INFO
Interview
Ane Labaka Mayoz
Bertsolaria

«Aurreko finalean, helburua egotea zen; aurtengoan, egitea»

Oiartzungo finalerdian agurretik hortzak erakutsi eta poltsikoratu zuen finalerako txartela, finalerdietako bigarren puntuazio onenarekin. Inguruan sumatu izan dituen zalantzak isiltzeko bertsotan egin du, intentzioz. Gorputzaldi horretatik begiratzen dio finalari Ane Labakak (Lasarte-Oria, 1992).

Ane Labakarentzat bigarren finala izango da. (Jon URBE | FOKU)

Oiartzungo finalerdian ia ziurtatu egin zenuen finalerako txartela 552 punturekin. Finalera bitarteko itxaronaldia lasai samarra izan da, ezta?

Niretzat lehenengo aldia izan da horrela; lehen finalerdian kantatu eta ia-ia segurutzat izan dut finalean egongo nintzela, eta hurrengo egunak eta asteak hortik bizitu ditut. Lehen aldia izan da eta, egia esan, luxu bat da. Azkeneko saioan urduritasuna izan nuen, baina gehiago finaleko zortzikotea zein izango zen jakiteko. Baina urduritasun desberdina da, banekielako ni barruan nengoela.

Garrantzitsua da finalisten taldea zein den?

Tira, gehiago da hor atzean badaudelako harreman batzuk, eta gustu kontua ere bada. Nik, adibidez, Maider Arregi finalean egotea nahi nuen, berekin izan dezakedan harremanaz harago, ikusten dudalako badaukala proposamen artistiko politiko oso bat eta iruditzen zaidalako ekarpen handia egingo liokeela finalari. Bereziki nahi nuen Maider egon zedin. Amaia Iturriotzekin berdin, arrazoi beragatik eta, gainera, harreman oso estua daukadalako berarekin. Eta mugimendu bezala ere inporta zitzaidan ea zein argazki geratuko zen finalean. Egia esan, oso pozik nago geratu den argazkiarekin, talde polita da eta uste dut talde giro ederra izango dugula.

Egia da finaleko argazkiak gauza asko kontatzen dituela.

Bai. Zati batean bai errepresentatzen du gaur egun bertsolaritza dena edo behintzat nik bertsolaritzan bizi dudana. Gazteak indartsu zetozela esaten zen, eta nire kezketako bat bazen gero, faseek aurrera egin ahala, eskarmentu gehiago daukaten bertsolariek egitea aurrera. Beldurra nuen gazteen indarra hauspotzen ari ote ginen eta ea gero iritsiko ote ziren finalera. Iritsi dira eta oso pozik nago horregatik. Eta finalean emakumeok gehiengoa garela nabarmendu da eta horrekin ere oso pozik nago. Baina ez gaitezen argazki horrekin bakarrik geratu. Txapelketan atzera eginda, badago zer esan eta zer aztertua genero ikuspegitik. Oraindik badaude inertziak, eta gertatzen dira zalantzan jarri beharko genituzkeen gauza batzuk.

Gazteak eta eskarmentudunak aipatu dituzu. Zuk bigarren finala izango duzu eta dagoeneko eskarmentudunen zakuan sartzen zaitugu…

Bitxia da nola aldatzen den hori txapelketa batetik bestera. Egia da bost urte pasatu direla tartean. Baina aurrekoan finalista berria izan nintzen eta, bat-batean, hurrengo txapelketan dagoeneko ez naiz finalista berria eta, gainera, eskarmentudun bezala irakurtzen naute. Zorionez urte hauetan plaza dezente egin ditut, eta baita beste zenbait proiektu ere. Eskarmentua hortik datorrela uste dut.

Ez dakit gutxiago sufritu duzun edo gehiago gozatu, baina txapelketa honetan beste toki batean sumatu zaitugu.

Bada, Azkoitiko saioan, final laurdenetan, asko sufritu nuen. Eta bitxia da, ‘Déjà vu’ sentsazio bat izan nuelako. Duela bost urte Azkoitian eta Oiartzunen kantatu nuen, aurten bezala. Azkoitian dezente sufritu nuen eta Oiartzunen gertuago egon nintzen gozatzetik. Azkoitian duela bost urteko arantza kentzeko asmoz joan nintzen, baina momentuka sufritu egin nuen, giroagatik edo. Oiartzunera oso borrokara joan nintzen, arantza hori kendu nahian. Eztabaidaezina zen saio bat egin nahi nuen. Atzera begiratuta, beste txapelketetan eta askotan izan dut sentipena aitortza jaso dudala, baina aitortza partziala. Beti izan da ‘ondo, baina’. Horregatik ‘bainarik’ gabeko saio bat egin nahi nuen. Pozik nago horrekin, aitortza orokorrago bat iritsi zaidalako eta nire bertsokera aldatu behar izan gabe iritsi zaidalako. Nik sinesten dudan eta egin nahi dudan horri eutsi diot eta hori eginda jaso dut aitortza hori. Niretzat horregatik izan da Oiartzun mugarri bat, lehen aldiz sentitu dudalako horrelako zerbait.

Zein gorputzaldi ona final baterako, ezta?

Bai, pozik eta gogotsu nago.

Finalean zein Ane erakutsi nahiko zenuke?

Duela bost urte udaberriko fasetik hasi nintzen eta txapelketa oso luzea eta gorabeheratsua egin zitzaidan. Emozionalki oso indartsua. Finalean egote hutsa helburu bat zen, egon egin nahi nuen eta saiatu finalak ez ziezadan gain hartu. Duela bost urte egon egin nahi nuen, eta aurten, beste pauso bat eman eta egin egin nahi dut. Badakit zer den hor egotea eta nire bertsokera erakutsi nahiko nuke.

Nola definituko zenuke zure bertsokera?

Askotan esan izan didate hautu estetiko bat egiten dudala, errimen lanketarekin eta. Nik horri gehituko nioke edukia ere eman nahi diodala. Niretzat errimak lantzea eta beste errimategi bat ekartzen saiatzea, nire lupa hor jartzea, ez da bakarrik edergarri bat. Ez dut egiten bakarrik estetikoki gustatzen zaidalako. Iruditzen zait tradizioak eman dizkigula modu eta errima jakin batzuk bertsotan egiteko, eta badira esaldi eta esamolde egin batzuk bertsolari askok errepikatzen ditugunak. Ni bai saiatzen naiz hortik alde egiten, eta errimen lanketak laguntzen dit horretan. Askotan betiko errimekin eta betiko hitzekin betikoa esateko arriskua dago. Askotan beste errima edo hitz batzuen bila aritzeak ahalbidetzen dit gauzak modu berri batean esaten eta horretan saiatzen ari naiz.

Bertsolaria beti etengabeko bilaketan?

Ni behintzat bai. Eta urteak pasatu ahala, gero eta kontzienteago bilaketa horretan. Hamabi urterekin hasi nintzen bertsotan, eta hasiera horretan inertziaz egiten nuen bertsotan. Azken urteetan egin nahi dudan horretaz gero eta kontzienteago naiz. Ni bai, ni aldiro ari naiz bilaketa horretan.

Nola gordetzen duzu Illunbeko oroitzapena gorputzean?

Gauza oso-oso handi bat bezala gogoratzen dut, baita tentsio handia ere. Saio hasiera erabat borratuta daukat, gainetik pasatu zitzaidan olatu bat bezala. Bukaera gogoratzen dut. Baina nahaste moduko bat gogoratzen dut. Eta hurrengo egunetik hasita, aste osoa pasatu nuen ohetik ezin altxa. Neke handi-handiarekin. Ez nengoen gaixo, baina ezin nuen altxatu, sekulako nekea nuelako.

Aurten olatua goitik hartzen saiatuko zara?

Bai, nire helburua hori izango da, hasieratik hankak lurrerago ekartzen eta hor egoten eta egiten saiatuko naiz.

Aurten segur aski ezingo duzu astea ohean pasatu finala eta gero, etxeko txikiak ez dizu utziko. Hori ere aldatu zaizu aurreko txapelketatik, orain ama zara.

Ez hurrengo astea eta ez aurrekoa. Azkoitiko saioaren aurretik eta Oiartzungoaren aurretik etxeko txikia gaixotu egin zen, uste dut berak ere somatizatu duela gure kaos eta eromen hau. Horri buruz ere hitz egin beharra dago, zer-nolako ahalegina eskatzen duen gu txapelketan egoteko eta ahalik eta ondoen egoteko haur txiki batekin egin behar den guztiak. Askotan esaten dugu txapelketa garaian dena bere tokian egotea nahi dugula, ezerk ez dezala koloka edo dardara egin. Eta ume txiki batekin hau bizitzea justu kontrakoa da. Baina zentzu horretan pozik nago egindako bidearekin. Erditze ostea oso-oso gogorra egin zitzaidan, erditze oste bete-betean nengoen txapelketan izena eman behar izan genuenean, eta niretzat lehen aldiz erabaki bat izan zen benetan txapelketan parte hartu edo ez. Orain pozik nago hartutako erabakiarekin, baina egia da une horretan ez nintzela ari batere gozatzen plazetan. Sentsazioa neukan desagertzeko beldur batetik ari nintzela saioak egiten, ‘hemen nago’ esaten nolabait, baina ez neukan gorputzaldia jendaurrerako eta bertsotarako. Pozik nago bai plazan eta bai txapelketan asko gozatzen ari naizelako eta lortu dudalako berriz bertsoaren magia horrekin konektatzea.