behar dugu bikaina izan zela. Izan ere, murru ezberdinetan, hiru bide luze sortu zituzten: ‘Memento Mori’ (5.10, A5, AI2, 1.100 m) Asgarden, ‘Ragnarok’ (5.11, A5, 760 m) Friggan eta ‘Fenrir’ (5.11, A2, 1.370 m) Lokin.

Irakurtzen den bezala, ibilbide berriek badute harreman berezia zailtasunean gogorra den eskalada artifizialarekin. Azken urte luzeotan, espezialitate horrek indarra “galdu” du mundu zabaleko hormatzarretan egiten diren espedizioetan. Horrekin esan nahi dugu, artifiziala pixkaka baztertu eta era askeko igoerek benetako protagonismoa hartu dutela.

Baina eskalada artifiziala oso txertatuta dago hiru eskalatzaileon DNAn. Ziur aski sasoi hori Yosemiten sartutako orduek eman diete. Hirurek ala hirurek ondo baino hobeto ezagutzen dituzte haran horretan dauden murruak, eta, abiadura errekorrak eta hainbat hormen loturak egiteaz gain, eskalada artifizialeko ibilbide oso gogorren errepikapenak egin dituzte.

Fullmanek, adibidez, onartu du Yosemiten eginiko eskaladek eskarmentu oso aberatsa eman diotela munduko bazter ezberdinetako paretetan eskalatu ahala izateko. Iritzi berekoa da Adams, eta, nolabait esateko, Baffin bi eskalatzaileon ametsa izan da: «Horma luzeak gustuko ditugunok ezin diogu ihes egin Baffinen deiari. Guretzat alderdi mitiko bat da, paregabea alde guztietatik begiratuta, itsasotik bertatik altxatzen diren hormatzarrak ditu… Eskalatzaile historikoek uharte horretan egin dituzten espedizioen berri baditugu. Irudi asko ikusi ditugu, eta horrek erabat harrapatzen zaitu».

Brandonek eta Fullmanek urte batzuk zeramatzaten espedizio hori planifikatzen, baina kontu ezberdinengatik iragan udara arte atzeratu zuten. Hirugarren sokakide bat batu zitzaien: Stuckey. Hitz gutxitan esanda, eskalatzaileok talde sendoa osatzen dute. Bederen, erakutsi dute oso sasoiko eta eraginkorrak izan direla; izan ere, hiru bide berri ireki eta beste baten errepikapena 52 egunetan egitea ez da batere ohikoa. Espezialistek diote azken urteotan Baffinen egin den espedizio arrakastatsuenetarikoa izan dela.

Helburuak

Uztailean bidaiatu zuten. Pangnirtung fiordora heldu eta ohartu ziren oraindik izoztuta zegoela. Zama astuna bizkarreratu, ibilbide alternatibo bat hartu eta fiordoaren amaierara oinez iritsi ziren. Oinarrizko kanpalekua Turner glaziarrean antolatu zuten. Artikoan zirenez, giroa ez zen epela. Bazekiten inguru hartako klimara hala nola ohitu behar zirela. Eta, jakina, natura basatira.
Frigga gertu zutenez eta Asgardeko hegoaldeko dorreak elur asko zuenez, lehenbiziko helburuarekin buru belarri jarri ziren. Protagonistok diote Frigga ikaragarri estetikoa eta granitozko ezpata baten itxurakoa dela. Eskalatu behar zuten horma 750 metro luze da, eta bazekiten soilik bide bat zuela: Wally Barker eta John Rzeczyckiren ‘Slith the Frightful’.

Murrua aztertu ondoren, ezkerrean zegoen sekzio tente bat baztertu zuten, besteak beste, itxura ederra zuen ibilbide bat aurkitu zutelako. Aukera berria eskalatzen ari zirela, ezustekoa izan zuten; hots, konturatu ziren talde japoniar batek zintzilik utzitako marra baten barruan zeudela. Aurrera jarraitu eta erronka hori biribildu zuten: ‘Ragnarok’.

Espedizioaren helburu nagusiaren aurrean, Lokitik jaitsi ondoren. (Miles FULLMAN)

Frigga atzean utzi eta Loki mendiaren oinarrira lekualdatu zuten kanpalekua. Asgardeko hegoaldeko dorretik gertu dago, baina Lokiren ekialdeko horman ukitu gabe zegoen ibilbide erakargarri bat ikusi zuten. Artesi sistema eder batek osatzen zuen, eta protagonistok diote era askean eskalatzeko oso aproposa zela. Baina Artikoan zeuden, eta aukera hori baztertu zuten. Egun bateko eskaladan “Fenrir” sortu zuten. Ibilbide hori ertz batean amaitzen da, eta han ‘Nettle-Shelton’ marrak gailurrera eraman zituen.

Mendi horretatik jaitsi bezain laster, estatubatuarrok hirugarren eta azken helburura abiatu ziren: Agardeko hegoaldeko dorrera. Xede horren oinarrian kanpalekua altxatu eta denbora galdu gabe bide berriaren lehen bi luzeak finkatu zituzten. Ondoren, elurrezko korridore bat saihestu (bi bide sekzio horretatik igarotzen dira) eta arrokan eskalatzen hasi ziren. ‘Memento Mori’-k bost eguneko lan eskerga eskatu zien. Eskalatutako metro horiei dagokienez, eskalatzaileok diote oso bertikalak direla eta gogor borrokatu behar izan zutela eskalada artifizialean. Baieztatu dute ere, zaila izateaz gain, jarraitu beharreko artesiak oso meheak eta etenak zirela. Luze gogorrenetan Adams sokaburu joan zen; diotenez, belaunaldi horretako Ameriketako Estatu Batuetako espezialista onenetarikoa dela.

‘Memento Mori’ bide berriak goi aldean ditu artifizialeko luze zailenak, baina gehitu dute izaera ezberdinetako beste luze batzuk ireki zituztela: mistoa, librea… Hitz gutxitan esanda, espedizio horrek izan duen izar nagusia izan da. Batez ere, zailtasunarengatik, arriskuarengatik eta oso luzea delako.

Asgard mendian ‘Memento Mori’ zabaldu zuten. (Miles FULLMAN)

Adams, Stuckey eta Fullmanek hirugarren bide berri horrekin zirkulua itxi zuten. Baina oraindik beste karta bat ezkutuan zuten. Janari gutxi zutenez, astebete lehenago haran hori atzean utzi zuten. Onartu dute itzuleran eginiko ibilaldia izugarria izan zela.

Alabaina, azken eskalada batentzat indarrak atera zituzten. Stuckey-k Thor mendia igotzeko gogo handia zuen. Eta haren oinarrira heltzeko ibai bat baten ur emariak beldurtu bazituen ere, azkenean, ibilbide egoki bat aurkitu zuten. Asmoa ez zen marra berri gogor bat sortzea; baizik eta bide samur batetik mendi hori igotzea: hegoaldeko ertz klasikoa (5.8, 900 m) aukeratu zuten.

Amaitzeko, protagonistok onartu dute igoera horrekin amaiera ezin hobea eman ziotela Baffineko espedizioari. Gainera, Pangnirtung herrixkara heldu zirenean, beste astebete egin zuten inuitekin: «Bertako herritarrekin hartu-emanak, eskaladak eta alderdi basatiak. 52 eguneko espedizioak hiru zutabe horiek izan ditu, eta oso harro gaude lortutako emaitzarekin zein bizitako eskarmentuarekin».