INFO

Erronka estrategikoei heldu nahi die LABek: aldaketa demografikoa, marko juridikoa...

Ipar Hegoa fundazioren azterlanatik abiatuta, lau erronka estrategiko nabarmendu ditu LABek: Sindikalismoan belanauldien arteko erreleboa, langile migratuak antolatzeko ahalegin espezifikoa, eremu berriak sindikalizatzea eta estatalizazioa indargabetuko duen estrategia subiranista garatzea.

Botere Sindikalari buruzko txostena aurkeztu dute LABek eta Ipar Hegoak. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Botere sindikalaren inguruko bigarren azterlana argitaratu du lpar Hegoa fundazioak 2016 eta 2023 arteko eboluzioaz. Ondorio nagusien berri emateko prentsa agerraldia egin dute astearte honetan LABeko koordinatzaile orokor Igor Arroyok eta Ipar Hegoako Edurne Larrañagak.

Arroyok nabarmendu du Euskal Herrian sindikalizazio maila handia dela eta sindikatuek lan harremanetan esku hartzeko gaitasun esanguratsua dutela. «Euskal Herrian badago borrokarako gaitasuna duen gihar sindikala eta indar horri eutsi egin diogu, sindikatuak indargabetu eta desprestigiatzeko saiakerak garaituz». Horretan, LABen ekarpena goraipatu du, «sindikalismoaren koordenadak aldatu egin dituelako, honako nortasun ikur hauen arabera: kontraboterea, izaera soziopolitikoa, independentismoa, feminismoa, antirrazismoa, ekosozialismoa».

Aldaketa demografikoak

Hala ere, azterlanak erronka batzuk azaleratu ditu. Larrañagak azterketaren datu mamitsuenak aipatu ditu. Lehenik, lan merkatuaren konfigurazioan eragiten duten aldaketa demografiko nagusiei erreparatu die: zahartze objektiboa eta migranteen presentzia esanguratsua. 45 eta 64 urte arteko langileak dira lan merkatuan proportzionalki gehien handitzen ari direnak. Zehazki, 55 urtetik gorakoak %10 izatetik %23 izatera pasatu dira azken 25 urteetan. Bestetik, espainiar Estatutik kanpo jaiotako langile kopurua handitu egin da, eta horietako gehienak aktibo moduan daude. Lan merkatuan %10 izatera iritsi dira.

Horregatik, langile migratuak antolatzeko ahalegin espezifikoa egitera deitu du Arroyok: «Gero eta gehiago dira beste herrialde batzuetatik, hamaika oztopo gaindituta, Euskal Herrira etorritako langileak. Klase elkartasunaren oinarrizko printzipioa da langile hauei guztiei harrera egitea eta pairatzen duten diskriminazioen kontra aktiboki borrokatzea». Ildo horretan, LABek ldazkaritza Antirrazista sortu eta lehen barne plan antirrazista abian jarri izana balioan jarri du Arroyok.

Marko juridikoa: «Estatalizazioari aurre egin»

Bigarrenik, marko juridikoari erreparatu dio azterlanak. Larrañagak azaldu duenez, soldatapeko langileen %85 hitzarmen kolektibo baten babespean dago Hego Euskal Herrian, baina lan hitzarmenen ezaugarrietan dago kezkarako iturria: Urte bakoitzean indarrean dauden hitzarmenak kontuan izanik, 2012an baino 51.248 langile gutxiago daude EAEn erregistraturiko hitzarmen baten babespean 2023an. Aldiz, 44.641 langile gehiago daude estatu mailan erregistraturiko hitzarmen baten babespean.

«Borroka askori esker, bertako hitzarmenen lehentasuna berrezartzea lortu dugu eta hitzarmen ugari desblokeatu; baina, 2012arekin alderatuta, euskal langile gutxiago daude orain bertako hitzarmen baten pean. Bertako hitzarmen berriak sortzeko, lanbidearteko gutxieneko soldata bertan ezarri ahal izateko eta, oro har, lan harremanetarako esparru propioa eratzeko estrategia subiranista indartzeko premia dugu», argitu du Arroyok.

Izan ere, Hego Euskal Herriko greben intentsitatea espainiar Estatukoa baino nabarmen handiagoa izan da: 2023an, kasurako, 10.000 soldatapeko bakoitzeko 3,39 greba egin ziren Hego Euskal Herrian; Estatuan, aldiz,0,43.

Eremu berriak sindikalizatu

Bestalde, azken zazpi urte hauetan ordezkaritza sindikala duten langileen kopurua hazi izana positiboa bada ere, babes sindikal eta kolektiboaren gabezia «sistemikoa eta oso larritzat» jo du azterlanak. Eskubide aitortua izan arren, langileen %41,7 dago oraindik eskubidea egikaritu gabe.

Horregatik, eremu berriak sindikalizatzeko erronka hartu du LABek bere gain. «Ordezkaritza sindikala izatea oinarrizko eskubidea bada, nola da posible euskal langileen artean kasik erdiak ez izatea ordezkaritza sindikalik? Batetik, Patronalak sindikalizazioari jartzen dizkion oztopoen ondorio da. Eta bestetik, hauteskunde sindikalak sustatu eta babestu beharko lituzketen EAE eta Nafarroako Gobernuen utzikeria ikaragarria da», salatu du LABeko koordinatzaile orokorrak.

Azkenik, sindikalismoan ere belaunaldi ordezkapena bermatzeko beharraz aritu da Arroyo: «Datozen urteetan sindikalista ugarik hartuko dute erretiroa; erretiratuta ere afiliazioari eutsi eta pentsiodunek ekarpena egiten jarrai dezaten lortzearekin batera, belaunaldi berriak sindikalizatzea funtsezkoa da».