INFO

Illunbeko plaza prest eta bertsolariak «gogoz» larunbateko finalerako

Lau egunen faltan, finalari begira jarri dira Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalistak Illunbeko plazan egindako prentsaurrekoan. Egindako ibilibidearekin pozik daudela azaldu dute; ilusioa sumatzen zen guztien begietan. Larunbatean borobildu nahi dute hilabeteetako lana.

2024ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalistak eta gai jartzaileak. (Jon Urbe | FOKU)

Larunbatean milaka bertsozalek beteko dute Illunbe; astearte goiz honetan ordea, biluzik ikusi dugu. Ez da plaza bera beteta edota hutsik, baina zezen plaza ikusi eta ilusioz daudela aitortu dute zortzi finalistek. «Urte luze eta berezia izan da Gipuzkoako bertsogintzarentzat, luzea udaberrian hasita 35 saio egin ditugulako, eta berezia, Almen bertso eskola sortu zenetik 50. urteurrena ospatzen ari garelako», aurkeztu du Ane Ezenarro gai jartzaileak.

Eneritz Artetxek, Beñat Gaztelumendik, Nerea Elustondok, Oihana Iguaranek, Aner Peritz ‘Euzkitzek’, Ane Labakak, Alaia Martinek eta Andoni Rekondok beren gorputzaldi, asmo eta sentsazioen berri eman dute. 17.00etan abiatuko da finala larunbatean eta Ane Ezenarrorena eta Iker Iriarterena izango da finala aurkezteko ardura.

Arantzazu Loidik jantziko dio txapela aurtengo txapeldunari, bertso eskolen sorrera eta bere ibilbideari omen eginez. Bestetik, Patxi Goikolea arduratuko da 25 urtez azpiko bertsolari onenari saria emateaz; lehen aldiz emango da sari hau Gipuzkoako Txapelketan.

Gorputzaldiak eta asmoak

Artetxek aitortu du «luze xamarra» egin zaiola txapelketa, udaberriko sailkapen fasean hasi baitzuen bidea. Txapelketak albo batera utzita egon da hainbat urte eta izena eman zuenean bere buruan ez omen zen finala kabitzen, baina pozarren dago orain. «Eta finalean egon baino pixka bat gehiago egin nahiko nuke», azaldu du, bertsotan egiten asmatzearekin «oso konforme» legokeela gaineratuz.

Gaztelumendik kontatu du hasieran kosta egin zitzaiola txapelketan «lur hartzea», baina aitzakia izan ohi dela berarentzat txapelketa jendearekin bildu eta bertsoa lantzeko: «Mugimendua bera dezente aldatu da eta ez nekien oso ondo nola kokatu». Finalean, berriz, «erne, malgu, kontziente» egon nahi du. Taldearekin «oso pozik» dagoela nabarmendu du orain arteko txapeldunak: «Gipuzkoa zer den eta norantz joatea nahi genukeen adierazten duela uste dut».

«Belaunaldi baten azken biziraulea» izan daitekeela edo sentsazio hori duela esan du Elustondok irri artean, eta final honetan zein plazan dagoen belaunaldiartekotasuna interesgarriak iruditzen zaizkiola kontatu du. Bigarren finala izango du eta bere ustez, egonarria irabazi du urte hauetan. Illunben «arrasto bat» uztea du helburu.

Iguaranek adierazi du txapelketak «sekulako harrera» izan duela, eta «gogotsu, pozik, ilusioz» sumatzen duela bere burua. Larunbatera begira bere aurreko finalen errepasoa egin du: lehenengoa «ospakizunetik» bizi omen zuen, bigarrenera ez omen zen pertsonalki momentu onenean iritsi eta honetara bere «gorputzaren jabe» doala azaldu du; «ahotsa jarri eta hitzak eskaini nahi dizkiot desio dugun horri».

Peritzek ere lehen finala izango du. «Sorpresa onekin» igaro du txapelketa eta bere buruan jarritako helburuak gainditu dituela azaldu du. Larunbaterako «moti, pozik» dagoela esan du, eta postuetatik harago egin nahiko luke bertsotan: «Zer egiten dakidan erakutsi eta esateko gogoa ditudanak esateko baliatu nahi dut mikroa». Ondo pasatzea ere garrantzitsua iruditzen zaio, eta hori ere badu helburu.

Martinek larunbateko finalera begira jartzeko atzera begiratu du une batez, eta gogoratu du bera lehen aldiz finalera sartu zenetik, 2011tik, asko aldatu direla bai finaleko argazkia, bai mundua, bai gizartea. Finalean horri kantatzeko mikrofono bat izatea «pribilegio bat» dela deritzo. Oholtzan kontzentratuta egon nahi du, «irekita eta malgu datorren guztia aprobetxatzeko», eta elkarrizketa interesgarriak sortzeko zortzikote ederra osatzen dutela uste du.

Rekondorentzat lehen finala eta lehen txapelketa izan dira eta «deskubritzen joatearen ilusioarekin» bizi omen du urte osoa, eta opari baten gisan finala. «Belaunaldiartekotasunak asko motibatzen nau», gaineratu du taldekideei begira. Batzuekin lehen aldiz finalean kantatuko du eta gustatu zaio bertsokideak ere deskubritzearen bidea. Ahal den ondoen egin nahi du larunbatean bertsotan, «eta urtea borobildu».

Egin beharreko lanak

Final guztiek bezala, bi atal izango ditu saioak, zortzi bertsolariek kantatuko dutena, eta buruz burukoa, lehen bi sailkatuekin. Lehen ariketa berezia izango da, izan ere, binaka, gaia emanda, nahi duten doinu eta neurrian launa bertso kantatu beharko dituzte –orain artean zortziko handian hiruna bertso kantatu ohi zituzten–.

Aldaketa horren inguruan galdetuta, bertsolari bakoitzak iritzi propio bat badu ere, ez daude oso konforme, arriskuak ikusten baitizkiote ariketa horri. Guztiak ados agertu dira finaleko lehen ariketak «motorra martxan jartzen» harrapatu ohi dituela eta neurria erabakitzeko ardura ere beraiengain jartzeak ziurgabetasuna sortu lezakeela. Hala ere, «probatzearen alde» agertu dira.

Iguaranek lau bertso izatea eskertu du, «bideak zabaltzeko aukera» ematen duela azalduz. Peritzek eta Rekondok aurreratu dute «erokeriarik» ez dutela egingo ariketa horretan, baina bertsokideekin hitz egingo dutela, eta guztion artean adostearen beharra azpimarratu dute denek. «Behar da lur egonkor bat guztiok eroso egongo garena», esan du Martinek.

Illunbeko ateak 15.30ean zabalduko dira larunbat honetan, eta saioari 17.00etan puntuan hasiera ematea espero dute antolatzaileek. Finala etxetik jarraitu nahi duenak ere izango du aukera, NAIZ Irratiak zuzenean eskainiko baitu.