INFO

Txitxarro gehiago eta berdel gutxiago baxurako arrantzaleentzat, legatz gutxiago alturakoentzat

Europako Batasuneko Arrantza ministroek akordioa lortu dute 2025erako arrantza kuoten inguruan. Kantauriko baxurako arrantzaleek txitxarro gehiago arrantzatu ahal izango dute, baina berdel gutxiago; alturako flotak, berriz, legatz gutxiago harrapatu ahalko du.

Baxurako arrantzaleek berdel gutxiago harrapatu ahal izango dute. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)

Europako Batasuneko (EB) Arrantza ministroek akordioa lortu dute bart 2025erako Atlantiko eta Mediterraneoko arrantza kuoten inguruan, bi eguneko negoziazioen ondoren. 

Euskal arrantzaleentzat ezin da esan Bruselan itxitakoa «oro har akordio ona» izan dela, Leandro Azkue Lakuako Gobernuko Arrantza zuzendariaren iritziz. Bere esanetan, Kantauriko baxurako arrantzaleentzat «ez da txarra izan», baina alturako ontziek, aldiz, legatzaren harrapaketan murrizketa jasango dute. Amaia Barredo Arrantza sailburua ere ildo beretik mintzatu da eta «balorazio orokorra ezin dela positiboa izan» adierazi du, euskal ontzidiarentzat urte «zaila» izango dela iragartzearekin batera.

Akordioaren arabera, baxurako arrantzaleentzat txitxarroaren kuota ia laukoiztu egingo da 2024koarekin alderatuta –aurreko urteetan ia zeroan egon zen–, eta 2.097 tonatik 8.220ra pasako da. Oilarraren eta zapoaren kuotak ere handitu egingo zaizkie, 3.942 tona (+%22,8) eta 4.340 tona (+%16,8), hurrenez hurren. Legatzaren kuotari eutsi egingo diote baxurako ontziek eta guztira 10.953 tona arrantzatu ahal izango dituzte, 2024an baino zertxobait gehiago. Kantauriko zigala, berriz, 12,4 tonatik 25 tonara igaroko da.

Berdelaren kasuan, ordea, harrapaketa kuota %22 gutxituko da, espezie horren zaurgarritasuna dela-eta, eta 33.770 tonatik 26.340ra pasako da.

Hegaluzearen harrapaketa kuotak ez du aldaketarik izango eta 35.815 tonatan geratuko da, eta atun gorriarena 21.503 tonatan.

Datorren urterako antxoaren kuota zehaztu gabe dago oraindik, espezie horren egoerari buruzko txostenaren zain. Berriki, Aztiren ikerketa batek ondorioztatu du Bizkaiko Golkoan antxoaren stock globalaren egoera «osasungarria» dela, nahiz eta antxoa gazteen batez besteko biomasan beherakada txikia izan den. Europako Kontseiluak oraindik ez du proposamenik egin 2025erako.

Alturako flota

Alturako flotaren kasuan, hasiera batean proposatutako murrizketa adostutakoa baino handiagoa izan arren, «ez da berria», izan ere, «iaz eta aurreko urtean ere beherakada izan zen eta, beraz, «joera bat da».

Hala, iparraldeko legatzaren kuota %20 murriztuko da –hasieran %30 proposatu zuen Bruselak–, eta zapoa (-%1,28), oilarra (-%8,92) eta bakaladaren (-%5,41) harrapaketek ere jaitsiera izango dute.

«Egia da duela bost urtetik kuota garrantzitsuak genituela, azken 20 urteetako onenak, baina azken urteotan iparraldeko legatzaren kuota murrizteko joera ikusi da», azaldu du Leandro Azkuek.

Bruselako akordioak euskal ontzidiari nola eragiten dion ikusi beharko dela adierazi du Lakuako Arrantza zuzendariak, batez ere frantziar kostaldean eta Irlanda hegoaldean arrantzatzen duten Ondarroako itsasontziei, ea «nola antola dezakegun, nola kudea dezakegun Ondarroako arraste-ontzientzat kuota hori, murrizketaren eragina ahalik eta txikiena izan dadin».

Nolanahi ere, Azkuek zehaztu du oraindik «behin betiko argazkia» ezagutzeko dagoela; izan ere, espezie batzuetan espainiar Gobernuak urtarrilaren 2tik aurrera egingo du kuotaren banaketa indibidualizatua, zuzenean arrantzontzi bakoitzari, eta orduan zehaztuko da «nola kudeatzen den batera banakako esleipenik ez duen kuota».

«Argazkia nola geratzen den ikusiko dugu eta, horretan oinarrituta, zein tresna ditugun eskura murrizketa horren eragina minimizatzeko, batez ere Ondarroako flotan», berretsi du.

Kontsumitzaileentzat, berriz, «argazkia ez da asko aldatuko aurtengoarekin alderatuta» Azkueren iritziz; izan ere, legatzaren beherakadak «zalantzarik gabeko eragina izango badu ere, gaur egun Espainiak kontsumitzen den arrain guztiaren ia %65 eta %70 inportatzen du. Eta Euskadin ere ez gara errealitate horretatik at geratzen», adierazi du.

Europako Batasunarentzat, «Nekazaritza eta Arrantza Kontseiluan lortutako akordioari esker, arrainen populazioak maila jasangarrian mantenduko dira eta itsas ingurunea babestuko da, sektorearen bideragarritasuna ere kontuan hartuta».